}

Gizakia: adimenaren jabe bakarra?

2001/10/16 Elhuyar Zientzia


Guk uste genuena baino animalia gehiagok du abstraitzeko ahalmena, eta horrek giza-adimenaren eboluzioa eta Homo sapiens eta gainerako espezieak bereizten dituen muga zalantzan jar ditzake berriz ere.

Oraingo honetan babuinoengan ikusi dute abstraitzeko gaitasuna. Horrek inplikazio garrantzitsuak izan ditzake, duela 30 milioi urte tximinoak eta gizakiak elkarrengandik bereizi zireneko adar komunean sailkatu baitituzte adituek. Izatez, tximinoen taldekoak diren txinpanzeek ere badute abstrakzioa egiterik.

Hori aztertzeko, arrazoiketa analogikoa behar duten saiakerak egin dizkiete, zientzialari askok giza-arrazoiketaren eta adimenaren sorreratzat jo baitute arrazoiketa-mota hori. Ordenagailu baten aurrean jarri dituzte, kasuan kasuko irudia aukera zezaten. Babuinoek irudiak elkarren artean erlazionatu behar izan dituzte "hau horri dagokio, beste hau hari dagokion bezala" gisako ariketetan.

Babuinoek abstraitzeko ahalmena izateak beste espezie batzuk ere aztertzera behartu ditu adituak, gogamen analogikoa eta bere aitzindariak beste animalia-espezie askotan aurkituko dituztela uste baitute.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia