}

Hibernazioa, lo egitea baino zerbait gehiago

2002/01/20 Mendiburu, Joana - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Neguko hotzari eta janari-eskasiari aurre egiteko, animalia askok hibernatzen duela gauza jakina da. Eta bakarren batek pentsatuko du animalia horiek bezala mantapean sartuta igaro nahiko lukeela negua. Baina hibernatzea ‘lo egitea’ baino askoz konplexuagoa da, eta, bestela, ikusi zenbat aldaketa eragiten dizkion gorputzari.
Animalia txikiek, elikadura gordetzeko leku gutxi dutenez, hibernatuz egiten diete aurre hotzari.

Maiz, egiten duen eguraldiaren arabera betetzen edo baztertzen dira aurreikusitako asmoak. Segur aski, horregatik interesatzen zaigu egunero biharamunean zer eguraldi egingo duen jakitea eta, ahal dela, baita datozen hiruzpalau egunetakoa ere. Hibernatzen duten animaliek ez dute aurreikuspen horren beharrik izaten, baina, hala ere, ez zaie berdin aro bat edo beste bat izan. Animalia asko tenperatura hoztu orduko sartzen dira hibernazioan, baina horretarako uste baino makineria konplexuagoa jartzen dute abian.

Hibernazioa odol beroko animalien (homeotermoak) fenomenoa da. Homeotermoek, poikilotermoek ez bezala, inguruneko tenperatura aldatu arren, bere gorputzeko tenperatura egonkorrari eutsi egiten diote. Dena dela, zehatz dezagun, hibernazioan sartzen diren animalia odol-beroek, kontraesana badirudi ere, nahita nahiez jaitsi behar izaten dutela gorputzeko tenperatura.

Atmosferako hotz-beroek, beraz, ez diete hainbeste eragiten, baina, aldiz, odoleko tenperaturaren gorabehera txikiena ere nabaritzen dute. Horregatik, tenperaturaren kontrola askoz erabakigarriagoa da odol beroko animalietan odol hotzekoetan baino. Gizakiaren kasuan, esaterako, gradu batzuk jaitsiz gero, garun-zentroak funtzionatzeari utzi egiten dio eta pertsona hil egiten da. Negu guztietan, hipotermia gizaki eta animalia askoren heriotza-arrazoia da.

Lo egitea ez da nahikoa

Hartz beltzak, gorputzeko tenperatura 7ºC jaitsi eta 30ºC-tan atxikiz, denboraldi luzeak eman ditzake bere gorputzeko gantza erabiliz.

Hibernazioaren ezaugarri nagusia jarduera guztiak mantsotzea da. Bihotz-maiztasuna minutuko taupada batzuetara mugatzen da eta tenperatura organikoa ere ikaragarri jaisten da. Horregatik, hibernazioan dagoen animalia laztanduz gero, azala hotz sentitzen da. Egoera horretan animalia hilda dagoela dirudi eta, kasu batzuetan, mugimendu zakarrak ere egin dakizkioke animalia esnatu ere egin gabe.

Dena dela, badira kanpoko aldaketei erantzunez oso erraz esnatzen diren animaliak ere. Soinuak, mugimendu fisikoak eta, batez ere, tenperatura-igoerak dira animalia esnatzeko arrazoi nagusiak. Animalia esnatzen den bakoitzean, elikagai-erreserba nabarmen txikitzen da eta, beraz, hibernatzen duten animalientzat hobe da neguan egun epel tartekatuak egotea baino hotza jarraiki izatea.

Zehaztekoa da, halaber, hotz handiak hastean animalia askok jardueren erritmoa aldatzen badute ere, guztiak ez direla hibernazioan sartzen. Normalean hibernatzen duten animaliak txikiak izan ohi dira. Proportzioan, animalia handiak baino gorputz azalera handiagoa eta, elikadura gordetzeko leku gutxiago izaten dute. Hibernazioa da elikadura-erreserbak hobekien baliatzeko bidea.

Dudan jartzen da, esaterako, hartza bezalako karniboroak hibernazioan sartzen ote diren edo lozorroan baizik ez ote diren egoten. Izan ere, negua hibernazioan pasatzen duen animaliak oinarrizko beste aldaketa batzuk ere egin behar ditu; besteak beste, gantz gordelekua prestatu eta fluidoak ez izozteko mekanismoa abian jarri.

Hibernatzen ari den animalia batengana hurbiltzen bagara, hasieran ez da mugituko.

Izan ere, hibernazioan sartzeak ez du esan nahi animalia hotzetik salbu dagoenik. Babeserako lekurik gabe hibernatzen duen animaliak, tenperaturak gehiegi hoztuz gero, izozteko arrisku handia du. Horrelakorik gerta ez dadin, animalia asko estalki sendoen babesean ezkutatzen dira, eta kito!, izotz daitezela bazterrak!

Baina animalia guztiak ez dira hain sistema sinpleaz konformatzen eta batzuek nahiago dute likidoen izozte-puntuarekin jokatu. Gatza gehituz ura zero gradutan ez izoztea lortzen den bezala, animaliek ere, substantzia berezi batzuei esker fluidoen izozte-puntua jaistea lortzen dute. Horrela, nahiz tenperatura zero azpira jaitsi, ehunetan kristalak eratzea saihestu egiten da. Kristal horiek zelula-mintz hauskorra honda lezakete.

Bestalde, hibernatzen duten animalia guztiek gorputzaren erreserba-gordelekuetan gantz arre kantitate handia izaten dute. Gantz hori ugaztun askok izan ohi dute, baina batez ere hibernatzen dutenek: harritzako urtxintxaren kasuan, Citellus lateralis, gorputzeko gantzaren % 5 da gantz arrea. Gantz horren % 57 inguru sorbalda inguruan metatzen da, % 14 lepoan eta gainerako aorta-arkuan. Animalia esnatzean beharrezko energia ematen du gantz arreak eta, horren kokapena del medio laster berotzen du odol-hodi handietako odola. Funtzionatzeko modu hori manta elektriko batekin konpara daiteke.

Hipotalamoaren aginduetara

Hibernazioaren fisiologiaria buruz oraindik gauza gutxi dakigu, baina ia dudarik gabe esan daiteke prozesuaren oinarrizko kontrola hipotalamoan dagoela, bera baita jarduera automatiko gehienen zentroa.

Hotza eta elikagai-eskasia dira animaliak hibernazioan sartzeko arrazoi nagusiak.

Gainera, hipotalamoaren nerbio-zelula askok hormonak ekoizten dituzte eta, beraz, organismoaren hormona-sistemaren garuneko zentroa dela ere esan daiteke. Hibernazio garaian hormona-ekoizpena aldatu egiten dela ere ikusi da, eta hori hipotalamoak hibernaziorako duen garrantzia azpimarratzeko beste arrazoi bat da. Gainera, ikerketetan ikusi denez, hipotalamoaren lesioak hibernatzeko gaitasuna kentzen dio animaliari.

Azkenik, hipotalamoak esnatzeko garaian ere zerikusia duela ohartu dira ikertzaileak. Negu osoan lo egon eta jarduera guztiak ahalik eta erritmo txikiena izan ondoren, animalia esnatzean, gantz neutroa gastatu eta hesteen katabolismo proteikoa handitu egiten da. Pentsatzekoa da, kanpotik jasotako informazioari –batez ere, tenperatura igoerari– jarraiki hipotalamoak estimulatzen duela esnatzea.

Oraindik neguak hil batzuk ditu aurretik, eta hibernatzen ez dugunok ez dugu hotza, nola edo hala, jasatea beste aukerarik. Hibernatzen dutenei, berriz, ongi lo egitea opatzea besterik ez da gelditzen. Udaberri arte!

Landareen estrategiak

Landareek, animaliek ez bezala, inongo babesik gabe egin behar izaten diote aurre hotzari. C. Raunkiaer botanikari eskandinaviarrak ikertu zituen landareek neguari aurre egiteko erabiltzen dituzten estrategiak, eta guztira bost sailetan banatu zituen. Sinpletzeagatik, esan daiteke estrategiak landarearen gemaren kokapenaren garaieraren arabera sailka daitezkeela.

Lurretik 50 cm baino gorago kokatutako hosto-landareek beren hostoak galdu egiten dituzte eta, horrela, ur-kantitate handiak galtzea saihesten dute. Horrela, jarduera murriztu egiten dute. Noski, ez dute ahazten udazkeneko gema babestea.

50 cm bitarteko altuera duten landareek ez dituzte hostoak galtzen eta beren idortasunari esker gainditzen dute negua. Izotzari aurre egiteko gatz mineralen kontzentrazio handiaz baliatzen dira. Gainera, naturak gauzak ez dituenez erdizka egiten, landare horiek kolore ilunagoko hostoak izan ohi dituzte, horrela, eguzki-izpien berotasuna hobeto hartzeko.

Altuera txikiko landareek bi sail osatzen dituzte. Guztien helburua ahal bezainbat ezkutatzea izaten da, baina batzuek besteek baino hobeto lortzen dute. Landareok energia erroetan gordetzen dute, eta batzuk gema lurpean babestea lortzen dute.

Azkenik, hotzak hiltzen diren landareak daude. Landare horiek neguan hil egiten dira baina espezieak iraun dezan, udaberrian loratuko den hazia botatzen dute.

Gara-ko Natura gehigarrian argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia