Elhuyar zientziaren komunikazioa

Heriotza Ibarra, desolamenduaren eremua

1999/06/01 Altonaga, Kepa - EHUko biologia irakaslea Iturria: Elhuyar aldizkaria

Itoiz taldekoek "Desolatio" kanta ederra jotzen dutenean, Juan Carlos Perezek Bernardo Atxagaren hiztegiak berba horren gainean dinoena abesten digu: "...bere esanahiak direla, bakardade, ruina, hondamen". Eta bai kantatzen ditu Atxagaren hiztegiak ez dakartzanak ere: "Baina ez dio ezer kaletik doan jendearen bihotzetaz; ez dio ezer zutaz eta nitaz, gartzela edo koarteletako patiotaz...". Azken puntu suspentsibo horiek geureak egingo ditugu Heriotza Ibarra bertan inkluditzeko, desolamendua baita hango ikuspegi ezinago idorrari egokien doitzen zaion hitza, eta seguruenez beste edozein basamorturi baino gehiago.

Death Valley

Irudi honek Heriotza Ibarraren ikuspegi orokorra damaigu hegotik, alegia, itsas mailan dagoen Mormon Point-etik iparralderantz. Ezkerrekoak Panamint mendiak dira, eta eskuinekoak Amargosa mendiak; bien artean gatz-zelai zabal eta mortuak.
P. Raento

Heriotza Ibarra entzuteaz batera burura datorkigun irudia, westernetan sarri erakutsi dizkiguten horietarikoren bat izaten da: basamortuko harea kiskalduetan erdi ehortzitako
behi-kaskezur zurituen parean, zalgurdi galdua nekez doa aurrera, eta barrandan segika larrugorri-aldra bat, musuzurien kalparrak lehen egokieran larrutzeko prest; bitartean zeru goian sai arreak erakan dituzu. Irudia ez da oso gogobetekoa, baina, tira. Izan ere, Death Valley oztopo beldurgarria izan zen 1849ko Urre-Arrapaladan, hogeita hamar meatzarik Kaliforniaranzko bide laburragoa bertatik bilatu zutenean; hamazortzi iritsi ziren, soilik. Lurraldearen izena, Death Valley (= Heriotza Ibarra), jazokume horretatik ei dator, nahiz eta bertan, dirudienez, meatzari bakarra hil.

Heriotza Ibarra Kaliforniako hego-ekialdean dago kokatuta, Nevadako mugan. Izatez, Great Basin Desert lurralde zabaleko partea da, eta beraz, Nevada, Utah, Arizona, New Mexico eta hego-ekialdeko Kaliforniako basamortuko berezitasun batzuk ditu; alde ekologikotik Heriotza Ibarreko landare eta animaliak Mojave basamortuko ordezkariak dira. Alabaina, Heriotza Ibarra bakarra da alde askotatik, izan ere, beraxe baita Ipar Amerikako tokirik baxuena, beroena eta lehorrena. Berezko edertasunari interes zientifikoa gehitu behar zaio, ikusiko dugunez.

Gaur egun, Death Valley parke nazionalak 13.500 km 2 ditu, hau da, Nafarroa eta Araba biak batera baino gehiago, eta eurotatik 1.400 km 2 itsas mailaren azpitik daude. Estatu Batuetako parke nazionalik zabalena da, Alaskakoak aparte, eta urteko ia milioi bat bisitari hurbiltzen da bertara.

Heriotza Ibarra bera 6 eta 26 km artekoa da zabaleraz, eta 225 km ditu luzeraz; mendi larrutu eta kolore bizikoez inguratuta dago, jatorriz bolkanikoak. Mendebaldean kokaturiko Panamint mendilerroak ez du Pazifikotiko haize hezeak pasatzen uzten, eta garaiera maximoa
3.367 m-ko Telescope mendian du. Ibarreko ekialdean Amargosa mendilerroa dugu, eta bertatik abiatzen da Amargosa erreka, baina erabat lehor egoten da ia beti, bertako gaineratiko ubideak bezala.

Heriotza Ibarreko mendi biluzi-larrutuek agerian dituzte eraiak, edonoren begi aurrean. Kolore bizikoak eta kontraste bortitzekoak, beste planetaren batekoak dirudite, Marteko apika.
P. Raento

Udako tenperatura 50 ºC-tik gorakoa izaten da gerizpean, eta 1913an 56,7 ºC-koa erregistratu zuen Zerbitzu Meteorologikoak, Estatu Batuetan inoiz iritsi den tenperaturarik altuena. Bestalde, urteko batez besteko euri-jasa
3,8 cm 3 -koa da itsas mailatik beherako guneetan, eta 38 cm 3 -koa inguruko mendirik altuenetan.

Ibarreko behealde gehiena gatz-zelaiez estalia da, zeharo landaredibakoa, eta ur-putzu gaziez inguratua. Gorago, harea eta gatza nahasian agertzen dira, zenbaitetan dunak eratuz. Gaur egun ezinago lehor delarik ere, Heriotza Ibarra urez beteta egon da iraganean. Esate baterako, orain 2.000 urte sakoneraz bederatzi metroko aintzira batez zegoen estalita ibarra, eta Pleistozenoko Wisconsin glaziazioan, orain 10.000 urte, lakuaren sakonera ia 200 m-koa izan zen. Aintzira horren lurrunketaren ondorioz sortu dira bai gorago aipatutako gatz-zelai zabalak eta bai beste zenbait egitura geologiko ere, kasurako, hondartza fosilak.

Parke nazionalaren garapenari dagokionez, zenbait mugarri aipa daitezke historiaren aldetik. Hoover presidenteak monumentu nazional gisa aldarrikatu zuen 1933an, 7.082 km 2 babestuz. Geroago, 1937an Roosevelt presidenteak Nevadako aldea erantsi zion monumentuari, beste 1.214 km 2 erantsiz. Bestalde, Truman presidenteak 1952an Devil's Hole-ko 16 hektareak izendatu zituen monumentuko atal, nahiz eta gune nagusitik aparte eta urrun samar egon, hango
Cyprinodon diabolis
arrain endemiko urria babestuta mantentzearren. Biosferako Erreserba gisa onartu zuen Nazio Batuen Erakundeak 1984an. Azkenik, 1994an Clinton presidenteak beste 5.261 km 2 gehitu zituen, eta monumentuari parke nazionalaren kategoria esleitu zion. Esan gabe doa, azalera horretan basamortuko ikuspegi liluragarriak, bizidun arraroak, geologia korapilotsua, ukitubako natura eta lekune interes historikodunak aurkitzen dira.

Basamortuko arrain endemikoak

P. Raento

Gehien-gehienetan ibarreko zorua dirdiratzen egoten da beroaren beroaz. Zerua urdin bizia da eta airea gardena oso, halatan non urrutikoa hurbildu-edo egiten baitzaio begiari. Urteko sei hilabetetan zehar bero kupidabakoak kiskaldu egiten du Heriotza Ibarra, eta urteko beste erdian leundu egiten da apur-apur bat beroaren erasoa. Euriak oso nekez gainditzen ditu mendebaldeko mendiak, baina iritsitako ur-tanta bakanek bizi-indarra damaiote Heriotza Ibarrari, eta bat-batean lorarazten.

Ingurunearen laztasuna eta zorroztasuna gorabehera, milatik gora landare-espezie bizi dira Heriotza Ibarra parke nazionalaren barrutian, eurotariko hirurogei bat endemikoak izanik. Zer esanik ez, ibarreko alde sakonenetan bizi direnak basamortuko baldintzetara moldatuta daude. Kasu batzuetan, sustraiak sakonki ehorzten dira, hamar aldiz-edo gizaseme baten luzera. Beste batzuetan, sakondu barik baina alde guztietarantz hedatzen den erro-sistema dute. Gehienetan,
izerdi-lurrunketa minimizatuko duen azal gotorra edukiko dute landareok. Nolanahi ere, gradazio bat dago, gatz-zelaietako landare mikroskopikoetatik hasi eta mendi-tontorretako ipuru eta pinuetaraino.

Era berean, hainbat animali espezie moldatu dira "muturrean" bizitzera, eta are eta abantaila lortu dute ere. Bertako animalia guztiak gauekoak dira berorik goriena saihestearren, halandaze, nekez ikusten dira eguargitan. Ornodunetara mugatuz, eta 1933tik aurrera bildutako behaketak kontuan hartuz, ondokoak zerrendatu dira: sei espezie arrain, bost espezie anfibio, 36 espezie narrasti eta 51 espezie ugaztun; bestalde, 200etik gora hegazti-espezie mugitzen da Heriotza Ibarretik, baina soilik gutxi batzuk dira bertako biztanle.

Gatz zelaietatik kanpo, zorua oso hareatsua da, eta harritsua, landrez ia erabat soildua.
P. Raento

Besteak beste, oso deigarri suertatzen da basamorturik idor eta gazienean sei espezie arrain aurkitzea. Areago, eurotarik bost endemikoak direla jakitea. Dena dela, fenomeno ulergaitz horren azalpena gorago aipatu dugun historia geologikoan aurkitu da. Behinolako aintzira handia lurrundu zelarik, gelditu diren ur-putzu azalak jatorrizko habitataren aztarna gaziak ditugu. Aintzira lurrunduz zihoala espezieak suntsitu egin ziren, edo, gutxi batzuk, isolatuta gelditu ziren putzu bakartuetan. Zenbaitzu moldatu egin ziren egoera berrira, eta eboluzionatu ere, subespezie eta espezie berriak sortuz. Horietariko bakoitza ingurune txikertu eta mugatuan bizi da, eta euren populazio urriak arrisku iraunkorrean daude. Horixe da Cyprinodon generoko arraintxoen kasua, edo, beste adibide baterako, Assimnea ur-marraskilo nimiñoena. Hortaz, Izotz Aroko erlikiak direla esan genezake.

Argi dago, ba, bizidunak ez direla falta Heriotza Ibarrean, izenak beste zeozer iradoki arren, edota gure begiak ezer gutxi somatu arren.

Heriotza Ibarreko shoshoneak

Mendeetan zehar, shoshone tribuko timbisha herria izan da Heriotza Ibarrean bizitzen ausartu den bakarra, eta indiar horiek ere udako bero itogarria mendi goretan ematen zuten. Gaur egun, lurralde barik eta suntsitzear daude.

Heriotz Ibarreko Badwater famatua da, besteak beste, Ipar Amerikako gunerik baxuena izatearren: 86m itsas maila azpitik. Bestalde, itsasokoa baino gaziagoa den "ur gaizto" horretan Assmnea Infima marraskilo nimiñoa bizi da, gatz-zelai inguruko ur horretantxe bakarrik eta beste inon ez hau da endemikoa da, eta fosil bizitza jo ohi da. Aurrez aurre Pnamint mendiak.
P. Raento

Izatez, timbisharrak Heriotza Ibar inguruko 45.000 km 2 -tan zebiltzan harat-honat, ingurune eskas horretako baliagaiak biltzen.Baina, 1933tik aurrera, hau da, Death Valley monumentu nazionala izendatu zenetik aurrera,
16 hektareako lurraldera hertsatuta daude, Indian Village-ra hain zuzen. Bertan, 50 lagun bizi dira-edo, batez ere bertako basozainen arropak garbituz edo turistei otzarak-eta salduz. Denetara
300 dira, baina, parkeko barruti ziztrin horretan ezin dira mantendu, ez baitago bizimodu modernorako aukerarik eta bizimodu tradizionala, hau da, bilketa eta ehiza, debekatuta baitaukate.

Aspaldi honetan auzitan sartuta daude timbisharrak eta Parke Nazionalen Zerbitzua. Indiarrek parke barruan 3.000 km 2 eskatu dituzte erreserbarako, horrela berreskuratuz euron ehiza-barruti,
ehorzketa-gune, iturburu ezkutu eta esangura espiritualeko bazter sakratuak. Ostera, Parke Nazionalen Zerbitzuak 44 km 2 eskaini dizkie, hiru ataletan banatuta eta parkearen lurraldetik at.

Auzia oso korapilatsua da, Clinton-ena bezainbeste, baina, itxuraz, aurten ebatziko da. Hortik zehar zabaldu denez, interneten-eta, badirudi indiarrak parketik kanpo aterako dituztela laster batean, gaineratiko parkeetan legez. Askotxo sinplifikatuz, arrazoi bi daude horretarako. Batetik, askoz errazagoa omen da gizaki basatirik gabeko parke baten kudeaketa, gizakiak dituena baino, ‘salbaiak’ arazo-iturri etengabea ei dira-eta. Bigarrenik, eta mizto gaiztoek dinotenez, goi-esferatan ez zaie barkatu timbisharrei, Panamint aldean Canyon Resources Briggs Corporation delakoak urre gorria ustiatzeko garatutako planaren kontra legez joatea, geldiarazteko asmoz.

Izan ere, korporazio hori sekulako urre-meategi irekia eraikitzen ari da, parke-mugatik kanpo milia bitara soilik eta timbisharren lurralde antzestralean. Meako urrea zianuro bidez askatuko da, zianurazio deritzon metodoa erabiliz. Horrela, hurrengo zortzi urtean espero diren 600.000 ontza urre gorri erauzteko, prozesurako beharrezkoa den
ur-horniduraren arazoaz gainera, zianurozko hondakinen tonak milioika pilatuko dira inguruotan, pozoi hilgarri hori edonora zabaltzeko arriskuagaz batera, Montanako Blackfoot River-en oraintsu gertatu bezala. Greenpeace ere projektuaren aurka aritu da.

Auziaren ebazpena ezagutu barik ere, badago egin daitekeen lehen iruzkin-parea, Parke Nazionalen Zerbitzuaren jarrera ikusita. Lehenengo eta behin, kontu honek guztionek hankaz gora utzi du Parke Nazionalen Zerbitzuko irudi onkotea, sarritan Yogi, Boo-boo eta basozainekin identifikatu dena. Eta bai ukitu du ere, Clinton-en administrazioa bera, Monica Lewinskyren kasuaren neurriraino iritsi ez bada ere, jakina. Bestalde, eta kontserbazio kulturala aintzat hartuta, oso ironikoa da ikustea norainoko ardura-gabezia erakusten duen Zerbitzu horrek, tribu baten eta bere lurraldearen arteko loturaren garrantzia dela-eta. Ironikoa oso, kontuan hartuta Parke Nazionalen Zerbitzuak helburutzat duela, Estatu Batuetako balioen kontserbazioaren jagolea izatea.

P. Raento

Ebazpena timbisharren aurkakoa izango dela itxaroteko beste arrazoi bat jurisprudentziarena da, izan ere, hainbat tribu daude epaiaren zain. Aldekoa balitz, ia parke nazionaleko tribu bat dago bere lurraldearen gaineko eskubideak erreklamatzekotan. Igurikitzen daude, esaterako, Hualapai indiarrak Colorado ibaiko Arroila Handian birkokatzeko, edo Navajo herria Canyon De Chelly-ra berriro sartzeko, edo Idahoko shoshoneak Yellowstone-n ehizatzeko, edota Montanako oinbeltzak Glacier National Park-en. Dozenaka dira denetara, hau da, apika gehiegi Heriotza Ibarrean txorrota irekitzeko.

Bat-bateko hiriak eta mamu hiriak

Heriotza Ibarreko meatzaritza Kaliforniako Urre-Arrapaladaren ondoren orpoz orpo etorri zen, 1849tik aurrera. Besteak beste, urrea, zilarra, kobrea, beruna eta boraxa aurkitu izan dira nabariki. Hasieran gatx eta lantzean behingoa izan zen menasta horien ustiaketa, batez ere, teknologia eraginkorraren faltaz, ur eta erregaien urritasunaz eta garraioaren zailtasunaz.

Nolanahi, abiapuntuko lehen urrats hauek nahikoa izan ziren bertako shoshone timbisharren bizimodu tradizionala hankaz gora botatzeko, zeren, batetik meatzariek iturburuak bereganatu baitzituzten, eta bestetik, mendietako pinuak bota baitzituzten zuraz hornitzeko, eta indiarrak jateko pinazirik gabe suertatu ziren.

Hala ere, 1900etik aurrera arreta berezia jarri zen urre gorri eta urre zuriaren ustiaketan eta horrek eskala handiko operazioak ekarri zituen. Izan ere, bat-bateko hiriak (boom towns) sortu ziren meategi garrantzitsuen inguruan, eta handik laburrera, hiruzpalau urtetan, desagertu egin ziren berehalakoan, sortu bezala, lurralde osoa mamu hiriez (ghost towns) josita utziz.

Ikuspegi honeta Heriotza Ibarra dugu iparraldetik hegorantz behatuta. Ezkerrean Amargosa mendiak ditugu eta urrunean lasaia dirudien hori gatz-zelai kasik amaibakoa da.
P. Raento

Horrelakoxeak dira ondoan zerrendatuko ditugun batzuk, eta Kalifornia eta Nevadan barrena dauden beste hainbatzuk: Ballarat, Chloride City, Greenwater, Harrisburg, Leadfield, Panamint City, Rhyolite, Skidoo...

Rhyolite izan zen garrantzitsuena, izan ere, une gorenean 10.000 bizilagun eduki zituen, Nevadako orduko hiririk handiena bilakatu zelarik. Heriotza Ibarreko Hiri Erregina zeritzoten. Laburtuz, kontua honelakoa izan zen: Shorty Harris-ek urre gorria aurkitu 1904an, eta hiria bat-batean hazi zen, 1905-1911 tartean eliza bi eta 50 saloon eduki zituelarik, eta bai, hotelak, dendak, 250 umerentzako eskola, zortzi mediku, dentista bi, opera bat, izoztegi bat... Elektrizitatea 1907an iritsi zen Rhyolitera, baina baita ikara finantzarioa ere, eta hortik aurrera hiria beherantz joan zen, harik eta 1911n meategi garrantzitsuena itxi arte. Azkenik, 1916an argindarra moztu zuten, gaur eguneko mamu hiri biztanlebakoa gelditu delarik.

Heriotza Ibarrari monumentu nazionalaren kategoria esleitu zitzaionean 1933an, meatzaritza geldiarazi egin zen, baina, luze barik hasi zen berriro. Orduz geroztik, gehienez erregulatu egin da parke barruko jarduera, eta murriztu, edota, beste batzuetan mugak egokitu dira-edo, meategiak parketik kanpo gera zitezen, baina oraindik ez da erabateko debekurik etorri. Oso deigarri suertatzen da kontu hori: lagun batek ezin du harri koskor bat koiu; korporazio batek, ostera, tonaka ustia dezake.

Heriotza Ibarreko euskalduna

Delako euskaldun hori ez zen Eibarrekoa jatorriz, Onizepiako zuberotarra baino. Izen-deituraz Jean Pierre Aguerreberry genuen, 1874an sortua, eta hamabost urte zituela aitaren baimena lortu zuen itsasoaz haraindira joateko Arnaud anaia zaharrarengana, Kaliforniako mahasti, baratze, etxalde, arrantxo eta urre-meatze ederrekin luzaroan amets egin eta gero.

Antzerako ametsa makina bat euskaldunek zuten egina, hainbateraino non, Los Angelesen bazegoen izparringi bat argitaratzen hasteko beste euskaldun. Izatez, hiri horretan Escualdun Gazeta agertu zen 1885ean, "munduko lehemisiko escualdun gazeta", estraineko zenbakiaren aurkezpenean irakur daitekeenez.

Irudi honetan Pete Aguereberry dugu, bere Amerikako joan-etorriak eta gorabeherak kontatzen dizkigun liburuaren azalean. Liburua ezinago atsegin suertatzen da, eta sarritan sinestezin: handia da gero, hamaikatxo westernetan ikusitakoak euskaldun bati gertatzea!

San Frantziskora iritsi 1890ean eta handik zazpi urtera
amerikano-paperak lortu zituen Jean Pierre Aguerreberryk. Hainbat ogibidetan aritu zen Kalifornia eta Nevadan barrena: lehenik pilotari, gero artzain, laborari, ardo-saltzaile, esne-karrosazain, horma-saltzaile, ur-karreatzaile eta, azkenik,
urre-bil(a)tzaile. Bitartean, ingelesa ikasteko borroka latzari ekin zion. "Pete" soilaz zuten ezagutzen bere adiskideek, edo "Pete Frantsesa" lehenago. Deiturak ere aldaketa nimiño bat jaso zuen, Aguereberry bilakatuz.

Esan bezala, azkenean urre-bilatzaile egin zen, eta bai
urre-biltzaile suertatu ere. Nevadako Goldfield herrixkan abiatu zen Peteren bizitzaldi hori, 1902an. Geroago, Rhyolite-ra joan zen 1905eko primaderan, mamu hiri horren haurtzaroan, baina ez zen bertan luzaro gelditu. Hurrengo ekainean Rhyolite utzi eta Heriotza Ibarra ekialdetik mendebalderantz zeharkatzen ahalegindu zen bere astoekin, baina saioan hil egin zen, ia, egarriaren egarriaz eta
eguzki-zinkaz. Dena dela, hilabete beranduago Shorty Harris-egaz batera Ballarat bat-bateko hirirantz doala, oso itxura oneko
mendi-mazela arakatu zuen, eta areago, urre gorria aurkitu ere.

Abuzturako bazeuden hogei talde urre bila inguruetatik. Hirurehun bat lagun kokatu ziren kanpamentuan, gerora Harrisburg izenaz ezagutuko zena. Hasieran Shorty eta Petek Harrisberry izendatzea pentsatu zuten, baina antza denez, Shortyk aldatu egin zuen aurkikundearen kontakizuna.

Nolanahi ere, Petek mendixkaren iparraldea eskuratu zuen, eta bertan Eureka meategia zulatu. Meatzari lanean aritu zen hurrengo hogei urteetan, harik eta 1930ean osasunaz makal aurkitu arte. Azken aldian ilobak pixka bat lagundu bazuen ere, Eureka meategia Petek zulatu eta ustiatu zuen, bakar-bakarrik. Alboko etxola batean bizi izan zen ia berrogei urtez. Gerora meazulo hori garrantzitsu bihurtu da hain urri den Townsend saguzar belarriluzearen hibernaziorako ( Plecotus townsendii ).

Western filmetan gertatu ohi diren hainbat eta hainbat pasadizo bizi izan eta gero, Pete Aguereberry 1945ean zendu zen, guztiz argitu gabeko moduan, eta Kaliforniako Lone Pinen dago ehortzita. Alabaina, Peteren gomuta bizirik mantentzen da, zeren, Eureka meategi inguruan Heriotza Ibarreko ikuspegirik ederrenetarikoa duen behatokia baitago, alegia, mapetan Aguereberry Point deritzona, milaka bisitarik gozatzen dutena, Petek berak egin bezalaxe.

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Saioa hasi

Erabiltzaile-izenik ez baduzu, eman izena

Pasahitza ahaztu zait

Jarraitu Zientzia.eus

Eduki gehiago

Gehitu zure bloga

Zientzia app

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzula. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak (Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak) diruz lagundua

Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
Gipuzkoako Foru Aldundia