}

Gizakiak eboluzioan galdutako muskuluak enbrioietan ikusi dituzte

2019/10/01 Etxebeste Aduriz, Egoitz - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

gizakiak-eboluzioan-galdutako-muskuluak-enbrioieta
Hamar asteko fetu baten eskua. Arg. Rui Diogo, Natalia Siomava and Yorick Gitton

Beste ugaztun batzuek bai, baina pertsonok ez ditugun muskulu batzuk giza enbrioietan garatu eta gero desagertu egiten direla aurkitu dute. Aurkikuntza horrek gorputz-adarren eboluzioa hobeto ezagutzen lagunduko du, baita gorputz-adarretako anomalia edo malformazio arraro batzuk ulertzen ere. Development aldizkarian argitaratu dute lana.

Enbrioien garapenean eboluzioaren arrasto ugari aurki daitezke. Esaterako, izurde eta baleen enbrioiak atzeko gorputz-adarrak garatzen hasi eta gero atzera egiten dute, eta giza enbrioietan isats bestigial bat garatzen da, azkenean kokzix gisa gelditzen zaiguna. Era berean, iradoki izan da bestelako bestigioak ere egon zitezkeela enbrioien anatomian, besteak beste, muskuluetan.

Baina ez da erraza halako egiturak ikustea. Orain, kalitate handiko 3D irudiak erabiliz, inoizko erresoluzio handienarekin, aztertu dituzte giza enbrioi eta fetuen gorputz-adarretako muskuluak. Eta hainbat muskulu bestigial aurkitu dituzte, beste ugaztun batzuek badituztenak, baina pertsonetan normalean ez daudenak. Enbrioietatik hasi eta hamaika asteko fetuetan ere aurkitu dituzte halako muskuluak.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia