}

Hegazti hiztunak

1999/11/01 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Nork ez du inoiz jaso bizilagunaren balkoitik loro batek botatako hitz ederrik? Kuriosoa da benetan txori horiek giza hizkera imitatzeko duten gaitasuna. Dirudienez, bokal eta kontsonante bakoitzaren maiztasun-patroia imitatuz lortzen dute gizakion antzera hitz egitea.

Arizona Unibertsitateko (Tucson) Irene Pepperberg etologoak eta honen ikerketa-taldeak, Alex, ingelesez hitz egiten duen hezitako afrikar loro grisa X izpien bitartez aztertu dute. Hitzak osatzeko, Alex-ek gizakiaren antzerako estrategia erabiltzen omen du. Siringean bibrazioa sortu eta, ondoren, eztarria, ahoa eta mingaina erabiliz bibrazio hori eraldatzen du nahi duen soinua sortzeko. Adibidez, zabalago irekitzen du mokoa "ee" batentzat "ah" batentzat baino, eta seguruenik gehiago aurreratuko du mingaina. Baina Alex-ek ez du ez hortz ez ezpainik, kontsonanteak sortzean oso beharrezko organoak. Hala ere, Alex gai da kontsonanteak osatzeko, nahiz ikertzaileek ez dakiten oraindik nola. Ustez, "b"-a sortzeko hestegorriaz baliatuko litzateke loroa.

Papagaitxoek ere, loroaren familiako hegazti txikiagoek, badute giza hizkera imitatzeko gaitasuna, baina arazoak dituzte soinu baxuenekin. Flauta txikiek duten tamainagatik nota baxuenak sor ez ditzaketen bezala, papagaitxoek ere neurri-arazoa dute. Entzunak izan ahal izateko, frekuentzia altuetara jo behar dute txoriek. Giza ahotsa imitatzerakoan, AMko (amplitude modulatuko) irratiek erabilitako teknika antzeratsua erabiltzen dute papagaitxoek: siringean 2 edo 3 kilohertz-etan dabilen oinarrizko bibrazioa sortu eta, ondoren, ustez siringean sortzen duten bigarren bibrazio bat erabili hasierakoa modulatzeko. Bi bibrazioen arteko konbinazioekin frekuentzia gehigarriak sortuz, giza soinuak imitatzeko gai dira papagaitxoak.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia