Elkarrizketa

Iñigo Urteaga Aldasoro

«Gure analisiek kirolaren errendimendua hobetu eta jokalarien osasuna bermatu nahi dute»

Teknologiak izugarri egin du aurrera, baita kirolean ere, eta, gaur egun, orain arte ezinezkoak ziruditen neurketak eta datu-bilketak egin daitezke. Alabaina, datu horiek guztiak kudeatzeko, matematikaren eta adimen artifizialaren laguntza behar da. Iñigo Urteaga Aldasoro BCAMeko ikertzailea da, seinaleen prozesamendu estatistikoan aditua, eta adimen artifizialak kirolean nola eragin dezakeen azaldu du.

Kirolean errendimendua hobetzeko, zertan lagundu dezakete bai matematikak bai adimen artifizialak?

Gauza askotan lagundu dezakete. Matematika mundua deskribatzeko eta ulertzeko tresna bat da, eta beharrezkoa da adimen artifizialarentzat, bi arrazoi nagusirengatik: alde batetik, esaten digulako zer probabilitate dagoen zerbait gertatzeko, eta, bestetik, adimen artifizialarentzat beharrezkoak direlako eredu matematikoak, estatistikoak eta ekuazio diferentzialak.

Zein galdera egiten dituzue adimen artifizialaren bidez zer gertatzen ari den jakiteko?

Adimen artifizialak hiru galdera-mota egin ditzake. Lehena: zer gertatu da? Galdera hori “adimen artifizial deskriptibo" deritzenak egiten du, eta gertatu den zerbait aztertzeko balio du. Esaterako, azter dezake zeintzuk izan diren saskibaloi jokalari baten jaurtiketa-probabilitateak edo zenbat gol sartu dituen futbolari batek denbora-tarte batean. Bigarrenik, "adimen artifizial prediktiboa" ere existitzen da, eta horrek galdetzen duena hau da: zer gertatuko da? Adibidez, azter dezake zer gertatuko den hurrengo partidan, edo jokalari bat zenbat nekatuko ote den 60 minutu jokatzen baditu. Azkenik, “adimen artifizial hipotetikoak” galdera interesgarriena egiten du: zer gertatuko litzateke hau egin beharrean beste hura egin izan bagenu?

Helburua errendimendua hobetzea da, ezta?

Bai, galdera guztien helburua errendimendua hobetzea eta jokalarien osasuna bermatzea da; besteak beste, lesioak ekiditeko.

Orain arte, zein da adimen artifizialaren bidez kirolaren esparruan erantzun den galdera nagusia?

Historikoki, atzera begirako galderak erantzun dira. Hori izan da adimen artifizialak eta estatistikak gehien landu duten arloa. Baina, adimen artifiziala hobetzen doan heinean, "zer gertatuko da?” galderari erantzuten hasteko aukera dugu.

Aurrera begirako galderak dira gaur egun garrantzitsuenak, ezta?

Partida hasi aurretik, bai, hori da galderarik garrantzitsuena. Baina behin partidaren emaitza jakinda, hirugarren motako galdera bat egin ahal izatea jauzi kualitatibo handia litzateke: zer gertatuko zen zerbait desberdin egin izan bagenu? Adimen artifizialak aurresateko gaitasuna izatea nahi dugu, baina zailtasun handiak daude oraindik, bai matematikaren arlotik, bai kirolaren arlotik. Izan ere, kirolean gertatzen diren egoera horiek ez dira arazo itxi edo kontrolatu bat; beti daude kontrolatu ezin ditugun faktoreak. Horrek egiten du adimen artifiziala kirolean erakargarri, baina, era berean, konplexu eta zail.

Datuak dira zuen lehengaia, algoritmoen jakintzaren iturria. Baina zer klasetako datuak erabiltzen dituzue?

Gaur egun, kirolean bi datu erabiltzen dira gehienbat. Alde batetik, sentsoreen bitartez lortzen direnak; eta, bestetik, kameren bitartez lortzen direnak. Sentsoreetan, aniztasuna ikaragarria da: GPSak, azelerometroak, elektrokardiogramak, arnasa-patroiak... Bestetik, irudiak aspalditik erabiltzen dira. Lehen, kamerek ikusi egiten zuten; orain, kamerak ikusitakoa adimen artifizialari emanda, hark ulertu egiten du. Alde horretatik, datuen bolumena ikaragarri hazi da.

Eta datu horiek nolakoak izan behar dute?

Garrantzitsua da, hasteko, datuak kalitatezkoak izatea; eta, gaur egun, kirolean benetako inpaktua izateko, datu horiek denbora errealean jaso behar dira. Ezin dira izan ingurune artifizial batean jasotakoak; entrenamenduan edo partidan eskuratutakoak izan behar dute. Izan ere, horrek ematen dio benetako balioa informazioari, adierazten baitu zein den kirolariaren egoera eta osasuna benetan inporta duen momentuan.

Beti esaten da informazioa gauza bat dela eta beste bat jakintza. Zuek zer jakintza erauzten duzue datu horietatik?

Hori da adimen artifizialak egin behar duena: datu hutsak prozesatu eta informazio baliagarria atera. Historikoki egon den erronka bat da hori, banandu ahal izatea "seinalea" eta "zarata", benetan baliagarria den informazioa eta baliorik ez duena.

Eta orain, galdera nagusia: zertarako?

Esango nuke bi helburu nagusi daudela: kirolarien osasuna eta errendimendua hobetzea, eta estrategiak garatzea eta erabaki egokiak hartzea.

Hitz egin dezagun talde mailako kirolei buruz. Algoritmo horiek desberdin lan egiten dute halako kiroletan?

Bai. Batez ere, datuak desberdinak direlako. Oro har, taldearen funtzionamendua aztertu nahi denean, irudiak eta bideoak erabiltzen dira taldeak zelaian duen antolamendua aztertzeko. Horretarako, hainbat algoritmo behar dira: batetik, irudiak analizatzeko, eta, bestetik, sare-analisia egiteko. Kasu honetan, sarearen puntu bakoitza jokalari bat izango litzateke, eta lerroak, berriz, jokalarien arteko mugimenduak eta paseak.

Askotan ikusten dugu telebistan sare hori mugitzen. Horretarako ikusmen artifiziala eta adimen artifiziala behar al dira?

Bai, ikusmen artifizialak kontzeptuak ateratzen ditu irudiaren pixel bakoitzetik: zein den jokalaria, zein den baloia, zein den aurkaria, zein den talde bereko jokalaria... Gero, adimen artifizialak haien arteko erlazioak ulertzen ditu.

Zein teknologia erabiltzen duzue horretarako?

Sare neuronalak erabiltzen dira, batez ere. “Sare konboluzionalak”, eta "transformer sareak" dira bi adibide, eta irudiak prozesatzeko gaitasun handia dute. Lehen esan dugun bezala, datuak denbora errealean analizatu behar dira, eta sare neuronalak oso egokiak izan dira horretarako; pixeletik kontzeptuetarako prozesamendua egiten dute, eta kontzeptu horiek denboran nola mugitzen diren ulertu eta azaltzen dute.

Zertarako erabiltzen dituzue analisi horiek? Zer jakin nahi duzue?

Entrenatzaileak jakin nahi duena erantzutea da gakoa. Interesgarria izaten da jakitea jokalariak nola kokatu, nola banatu zelaian, eta nola aldatu behar diren jokalarien kokapenak partidako momentu bakoitzean. Eta, bestetik, entrenatzaileei estrategia bat diseinatzen laguntzen dien informazioa lortu dezakegu.

Zeintzuk dira adimen artifizialak dituen erronkak kirolean errendimendua hobetzeko?

Erronka handienak datuak eta ereduak dira. Zenbat eta datu hobeak izan, orduan eta adimen artifizial hobea izango dugu. Gaur egun, sentsoreekin galdera batzuk erantzuten dira eta bideoarekin beste batzuk; analisiak independenteak dira. Datu horiek elkartzea erronka bat izango da. Bestetik, ereduek zarata kendu eta informazioa ulertu beharko dute. Eta, ulermen horretan, erronka handiena lehen aipatutakoa da, hau da, adimen artifizial hipotetikoa garatzea: “Zer gertatuko litzateke hau egin izan ez bagenu edo beste hau egin izan bagenu?” galderei erantzuteko gai izango den adimen bat. Hori lortzeko, oraindik asko dago egiteko eta hobetzeko algoritmoetan.

Bukatzeko, uste duzu teknologia honek guztiak kirola hainbeste kontrolatuko dutela non emozioa ere kenduko baitio?

Nire erantzuna ez biribila da. Adimen artifizialak kirola ulertzen lagunduko du, eta kirolariari eta entrenatzaileari erremintak emango dizkie. Baina kirola irekia da, gizakiek jolasten dute, eta beti egongo dira kontrolatu ezin diren faktoreak. Kirola ezin izango da erabat kontrolatu, eta ez du inoiz galduko bere magia.

Oihana Jauregi Larretxea

Elhuyar Zientzia

Iñigo Urteaga Aldasoro, BCAMeko ikertzailea eta seinaleen prozesamendu estatistikoan aditua. ARG.: Elhuyar

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali