}

Helios hegazkinaren istripua

2003/07/01 Elhuyar Zientzia

Azken urteotan garatzen ari den Helios hegazkinak istripua izan du Hawaiko Kauai irlan. 30 minutuko hegaldiaren ostean izan du istripua, NASAkoek arrazoia zein izan den oraindik ez badakite ere.

Eguzki-energiaz baliatuz hegan egingo duten hegazkinen prototipoa da Helios, eta, horretarako, eraginkortasun handiko eguzki-zelulak ditu gainazalean. Lurrarekin talka egin zuenean, sistema berri bat ari zen probatzen, eguzki-energia gorde eta gauez ere hegan egin ahal izateko. Izan ere, energia metatzeko sistema egokia aurkitzea behar-beharrezkoa da hegazkin hauen helburua lortu ahal izateko, bestela argirik gabeko orduetan hegazkinek lur hartu beharko bailukete.

Ikatz-zuntzez eta grafitoz egindako hegazkinak dira eta, hortaz, arin-arinak. 1,080 kilogramoko pisua dute, nahiz eta 75 metro zabal diren. Dagoeneko hegazkin arruntek baino askoz ere altuera handiagoa lortu dute (29.5 km) eta, eguzki-energia metatzeko sistema egokia lortutakoan, hilabete luzez hegan egiteko diseinatu dituzte. Batetik, hegazkin hauek sortzea sateliteak espazioan edukitzea baino merkeagoa delako eta, hortaz, kostu txikiko telekomunikazio-plataforma modura erabili ahal izango direlako. Bestetik, piloturik ez badute ere, Helios hegazkinen ibilbidea Lurretik kontrolatu eta nahi bezala alda daitekeelako.

Irudi gehiago ikusi nahi izanez gero, egin klik hemen.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia