}

H5N1 auzia: ikerketak osorik argitaratu dira

2012/06/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

h5n1-auzia-ikerketak-osorik-argitaratu-dira
Arg. © Nature

Azkenean, maiatzaren 3ko Nature aldizkarian argitaratu dute H5N1 mutatuarekin iaz egindako esperimentuetako lehenengoa, eta berehala argitaratuko dute Science n bigarrena. Lanen argitalpenarekin bukatutzat eman liteke hilabetetako eztabaida.

2011ko abenduan hasi zen dena. Estatu Batuetako gobernuak --Biosegurtasunaren Aholku Batzordeak (NSABB) gomendatua-- H5N1 gripe-birusarekin egindako bi ikerketen emaitzak osorik ez argitaratzeko eskatu zuen abenduaren 30ean. Zehazki, eta segurtasunaren izenean, egileei eta ikerketen emaitzak argitaratzekoak ziren Science eta Nature aldizkariei eskatu zien kentzeko artikuluetatik metodologiari buruzko xehetasunak, eta ez zabaltzeko emaitzak errepikatu ahal izateko adina informazio, ez zitezen egon balizko bioterroristen esku.

Arg. Domeinu publikoan

Ikerketa horietan, bi taldeek --Rotterdamgo Erasmus ikerketa medikorako zentrokoa bat eta Estatu Batuetako Wisconsin-Madison Unibertsitatekoa bestea-- H5N1 hegazti-gripearen aldaerak sortu dituzte mutazioz laborategian, eta ikusi dute aldaera berriak gai izan direla hudoak arnasbideetatik kutsatzeko. Arnasbideetatik kutsatzen den giza gripearen azterketak egiteko eredurik onena dira hudoak, eta, ondorioz, emaitzak kezkagarriak dira: oso mutazio gutxiren bidez eskuratu dute aldaerek gaitasuna, eta aditzera ematen dute hegaztien H5N1 birusak aurreikusi baino aukera handiagoa izan dezakeela gizakien artean gripe-pandemia eragiteko.

Ikerketaren xehetasun denetara sarbidea ematea biosegurtasunaren kaltetan zelakoan egin zuen Biosegurtasunaren Aholku Batzordeak lanak osorik ez argitaratzeko gomendioa. Haien esanean, jakin behar zutenek modu konfidentzialean izango zuten xehetasunen berri, baina, gainerakoan, handiagoak ziren informazioa zabalduz hartutako arriskuak onurak baino.

Zentsuratzat, eta ikertzeko zein emaitzak konpartitzeko askatasunaren erasotzat hartu zuten orduan askok eskaera, eta eztabaida bizia piztu zen. Eztabaidaren ondotik, ikerketaren egileek eta beste hainbat ikertzailek 60 eguneko borondatezko luzamendua jarri zieten beren ikerketei 2012ko urtarrilean, eta hala adierazi zuten gutun bateratu batean. Halaber, Munduko Osasun Erakundeari (MOE) eskatu zioten auziaz aritzeko bilera antolatzeko, eta hala egin zuen. Otsailean izan zen biltzarra eta Biosegurtasunaren Aholku Batzordearen aurka, ikerketak osorik argitaratzearen alde agertu zen MOE. Ebatzi zuen "ikerketen argitarapena atzeratu eta osorik argitaratzeak mesede handiagoa egingo ziola osasun publikoari, presaka eta partzialki argitaratzeak baino".

MOEren adierazpenak inflexioa eragin zuen eztabaidan, eta, azkenean, Estatu Batuetako Biosegurtasunaren Aholku Batzordeak ere bat egin zuen haren gomendioarekin. Martxoaren 28an egin zuten batzordearen ez ohiko bilera Washingtonen, segurtasun- eta konfidentzialtasun-neurri gogorrez inguratuta, eta bileraren biharamunean jakinarazi zuten "ikertzaileek aurkeztutako informazio gehigarriaren aurrean", hiru hilabete lehenago eskatutakoa ezeztea erabaki zutela.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia