}

Hezurrak artifizialki eraiki daitezke

2002/09/09 Orobengoa, Olatz - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Michigango unibertsitateko zientzialari-talde batek hezurra artifizialki eraikitzea lortu du lehen aldiz.

Hezurra oso ehun konplexua da eta zelula-mota askok parte hartzen dute hazkuntzan. Ehunaren baitan zati oso ezberdinak daude, eta bakoitzak ezaugarri bereziak ditu. Hezurra osatzen duen ehun kaltzifikatuaz gain, barnealdeko hezur-mamia ere kontuan hartu behar da, baita egitura zurrun osoa zeharkatzen duten odol-hodi guztiak ere.

Gure gorputzean, hezurra hazkuntza-plaka deritzon zatitik hazten da. Hezurren muturrean kokatzen da gune hori, eta bertatik sortzen da ehun berria. Gune horretan zelulek oso egitura finkoa dute. Plakaren alde batean kondrozitoak deitzen diren zelulak daude, kartilagoa sortzen dutenak. Beste aldean, berriz, kartilagoa gogortu eta hezurra sortuko duten zelulak daude, osteoblastoak. Eta hori guztia inguratu eta elikatzen milaka odol-hodi txiki daude.

Zientzialariek hezur-ehuna sortzeko gorputzak erabiltzen duen prozesua imitatu zuten. Ardien kondrozitoak eta arratoien osteoblastoak elkartu eta hazkuntza-seinale batekin batera, arratoien bizkarrean txertatu zituzten. Zelulak berez antolatu eta hazkuntza-plaka bat sortzeko gai zirela ikusi zuten. Hazkuntza-plakatik hezur berria sortu zen eta, gainera, arratoiaren odol-hodiek plaka inguratu zuten.

Saiakuntza oso arrakastatsua izan bada ere, oraindik hasi besterik ez dira egin ikerketarekin. Orain, zientzialarien helburua zelula eta ehunen aktibitatea eta antolaketa kontrolatzen saiatzea da. Hori lortuz gero, hazkuntza-plaka animalietan txertatu eta hezur berria sortzeko gai izango lirateke.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia