}

GIBaren hainbat anduiren aurrean babesa emango duen txertoa garatzen ari dira

2002/08/20 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Hiesaren aurkako txertoa egiteko saiakerak antzuak izan dira orain arte, batez ere hiesaren birusak (GIB) aldaera asko sortzeko gaitasuna duelako. Hori dela eta, oso zaila da aldaera guztien aurkako antigorputzak sustatuko dituen txerto bakarra lortzea. Baina, Proceedings in the National Academy of Sciences (PNAS) aldizkarian argitaratutako lan baten arabera, badirudi txertoaren ametsa uste baino lehenago gauza daitekeela.

AEBetako Giza Birologia Institutuan (IHV) egiten ari diren txertoa proben lehenengo faseetan dago, baina, antza denez, gai da hiesa sortzen duen birusaren aldaera askoren aurreko babesa emateko. Hain zuzen ere, GIB-1aren andui guztien aurkako antigorputzak sorrarazten omen ditu.

Hiru dimentsioko irudian, CD4 molekula (horiz), antigorputza (berdez eta urdinez) eta gp 120 proteina (laranjaz) azaltzen dira

Jakina da GIBaren estalkian gp 120 izeneko proteina dagoela, eta, hain juxtu, proteina horrek itxura aldatzeko duen gaitasunari zor dio GIBak aldakortasuna. Horregatik daude, beraz, hainbeste andui, eta horregatik da, baita ere, hain zaila guztien aurkako antigorputzak sorraraziko dituen txerto bakarra lortzea.

IHVko Timothy Fouts eta Anthony Devico ikertzaileak, ordea, konturatu ziren gp 120 molekula guztiek ezaugarri komun bat zutela, eta horri esker lotzen dela GIBa kutsatzen dituen zeluletara. Lotu ere, ez dira edozein tokitara lotzen, baizik eta CD4 molekulara. Gainera, gp 120 eta CD4 molekulak lotu ondoren, aldaketa kimikoak eta egiturazkoak gertatzen dira. Aldaketa horien ondorioz, gp 120-CD4 konplexuak egitura bera du GIBaren andui guztietan.

Hori jakinda, ikertzaileek gp 120-CD4 konplexu artifiziala prestatu dute, eta frogatu dute konplexua gai dela GIBaren andui askoren aurkako antigorputzak sorrarazteko. Emaitzak oso onak izan dira bai laborategiko animalia txikietan bai tximinoetan, eta, egileen esanean, txertoaren helburua gaitza prebenitzea bada ere, terapian ere erabili ahal izango da. Hori bai, gizakietan probatzerako bi urte beharko dira.

Txertoa irailaren 9tik 13ra egingo den Giza Birologia Institutuaren 2002ko Nazioarteko Batzarrean aurkeztuko dute, eta adituak itxaropentsu daude. Itxura batean, beraz, hiesaren aurkako txertoa lortzeko pauso garrantzitsua eman da. Ea helmugara iristen den.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia