Haserrea, proteina eta arazo kardiobaskularrak
2004/11/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Susmo sendoa zegoen lehendik ere, baina adituek geroz eta lotura zuzenagoa ikusten dute haserrearen eta bihotzeko gaitzen artean. Duke Unibertsitatean (AEB) egindako azterketa batean, haserretzeko joera C-erreaktibo proteinarekin (CRP) lotu dute. Eta, aditu askoren ustean, proteina hori kolesterol-maila baino adierazle hobea da bihotzeko gaitzak izateko arriskua neurtzeko.
Azterketarako 18 eta 65 urte bitarteko 127 lagun hartu zituzten, guztiak osasuntsuak. Eta, batetik, hiruna test bete zituzten depresio-, haserre- eta erresumin-emozioen egoera ezagutzeko; eta, bestetik, odoleko serumeko CRP-maila neurtu zieten.
Bi datu-multzoak alderatuta, ikusi zuten emozio negatiboz jositako lagunek bi edo hiru aldiz CRP gehiago zeukatela alaienek eta baikorrenek baino, eta, horrenbestez, bihotzeko gaitzak izateko arrisku handiagoa zeukatela.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia