}

Giltzurrunak Interneten

1999/09/26 Kortabarria Olabarria, Beñardo - Elhuyar Zientzia

Orrialde hauetan behin baino gehiagotan aipatu da Internet. Oroimenak kale egiten ez badigu, igande batean Internet-en aurki zitezkeen bitxikeriei buruzko artikulua ere argitaratu zen. Bitxikeria bitxiena, hala ere, aste honetan agertu da sarean. Ez dute, bada! bertan giltzurrun bat salgai jarri.

Organoaren saltzaileak —Floridako Sunrise-ko hiritarra bera—, birsalmenta helburu duen web orrialde batean honako iragarki hau jarri zuen: "Giltzurruna salgai. Egoera onean. Bietako bat aukera dezakezu. Erosleak trasplantea eta ebakuntza-gastuak ordaindu behar ditu. Jakina, bietatik bat dut, salgai bestea bizirik irauteko behar baitut. Eskaintza serioak baino ez". Iragarkiak oihartzun izugarria izan zuen eta balizko erosleak 5,7 milioi dolar eskaintzera ere iritsi ziren. Estatu Batuetan giza organoen salerosketa debekatua dagoenez, web orrialdearen jabeek konturatu bezain laster kendu zuten iragarkia. Alegia, sareari dagokionez beti aipatzen duguna: zuhur ibili.

7Kn argitaratua

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia