}

Hamar urte transgenikoak landatzen

2006/02/05 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Hamar urte pasatu dira lehen labore transgenikoak merkaturatzen hasi zirenetik. Geroztik, nekazaritza transgenikoa hazi besterik ez da egin. Urtetik urtera, gero eta azalera handiago ematen diete nekazariek transgenikoei, eta gero eta herrialde gehiagotan onartzen dira genetikoki eraldatutako barietateak.

Hori horrela izanik, ez da harritzekoa ISAAA erakundeko buruak pozik egotea. ISAAA bioteknologiak nekazaritzan duen aplikazioez arduratzen da, eta, urtero bezala , aurten ere kaleratu du ekoizpen transgenikoen gaineko txostena. Aurkeztutako datuen arabera, ez dago inolako zalantzarik: nekazaritza transgenikoa etengabe ari da hazten.

Hain zuzen ere, hastapenetan baino 50 aldiz azalera handiagoa hartzen dute gaur egun labore transgenikoek. 1996an sei herrialdetan besterik ez ziren landatzen, eta 1,7 milioi hektarea hartzen zituzten. Iaz, berriz, 21 herrialdetan ekoitzi dira transgenikoak, eta guztira 90 milioi hektarea hartu dituzte. Dagoeneko 8,5 milioi nekazarik hazten dituzte genetikoki eraldatutako landareak.

Soja nagusi

Soja da gehien landatzen den transgenikoa, batik bat herbizidekiko tolerante izateko eraldatutakoa . Hala, labore transgenikoen % 60 soja da, eta, gainera, ereiten den soja guztiaren erdia baino gehiago transgenikoa da jada. Sojaren ondotik kotoia dago (% 28), eta atzetik datoz canola izeneko koltza-mota bat (% 18) eta artoa (% 14).

Soja bezala, beste landareak ere herbizidekiko tolerante izateko eraldatu dira. Hartara, herbizidek soroko belar txarrak hiltzen dituzte, landatutakoari kalterik egin gabe. Beste barietate transgeniko batzuk, berriz, intsektuekiko erresistente izateko eraldatu dira; horri esker, intsektu-izurriek ez diete eragiten. Eta zenbait barietatek bi ezaugarriak biltzen dituzte. Kasu denetan, helburua etekina hobetzea da, asko biltzea, alegia.

Beste batzuetan, berriz, landareari bestelako ezaugarriak emateko erabiltzen da bioteknologia. Esaterako, A bitamina ugari duen urre-koloreko arroza. Horrekin, A bitaminaren eskasiak eragiten dituen osasun-arazo larriak desagertzea lortu nahi dute. Hori diote, behintzat, sortu eta merkaturatu dutenek.

Europan ere bai

Dena dela, kontsumitzaile askok oraindik errezeloz begiratzen diete transgenikoei, batez ere Europan . Horregatik, duela gutxi arte, Europako herrialdeetan ez zegoen baimenik barietate transgenikoak landatzeko. Baina, pixkanaka-pixkanaka, Europako jarrera malgutzen doa, eta gero eta barietate gehiago daude baimenduta. Horrekin batera, transgenikoei emandako azalera handitzen doa kontinentean.

Europaren barruan, Espainia izan da hasieratik transgeniko gehien landatu duen herrialdea, eta gaur egun ere buruan da. ISAAAren arabera, artoa da Espainian ereiten den transgenikoa, eta 0,1 milioi hektarea hartzen ditu. Portugalen, Alemanian, Frantzian eta Txekiar Errepublikan ere egiten dute arto transgenikoa, baina Espainian baino gutxiago. Hala ere, denetan ari da hazten transgenikoei emandako azalera.

Herrialde megaekoizleak

Transgenikoek 500.000 hektarea baino gehiago hartzen dituzten herrialdeei megaekoizle deitzen die ISAAAk. Hamalau dira guztira, eta bakarra da Europako Batasunekoa: Espainia. Alde handiz, Estatu Batuetan ekoizten da transgeniko gehien. Ondoren Argentina, Brasil, Kanada eta Txina daude, eta gainerakoak Paraguay, India, Hegoafrikar Errepublika, Uruguay, Australia, Mexiko, Errumania eta Filipinak dira.

7K-n argitaratua.