}

Hamargarren planeta?

1989/01/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Gure Eguzki-sistemari bederatzi planeta ezagutzen zaizkio. X planeta aurkitzeko saio batzuk egingo dira Pioneer 10 zunda espaziala erabiliz.

Hauetako gehienak antzinatik ezagutzen dira eta aurkitu den azkena, Pluton izenekoa, 1930.eko hamarkadan aurkitu zen. Astronomo askoren ustetan gure Eguzki-sistemak badu gutxienez beste planeta bat, nahiz eta hau oraindik aurkitua izan ez. X planeta aurkitzeko saio batzuk egingo dira Pioneer 10 zunda espaziala erabiliz.

Pioneer 10

1972.eko martxoan jaurtia izan zen Jupiter eta asteroide-gerrikoa aztertzea helburu nagusi zuelarik. Egun Eguzkitik 7,7 mila milioi kilometrora (45 unitate astronomikora) dago, eta duela bost urte, ezagutzen dugun Eguzki-sistemaren muga gainditu zuen.

Argiaren abiaduraz higitzen diren irrati-uhinek 12 ordu eta 26 minutu behar dituzte Lurretik zundaraino iristeko. NASAk Californian duen Ames Research Center eko ikerlariek daramate untziaren kontrola eta uste dutenez beste hamar urtez iraungo du seinaleak igortzen.

Pionner 10
zunda.

Gure sistema utziko duen lehenengo giza objektua izango da eta etorikizunean beste izaki inteligenterik topatuko balu, nor garen adierazten duen plaka bat darama fuselaian itsasirik.

Pioneer 10

eguzki-haizea (eguzkiari darizkion kargatutako partikulak) neurtzen ari da oraindik. Zientzilariek ez dakite eguzki-haizea noraino hedatuko den. 45 unitate astronomikoko distantziaraino hedatzen dela badakite egun eta muga 50-100 unitate astronomikoren artean egon daiteke. Beraz, Pioneer 10 ek muga hori detektatu ahal izango duela espero dute.

Joan berri den abenduan zunda grabitate-uhinak detektatzeko saio batzuk egiten aritu da (emaitzarik ez dugu ezagutzen oraindik). Grabitate-uhinak Einsteinek aurresan zituen erlatibitatearen teoria planteatzerakoan, baina ez dira inoiz aurkituak izan.

X planeta detektatze-saiotan ere hartuko du parte Pioneer 10 ek. Espekulatzen denez, planeta hau Eguzkitik 100 bat unitate astronomikora dago eta gure izarraren inguruan 1.000 urteko iraupena duen orbita betetzen du. Planeta honek eragingo lituzke Urano eta Neptunoren orbitetan ikusten diren perturbazioak. Planetaren masa Lurrarena baino 1-4 bider handiagoa izango litzateke eta bere diametroa 14.000 km ingurukoa.

1973.ean jaurtia izan zen Pioneer 11 , Jupiter eta Saturno bisitatu ondoren egun 25 unitate astronomikora dago eta nahiz eta grabitate-uhinak eta hamargarren planeta detektatzeko erabiltzeko asmoa izan, ez da uste komunikazioa Pioneer 10 ekin bezain denbora luzez mantentzea izango denik.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia