Gizaki-tximino kimerak sortu dituzte
2019/08/01 Elhuyar Iturria: Elhuyar aldizkaria
Txinako laborategi batean gizaki-tximino kimerak sortu dituzte Murtziako Unibertsitate Katolikoko (UCAM) Jaun Carlos Izpisuaren taldeko ikertzaileek, El Pais egunkariari adierazi diotenez. Tximino baten enbrioian giza zelulak txertatu dituzte, transplanteetarako organoak sortzeko bideak ikertzea helburu. Ikertzaileek adierazi dutenez, Txinan egin dute beste leku batzuetan tximinoekin honelako esperimentu bat egiteak izango lituzkeen lege-arazoak saihesteko.
Duela urte pare bat Izpisuaren Salk Institutuko taldeak gizaki-txerri kimerak sortu zituen. Esperimentu hark ez zuen arrakasta handirik izan, giza zelulek nekez egiten zutelako aurrera txerrietan. Izan ere, gizakia eta txerria nahiko urrun daude ebolutiboki. Askoz emaitza hobeak lortu izan dituzte ebolutiboki gertuago dauden animalietan, adibidez, arratoi eta saguen artean. Eta, orain, gizaki eta tximinoen artean emaitza itxaropentsuak lortu dituztela adierazi dute ikertzaileek. Ez dute, hala ere, emaitzei buruzko zehaztasun handirik eman, aldizkari zientifiko batean argitaratu zain daudelako.
Tximinoen enbrioiak genetikoki eraldatu dituzte organoak sortzeko ezinbestekoak diren gene batzuk isiltzeko. Eta ondoren, edozein ehun sortzeko gai diren giza zelula pluripotenteak txertatu dituzte enbrioi horietan. Hala, giza zelula horiek osatuko lituzkete enbrioi eraldatuek berez ezin sortuko lituzketen organoak.
Dena den, kimera horiek ez dira jaio; gizaki-txerriekin eta arratoi-saguekin bezala, enbrioiek 14 egun bete baino lehenago eten dutelako prozesua. Etikagatik muga hori dauka jarrita komunitate zientifikoak, denbora horretan ez delako garatzen nerbio-sistema. Litekeena da, hala ere, laster halako kimerak jaiotzea, Japoniak legez baimendu baitu gizaki-animalia kimeren garapena bukaeraraino eraman ahal izatea.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia