}

Hiesa eragiten duen birusa kolesterolari esker kanporatzen da zelulatik

2001/11/21 Agirre Ruiz de Arkaute, Aitziber - Elhuyar Zientzia

Kolesterolak zeresan handia du giza immunoeskasiaren birusaren ugalketan. Zelularen mintzean kolesterolean aberatsak diren guneak desegiten dituzten botikek hiesaren birusa zelula batetik bestera hedatzea eragozten dutela ikusi du ikertzaile-talde batek.

Giza immunoeskasiaren birusak (GIBak) zelula bat infektatzen duenean, horren makinaria erabiltzen du birus berriak osatu eta zelula berrietara hedatzeko. Zelulan sartzean, birusa hainbat osagaitan banatzen da, eta, informazio genetikoa erreplikatu ondoren, berriz ere birus berriaren osagai guztiak bildu behar dira zelulatik atera ahal izateko.

Prozesu horretan birusaren Gag proteinak laguntzen du. Proteina hori birusaren ARNari, proteinei eta mintzari batzen zaie; nolabait, birusaren osagai guztiak elkarrekin lotzen ditu eta partikula birala eratzen du. Une horretan, birusak zelularen mintza bultzatzen du, eta horren pusketa bat berarekin eramanda lortzen du kanpora ateratzea.

Horretarako, Gag proteina zelularen mintzari batu behar zaio, baina ez mintzaren edozein guneri; kolesterolean oso aberatsak diren gune edo domeinuetan lotzen dira soilik (ingelesez raft deritzenak). Gune horiek egongo ez balira, birusak ezingo luke kanpora atera.

Zelulen mintzean dagoen kolesterola beharrezkoa da giza immunoeskasiaren birusa zelulan sar (A) eta atera (B) dadin.

Hori dela eta, ikertzaile-talde horrek mintzeko kolesterol-guneak murriztuz birus berriak zelulatik kanporatzea eta gehiago hedatzea eragotziko zuela pentsatu zuen, eta halaxe izan da. Gune horietan pilatutako kolesterola sakabanatuz, GIBak bere zikloa ezin duela amaitu ikusi dute, eta, beraz, partikula biralen ekoizpena asko murrizten dela.

Horretarako estatinak erabili dituzte, odoleko LDL kolesterolaren maila murrizteko erabiltzen diren botikak. Oraingoz zelulekin baino ez dute egin saioa, eta ez dirudi, oraingoz behintzat, GIBaren aurkako botika-modura erabili ahal izango denik. Izan ere, kolesterolak oso funtzio garrantzitsuak dauzka zelulan: mintz plasmatikoa antolatzen du (lipidoak zein proteinak), zelulen arteko komunikazioa ahalbidetzen du eta zelularen forma mantentzen laguntzen du, beste hainbat funtzioren artean. Beraz, kolesterol-domeinuak desegiten dituzten botikak hartzea toxikoa izan daiteke, zelulen funtzionamendu egokia eragotz baitezake.

Ikerketa honekin, kolesterol-domeinuek GIBaren zikloan duten garrantzia nabarmendu nahi izan dute. Izan ere, GIBaren zikloaren beste urrats batzuetan ere inplikatua egon daiteke kolesterola, hala nola, birusaren sarreran.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia