}

Hego Euskal Herrian, % 4,4k ditu antigorputzak koronabirusarekiko

2020/05/14 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

hego-euskal-herrian-44k-ditu-antigorputzak-koronab
Espainiako gobernuaren lehen azterketa serologikoaren emaitzak.

Espainiako azterketa serologikoaren lehen txandaren emaitzek erakutsi dute Espainia oso urruti dagoela talde-immunitatea izatetik. Hain zuzen, % 5 inguruk eman du positibo testetan, eta talde-immunitatea izateko populazioaren % 60-70 gutxienez egon behar da immunizatuta, bai infekzioa igaro eta antigorputzak sortu dituelako, bai txertoa hartu duelako (ez dago txertorik COVID-19tik babesteko).

Epidemiologoak azterketa serologiko horren emaitzen zain zeuden, SARS-CoV-2aren infekzioa asintomatikoa denez kasu askotan, galdegai zelako zenbaterainoko prebalentzia izan duen pandemiaren lehen kolpeak. IgG antigorputzen detekzioaren bitartez, jakin dute zer ehunekok izan duen infekzioa eta antigorputzak sortu dituen. Emaitzak baieztatzeko eta osatzeko, beste bi txanda egingo dira.

Emaitzen arabera, Hego Euskal Herrian, % 4,4-koa da seroprebalentzia: Araban % 7,2; Nafarroan % 5,8; Bizkaian % 3,9; eta, azkenik, Gipuzkoan % 2,8. Guztira 7.350 pertsonari egin diete test azkarra, eta haien emaitzak populazio osora estrapolatu dira.

Datuen arabera, emakumeen eta gizonen artean ez dago alde handirik seroprebalentzian. Aurrez PCR-testen batean posibito emandakoen % 87k bazituen antigorputzak. Susmoa zutenen artean, berriz, zenbat eta sintoma gehiago izan, orduan eta aukera gehiago antigorputzak izateko. Askok (% 43k) usaimena galdu zuten. Bestetik, sintomarik gabeko % 2,5ek positibo eman zuen. 

Oro har, Espainiako hiri handietan (100.000 biztanle baino gehiagokoetan) prebalentzia handiagoa da herrietan baino: % 6,4. Adin-taldeei dagokienez, haur eta gazteetan seroprebalentzia txikiagoa da helduetan baino, eta helduetan, adin-tarte guztietan antzekoa da ehunekoa. Lan-egoerari erreparatuz gero, jubilatuetan eta lanean ari direnetan, ehunekoa batezbestekoa baino zerbait handiagoa da ( % 6,1 eta 5,8)

Frantzian, Science aldizkarian maiatzaren 13an argitaratutako ikerketa baten arabera, seroprebalentzia % 4,4koa da. Espainian bezala, diferentziak daude lurraldeen artean, eta Ipar Euskal Herria da infekzioa gutxien hedatu den lurraldeetako bat. Ikertzaileek ohartarazten dute bigarren olatu bat izateko arriskua dagoela. Hori bai: pandemia hasi zenetik, asko da bidean ikasitakoa.

 

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia