Elhuyar zientziaren komunikazioa

Heskaiak, hesi biziak

2006/09/01 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Harriz egindakoak harresiak dira; lurrezkoak, lubanak; zuresi deitzen zaie hesolaz egindakoei, txarrantxaz ere egin daitezke... Hesiak dira, lur-eremuak mugatzeko eta ixteko erabiliak. Beste era batekoak ere badaude: heskaiak, landare biziz eginak. Ohikoak dira Euskal Herrian, funtzio asko dituzte, eta paisaiaren ezaugarri garrantzitsuak dira. Edo zuzenagoa litzateke heskaiez lehenaldian hitz egitea? Izan ere, galtzen ari dira.

Heskaiak, hesi biziak
2006/09/01 | Galarraga Aiestaran, Ana | Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
(Argazkia: Goimen)

Heskaiak edo landare-hesiak zuhaitz edota zuhaixka biziz eginda daude. Batzuek zuhaitzak bakarrik dituzte, besteek zuhaixkak baino ez, eta askok bietatik izaten dituzte. Espezie bakarra edo anitz izan ditzakete, eta ilara luze eta mehetan edo multzotan antola daitezke. Dena, zein helbururekin jartzen diren.

Izan ere, landare-hesiek funtzio asko betetzen dituzte, eta, hala, heskaia non eta zertarako behar den, espezie batzuk ala besteak aukeratzen dira: fruitu jangarria dutenak, hosto erorkorrekoak edo iraunkorrekoak, adar ugari edo bakanak dituztenak...

Itxitura gozoak

Landare-hesien funtzioetako bat ganadua gordetzea da. Horretarako, tartean landare arantzadunak jartzen dira, eta, hartara, abereek ezin dute hesia zeharkatu. Horretan txarrantxaren parekoa da, beraz. Baina txarrantxak ez dituen zenbait onura ditu landare-hesiak abereentzat.

Eguzkiak gogotik berotzen duenean, heskaiak itzala eta freskura eskaintzen dio ganaduari. Haizea dabilenean, berriz, babesa ematen dio, % 40-50 moteltzen baitute haizearen indarra. Horri esker, haizearen eraginpean egonda baino nekezago azaltzen da errape-mina larratutako esne-behietan. Airearen bidez hedatzen diren gaixotasunetan, berriz, mikroorganismoak alde batetik bestera igarotzea oztopatzen dute heskaiek.

Landare-hesien funtzioetako bat ganadua gordetzea da. Horretarako, tartean landare arantzadunak jartzen dira, eta, hartara, abereek ezin dute hesia zeharkatu.
A. Galarraga

Gainera, landare-hesiek, egoki jarrita egonez gero, lokaztiak ez sortzen edota daudenak lehortzen laguntzen dute; ondorioz, lagungarriak dira

atzazaletako gaitzak saihesteko, sukar aftosoa adibidez. Azkenik, landareen kimu, hosto eta fruituak dietaren osagarri baliotsuak dira abereentzat, eta loreak lehengai-iturri oparo erleentzat.

Babesle eraginkorrak

Abereak ez ezik, soroak eta baratzak ere babesten dituzte heskaiek, haizetik bereziki. Horri esker, inguruko belarren haziak sartzea galarazten da, eta, hartara, ez da hainbeste herbizida behar, edo ez da hainbeste lan egin behar belar txarrak kentzen. Halaber, hazten ari diren fruta-arbolen adarrak haustea eragozten dute landare-hesiek, eta, hala, gaitzak sortzea prebenitzen da. Zekaleak ez etzaten ere laguntzen dute.

Heskaiek zaparrada gogorrak, harri-jasak eta enbatak leuntzen dituzte, eta kostaldean bereziki onuragarriak dira itsas haizeak dakarren gatza ez dadin sorora iritsi.

Heskaietako landareek hesolak edo otarrak egiteko balio dute, eta fruituak ere ematen dituzte.
Goimen

Oro har, tenperaturaren gorabeherak moteltzeko ere lagungarriak dira heskaiak. Eguzkiak gogor jotzen duenean, adibidez, soroko landareak gehiegi transpiratzea saihesten dute, eta, beraz, ez dira ihartzen. Bide batez, lurreko ura lurruntzea eragozten dute, eta gauez ihintza sortzen lagundu. Udaberrian, berriz, tenperatura altuxeagoa da heskaien inguruan, eta hori mesedegarria da laboreak hazteko. Azkenik, neguko izotzak leunagoak dira gune irekietan baino, eta, elurra egiten duenean, heskaien pean landareak babestuta daude.

Bestalde, lurralde euritsuetan, urak lurzoruko mineralak eramatea galarazten dute. Izan ere, lurzorutik iragaztean, urak magnesioa, karea, fosforoa, nitrogenoa, sodioa eta beste mineralak eramaten ditu berarekin. Mineralak lurzoruaren beheko geruzetan gelditzen dira, eta hara ez dira iristen soroko landareen sustraiak. Bai, ordea, heskaietako zuhaitzenak. Horiek mineralak xurgatzen dituzte, eta, gero, hostoak galtzean, lurrazalera itzultzen dituzte. Horrenbestez, landare-hesiek uraren eta mineralen zikloa erregulatzen laguntzen dute.

Lurzorua beste era batera ere zaintzen dute landare-hesiek: luiziak saihesten dituzte, heskaietako landareen sustraiek lurra egonkortzen baitute. Hala, euri-jasen ondorioz uholdeak sortzeko aukera gutxitzen dute, eta lokaztiak lehortzen dituzte.

Horretaz guztiaz gain, heskaiek zarata eta gaueko argi artifiziala moteltzen dute, eta haizeak dakarren hautsa xurgatzen dute. Hain zuzen, frogatu dute landare-hesiek haizeak dakarren hautsaren % 38 kentzea lortzen dutela. Eta zuhaitzak gai dira bereziki metal astunak xurgatzeko.

Landare-hesiek beste onura batzuk badituzte, bestelako baliabideen iturri ere badira eta baserritarrentzat. Batetik, heskaietako zuhaitzak zura lortzeko erabil daitezke, mailak, hesolak edo lanabesen kirtenak egiteko, adibidez. Heskaiek saskiak eta otarrak egiteko lehengaia ere eman dezakete, eta, besterik ez bada, sutarako egurra ematen dute.

Neurri batean, mekanizazioak heskaien galera eragin du.
MEC

Bestetik, heskaietako landare askok fruituak ematen dituzte: gaztainak, hurrak, intxaurrak, gereziak, udareak, masustak... Eta hainbaten loreak, kimuak edo azalak sendabelar gisa erabili izan dira antzinatik, esaterako, elorri zuriarenak, sahatsarenak edota laharrarenak.

Baserriarekin zuzenean lotuta egon gabe, inguruko animalia eta landare basatientzat ere erabateko garrantzia dute heskaiek. Espezie ugariren bizileku edo gordeleku dira, eta baita igarobide aproposak ere, soroak eta belardiak lotzen baitituzte. Gainera, utzitako lurrak leheneratzea errazten dute.

Gehiago ez galtzeko

Azken hamarkadetan, ordea, landare-hesi asko galdu dira. Nekazaritzaren mekanizazioak, hirigintzak, industriak, garraio-azpiegiturek... paisaia aldatzea eragin dute, eta, horren barruan, paisaiaren ezaugarri nabarmenetako bat, heskaiak, desagertzen joan dira.

Galera hori kezkagarria iruditu zaio hainbati, eta heskaiak babesteko eta sustatzeko egitasmoak sortu dira. Adibidez, Goimenek (Gipuzkoako Goierriko landa-eremuen garapenaren alde lan egiten duen elkartea) liburu bat argitaratu du: Zuhaitz eta zuhaiskak baserri eremuan . Landa-hesien bilakaera, nekazaritzan eta gizartearen bizi-kalitatean sortzen dituzten onurak, diseinu eta zainketarako aholkuak, landareen fitxak... biltzen ditu liburuxkak, eta zabalago azaltzen dira hemen aipatutakoak.

Paisaia zaintzeko Europako Batasunak ematen dituen diru-laguntzei esker, litekeena da heskaien galera gelditzea.
Artxibokoa

Beste herrialde batzuetan, are nabarmenagoa da heskaien aldeko jarrera, Britainia Handian kasurako. Izan ere, han ere asko galdu dira, eta ikusi dute horrek eragin kaltegarria izan duela biodibertsitatean. Horregatik, orain egitasmo sendoak dituzte heskaiak bultzatzeko.

Europako Batasunak ere hartzen ditu aintzat heskaiak. Lehen, etekin handiak lortzen zituzten nekazariak saritzen zituen; ondorioz, nekazaritza eta abeltzaintza intentsiboak sustatu zituen. Gerora, ordea, konturatu ziren ezinbestekoa dela ingurumena zaintzea. Ondorioz, orain diru-laguntzak ematen ditu nekazaritza eta abeltzaintza estentsiboak egiteko, produktu ekologikoak sortzeko, eta paisaia zaintzeko, eta horren barruan daude heskaiak. Agian, horrek galera gelditzen lagunduko du.

Espezie ugari eta askotarikoak
Gehienetan, heskaietako landareak toki hartan berez zegoen basoaren ordezkari dira, neurri batean. Basoa soiltzean, lekuan bertan hazten utzi ziren landareen oinordekoak izaten dira, edota heskaia egiteko inguruko basotik hartutako aleen ondorengoak. Nolanahi ere, kanpoko landareak ere erabiltzen dira, hala nola, ahabia, andere-mahatsa, erromeroa...
Gaztainondoa
(Argazkia: A. Galarraga)
Landare autoktonoen artean, neurri eta ezaugarri askotakoak erabiltzen dira. Zuhaitzetan, esaterako, enbor luzekoak eta txara bereizten dira. Lehengoak 12-20 metro luze izatera iristen dira, eta 3-4 metrotik gora hasten dira adarkatzen; horien adibide dira haritza eta pagoa. Txara, berriz, beheragotik hasten da adarkatzen eta 8-12 metroko altuerara iristen da. Zuhaitzak hainbat urtetik behin moztuz lortzen da behetik adarkatzea, eta, besteak beste, gaztainondoa eta astigarra erabili izan dira horretarako.
Zuhaixkak ere garaieraren arabera bereiz daitezke: garaienak (elorri zuria, erramua) 5-6 metro izatera iristen dira, eta txikiak (zuhandorra, basaerramua) ez dira hazten bizpahiru metro baino gehiago.
Heskaien aurka?
Heskaiek onura ugari dituzten arren, zenbaiten ustez eragozpenak ere badituzte. Esate baterako, nekazaritzarako edo abeltzaintzarako azalera gutxitu egiten dute. Hala ere, galera ez da oso handia, % 2-5ekoa, eta, gainera, kontuan hartu behar da etekina areagotzen dutela.
Batzuen iritziz, lurzoruan ura, argia edo mineralak urriak direnean, soroko edo belardiko landareek heskaietakoen aurka lehiatu behar dute baliabideak lortzeko. Alabaina, lehiatu ez, baizik lagundu egiten dute askotan, heskaietako landareek sakonegi dauden ur eta mineralak azaleratu baititzakete.
Beste hainbatek piztien gordeleku izatea egozten diete. Baliteke noiz edo noiz hala izatea; normalean, ordea, harraparien eta harrapakinen artean oreka egoten da, eta oreka horrek gaitzak eta izurriak galarazten laguntzen du.
Hori bai, ukaezina da landare-hesiak landatzeak eta zaintzeak lana ematen duela, baina beste era bateko itxiturak zaintzea ere lana da. Izatekotan, bi jaberen lurren artean dauden heskaiak zaintzeak sor ditzake arazoak, jabeak ez badaude ados egin beharreko lanetan edo heskaiaren ezaugarrietan. Baina hori ez da heskaiaren erruz, ala?
Galarraga Aiestaran, Ana
3
223
2006
9
039
Ingurumena; Nekazaritza; Abeltzaintza
Artikulua
50

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Saioa hasi

Erabiltzaile-izenik ez baduzu, eman izena

Pasahitza ahaztu zait

Jarraitu Zientzia.eus

Gehitu zure bloga

Zientzia app

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzula. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak (Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak) diruz lagundua

Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
Gipuzkoako Foru Aldundia