}

Giza obuluen izozketan itxaropena piztu da

2001/02/27 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Lagunduriko ugalketan, oraindik ez dute menderatu giza obuluak izozteko teknika. Metodo honen bidez, 1986an lehenengo saiakera egin zenetik, 30 ume besterik ez dira jaio mundu osoan. Hala ere, Europako ugalketari buruzko aldizkari entzutetsuenean ( Human Reproduction ) gaur ikerketa itxaropentsu baten berri ematen dute.

Bolognako Unibertsitateko Raffaella Fabri-k eta bere taldekideek izozte-desizozte-prozesuan eragile erabakigarriak zein diren jakin dute. Laborategiko saiakeretan, orain arteko teknikarekin baino askoz obulu gehiagok bizirautea lortu dute eta obuluen % 57 ernaldu dute ICSI teknikaren bidez, hau da, espermatozoidea obuluan injektatuz. Obulu freskoen ernalketan ere antzeko kopuruak lortzen dira.

Lorpen horren gakoak bi dira: batetik, obulua babesle kimikoen eraginpean (propanodiola eta glukosa) 10 minutu beharrean 15 minutu edukitzea eta, bestetik, glukosa-kantitatea bikoiztea edo hirukoiztea. Izozte-prozesuan deshidratazio desegokiagatik suntsitzen dira obuluak, baina horrela izozte- prozesua leunagoa da eta mintz zelularra zulatu dezaketen izotz-kristalak eratzea eragozten da.

Horretaz gain, obulua inguratu eta elikatzen duten zelulak ( cumulus oophurus ) oso eragile garrantzitsuak zirela uste zuten orain arte. Baina cumulus oophurus -a guztiz edo partzialki kendu zaizkien obuluek ere berdin irauten dutela ikusi dute. Horrela frogatu da zelula-multzo horrek uste zutena baino garrantzi gutxiago duela.

Izozte-prozesu leun horrekin eta ICSI teknikaren bidez, ernaldutako obulutatik % 90, bi edo hiru egun igaro ondoren, morula egoerara iristen dira, bideragarri izango den ziurtasun potentziala emanez. Gainera, enbrioien hiru laurdenak oso edo nahiko egoera onean daudela ikusi dute.

Obulu-mintzaren akatsengatik ernalketa-arazoak dauden kasuetan ere, hori izan daiteke aukerako metodoa. Izan ere, mintzaren akatsak direla eta espermatozoideei sartzea eragozten bazaie ere, metodo horren bidez espermatozoidea obuluan injektatzen da, beraz, arazoa ekidin daiteke.

Raffaella Fabrik teknika hori munduko zentro gehienetan erabiltzea espero du, bikote askoren itxaropena betetzen lagun lezakeelako. Gainera, enbrioiak izoztea eta enbrioi gehiegi gordetzea saihesten da.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia