}

Gure barreneko biztanleak sakonago ezagutzen

2010/03/20 Lakar Iraizoz, Oihane - Elhuyar Zientzia

2010. urtea oparoa izaten ari da, hesteetako floraren ezagutzari dagokionez. Han eta hemen ikerketak egiten ari dira gure hesteetako mikrobioekin, eta askotariko albisteak argitaratu dira azkenaldian.
Askotariko albisteak argitaratu dira azkenaldian hesteetako mikrobioekin lotuta
Andrey Zyk_Photoxpress

Gure gorputza milioika eta milioika mikrobioen bizilekua dela ez da gauza berria. Aspalditik dakigu zelula baino mikrobio gehiago ditugula: zelula bakoitzeko hamar mikrobio, gutxi gorabehera. Horietako asko hesteetan ditugu, eta digestioa egiten laguntzen digute, baita hainbat mantenugai xurgatzen ere.

Horiek ezagutzen genituen. Orain, baina, hainbat unibertsitatetako eta ikerketa-zentrotako ikertzaileek ikusi dute beste hainbat funtzio eta ezaugarri ere badituztela gure barruko bizidun txiki horiek.

Batetik, MetaHIT izeneko proiektu europar handi batean, gizakiok hesteetan ditugun mikrobio gehienen geneen katalogoa egin dute; 124 pertsona helduren gorotzetatik eskuratu dituzte mikrobioak, eta haien geneak sekuentziatu dituzte. Gure hesteetako mikrobioek zer gene dituzten ezagutzea zen helburua. Hurrengo pauso batean, gene horien guztien funtzioa ezagutzen dutenean, mikrobio-espezie bakoitzak gure gorputzean zehazki zer eragin duen jakin ahal izango dute.

A ntibiotikoak hartzean, eta hesteetako bakterioak desagertzean, immunitate-sistema moteldu egiten da
D. Sharon Pruitt

Oraindik ez diete ekin geneen funtzioak ezagutzeko azterketei, baina lehenengo hurbilketa horrek datu adierazgarria eman du. Hain zuzen, ikusi dute ikerketan aztertutako mikrobio guztien geneak batera hartuta 3,3 milioi geneko multzoa eratzen dela. Izugarrizko funtzio-aniztasuna egon daiteke, beraz, gure hesteetan, kontuan izanda geure DNAn 23.000 gene "besterik ez" daudela.

Hori bai, kontuan izan behar da mila bakterio-espezieren geneak bildu dituztela bilduman, baina gutako bakoitzak ez dituela mikrobio-espezie guztiak. Ikertzaileek kalkulatu dute aztertutako mila horietatik 160 inguru dituela norbanako bakoitzak.

Digestioan laguntzeko baino gehiagorako

Geneek zer funtziotan parte hartzen duten aztertu gabe, beste ikertzaile batzuek funtzioak bilatzen dihardute zuzenean. Eta baita aurkitu ere. Esate baterako, Pennsylvania Unibertsitateko ikertzaile-talde batek ikusi du hesteetan normalean ditugun bakterioek gure berezko immunitate-sistemari sasoitsu —etor daitezkeen bakterio patogenoei aurre egiteko prest— egoten laguntzen dietela.

Ikerketa horren abiapuntuan,antibiotiko bidezko tratamendu batean gaudenean infekzioak zergatik hartzen ditugun jakin nahi zuten ikertzaileek. Ohikoa izaten da hori, antibiotikoek, infekzioa eragiten digun bakterioa ez ezik, hesteetako beste bakterio asko ere hiltzen dituztelako, eta lekua "libre" uzten dietelako beste bakterio patogeno batzuei.

Immunitate-sistema behar bezala ez duten saguak gainerakoak baino lodiagoak dira, hesteetako bakterioen eraginez, hein batean
NHGRI

Ikertzaileek ikusi dute berez hesteetan ditugun bakterioak desagertzean, immunitate-sistema moteldu egiten dela, eta, orduan, gaitasun txikiagoa duela etor daitezkeen infekzio berriei aurre egiteko.

Immunitate-sistemari egiten dioten mesedea alde batera utzita, Emory Unbertsitateko ikertzaile-talde batek ikusi du hesteetako bakterio-komunitatearen arabera aldatu egin daitekeela gure gose-sentsazioa, eta baita gure metabolismoa ere.

Ikertzaile horiek azaldu dutenez, immunitate-sistema arduratzen da, berez, hesteetako bakterio-komunitatea kontrolatua izateaz. Baina saguekin egindako esperimentu batzuetan ikusi dute immunitate-sistemako zelulek kontrolatzeko gaitasun hori galtzen badute metabolismo-arazoak agertzen direla. Immunitate-sistema behar bezala ez duten saguek, gehiago jateaz gainera eta lodiagoak izateaz gainera, gainerakoek baino handiagoak dituzte triglizeridoen maila, kolesterol-maila eta odol-presioa.

Eta hori guztia bakterioen eraginez; hein batean, behintzat. Eta ikusteko dago denborarekin zer beste funtzio aurkitzen dituzten ikertzaileek...


Ortzadar-e n argitaratua

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia