Giza klonazioaren oztopoak gainditzeko itzulingurua
2003/07/01 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Ugalketarako giza klonazioak oztopo asko ditu. Alderdi etikotik begiratuta, gehiengoak ez du onartzen norbaiten informazio genetiko bera duen beste izaki bat sortzeko ideia; guztiz arbuiagarria iruditzen zaio printzipioz, eta ez du giza klonazioa justifikatzeko inolako arrazoirik ikusten. Gainera, legeak ez ditu baimentzen klonazioz gizaki bat sortzeko helburuarekin egiten diren ikerketak.
Nolanahi ere, ugalketarako giza klonazioaren mugak eta oztopoak ez dira etikoak eta legalak bakarrik: klonazio-teknikak berak eragozpen handiak ditu oraindik. Gehien erabiltzen den teknika nukleo-transferentzia da: klonatu nahi den izakiaren zelula bat hartu, nukleoa erauzi eta obulu batean jartzen dute; aurretik, obulu horri bere nukleoa kendu diote. Izakiaren informazio genetikoa nukleoan biltzen denez, nukleoa ordezkatu dioten obuluak beste zelularen informazio genetikoa du.
Obulu hori kitzikatu ondoren, erdibitzen hasi eta enbrioi-fasera pasatzen da; enbrioia umetoki batean ezarrita, guztiz garatzen da eta, azkenean, izaki kloniko bat jaiotzen da. Hori guztia, teorian. Egiatan, baina, gauzak ez dira hain errazak.
Zigoto arrunt batek, ernaldu berri den obulu batek, alegia, obuluaren eta espermatozoidearen informazio genetikoa biltzen ditu nukleoan. Horren barruan, enbrioia garatzen hasteko zein gene aktibatu eta zein desaktibatu behar diren dago idatzita, eta horren arabera hasten da zatitzen zigotoa enbrioia emateko.
Birprogramazioan dago gakoa
Obuluaren nukleoa ordezkatzen denean, ordea, informazio genetikoa zelula heldu batena da, eta hortik enbrioia gara dadin informazio hori nolabait ‘gaztetu’ egin behar da. Horri birprogramazioa deitzen zaio, eta, prozesu horri esker, enbrioia garatzen hasteko behar dituen ezaugarriak ematen zaizkio zelulari.
Alabaina, zientzialariek ez dute behar bezain ondo ezagutzen birprogramazio-prozesua, eta akatsak gertatzen direla uste dute. Hain zuzen ere, akats horiei egozten diete klonazioaren arrakasta-maila hain baxua izatearen errua. Izan ere, jaiotzen den klon bakoitzeko asko eta asko galtzen dira bidean, eta bizi direnek ere osasun-arazo larriak izaten dituzte. Adibidez, Dolly ardi ospetsua jaiotzerako 277 arkume kloniko galdu zituzten, eta Dollyk berak garaia baino lehen pairatu zituen zahartzearen sintomak. Ulertzekoa da, beraz, gizakietan horrelako esperimentuak debekatuta egotea, ez baitira gutxieneko bideragarritasun-baldintzak betetzen.
Itzulinguru bat arazoa konpontzeko
Hain juxtu, arazo horrentzako irtenbide bat aurkeztu dute Giza Genoma Erakundearen kongresuan: klonatutako enbrioiari aurrera egiten utzi beharrean, obuluak eta espermatozoideak lortzeko erabiltzea proposatu dute AEBetako Cambridgeko Whitehead Institutuko ikertzaileek. Zergatik, baina? Bada, obuluak eta espermatozoideak sortzeko prozesuan berez gertatzen delako birprogramazioa. Eta berezko prozesu horretan, aurrez gertatutako akatsak ezabatzen direlakoan daude.
Hortik aurrera, bidea ez da oso zaila: enbrioi klonikotik lortutako obuluarekin edo espermatozoidearekin in vitro ernalkuntza bat egitea besterik ez da gelditzen. Teknika hori ezaguna eta segurua da, eta haur osasuntsu bat lortzeko aukerak asko handitzen omen dira horrela. Gainera, bide batez, batzuen eragozpen etikoak ere gaindituko direla uste dute, sortzen den haurra ez delako klon bat, ernalkuntza arruntean bezala biren informazio genetikoa baitu.
Hala ere, oraindik ez dute dena argi eta garbi. Enbrioitik obuluak eta espermatozoideak lortzeko, hasierako enbrioiaren zelulen funtsezko ezaugarri batean oinarritzen dira. Zelula horiei zelula ama deitzen zaie eta guztiahaldunak dira; hau da, edozein zelula-mota bihurtzeko gaitasuna dute eta, beraz, baita obulu eta espermatozoide bihurtzekoa ere. Oraindik, ordea, ez dakite zein seinale behar dituzten zelula amek obulu eta espermatozoide bilaka daitezen.
Ezusteko itxaropentsua
Proposamen hori aurkeztu eta gutxira, AEBetako Pennsylvaniako Unibertsitateko lan bat argitaratu zuten Science -n. Artikulu horren arabera, agian ez da uste bezain zaila zelula ametatik obuluak lortzea.
Ikerketa horretan, saguen enbrioien zelula amak berez, kanpoko faktorerik gabe, obulu bihur daitezkeela frogatu dute. Hain zuzen ere, ikertzaileek saguen zelula amak zituzten hazkuntza-medio batean, eta bertan identifikatu dituzte obuluak. Azaldu dutenez, prozesua benetan sinplea da, berez gertatzen da; kontua obulu horiek detektatzea da. Hori egiteko, markatzaile fluoreszentedun bat erabili dute.
Hori bai, ikertzaileek onartzen dutenez, ez dakite identifikatutako obulu horiek normalak diren ala ez, ezta ernal daitezkeen edo horietatik garatutako ebrioiak bideragarriak izango zitezkeen ala ez. Hala eta guztiz ere, badirudi ugalketarako klonazioan zirrikitu bat ireki dela.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia