}

Gizakiak Behe Paleolitoan Praileaitzen izan zirela frogatu dute

2019/02/25 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Duela 200.000 urte inguru Praileaitz I kobazuloan (Deba, Gipuzkoa) gizakiak egon zirela erakusten duten aztarnak topatu dituzte, hala nola haiek erabilitako harrizko tresnak eta jandako animalien fosilak, tartean elefanteen familiako ugaztun handi baten hezurrak.
gizakiak-behe-paleolitoan-praileaitzen-izan-zirela
Duela 200.000 urte inguru gizakiak praileaitzen bizi izan zirela frogatzen duten aztarnak topatu dituzte. Arg. Xabier Peñalver Iribarren/Aranzadi

Xabier Peñalver Iribarren Aranzadiko arkeologoak eta indusketaren zuzendariak eman du aurkikuntzen berri, eta benetan apartak direla nabarmendu du: “Inoiz ez genituen lortu hain antzinako aztarnak, leku guztiz estratifikatuan”, esan du. Horrek sekulako balioa ematen die aurkikuntzei, horri esker zehaztasunez datatu baititzakete.

Aztarnak ondo estratigrafiatutako inguruan daude. Irudian, zizelkatutako harria. Arg. Xabier Peñalver Iribarren/Aranzadi

2017-2018ko indusketetan, industria litikoaren eta animalien arrasto ugari dituzten mailetara iritsi dira. Lehenen artean, harrizko tresnak eta materialak daude, denak Behe Paleolitoko ezaugarriekin. Zizelkatutako harri bat ez ezik, bi lauza ere aurkitu dituzte, harriak bertan lantzen zituzten erakusgarri.

Faunari dagokionez, 578 aztarna ari dira iketzen, eta haien artetik Elephas antiquus edo mamut baten kalkaneo-zati bat nabarmendu du Peñalverrek. Horrez gain, Ursus spelaeus hartz baten letaginak ere aipatu ditu, zeinak 150.000-200.000 artean datatu dituzten.

Praileaitzen orain arte aurkitutako aztarnak (zintzilikarioa, margoak…) Goi Paleolitokoak ziren. Arkeologoek, ordea, aspalditik susmatzen zuten kobazuloak bazituela oraindik aurkitu gabeko altxorrak; horregatik eskatu dute behin eta berriro harrobiko lanak gelditzea, arriskuan jartzen baitzuten ondare hori.

Orain ere, aztertu duten mailaren azpitik, beste 6 metro jalkin daudela azaldu du Peñalverrek, eta hor ere espazio berriak ager daitezkeela iragarri du, neandertalen aurreko garaikoak.

Bizimodu baten aztarnak

Animalia-hezurren artean, elefanteen familiako espezie baten kalkaneoa aurkitu dute. Arg. Xabier Peñalver Iribarren/Aranzadi

“Oraingoz badakigu behe Paleolitoan hemen gizakiak bizi izan zirela, kobazuloan harri-tresnak landu zituztela, eta elefanteak jan zituztela”, esan du Peñalverrek. Animalia handi horiek, hala ere, seguru asko ez zituzten ehizatuko, oso zaila izango baitzen tresna horiekin elefante bat hiltzea. Oso litekeena da, beraz, gizaki haiek hildako animaliak jatea.

Horrez gain, aitortu du ez dakitela kalkaneo-zatia Elephas antiquus edo mamut batena ote den. Lehena klima epelekoa da, eta mamuta, berriz, klima glaziar edo glaziazio-artekoa. Beste animalien arrastoek (tximinoak ala altzeak, adibidez) identifikatzeak lagunduko dute zalantza argitzen, baita polenararen azterketak ere.

Gizakiari buruz zuhurtziaz hitz egin du. Lezetxikiko giza aztarna duela 164.000 urtekoa dela, eta neandertalen aurrekotzat jotzen dela esan du; beraz, Praileaitzekoa ere hala izan zitekeela uste du.

Azkenik, aztarnek emandako informazioa oso osatua dela azpimarratu du, eta kobazuloa “guztiz eta modu eraginkorrean” babesteko eskatu du.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia