}

Gerra nuklearra: ikusleak gosez hilko dira

1987/08/01 Tolaretxipi, E. Iturria: Elhuyar aldizkaria

Noiz bait gerra nuklearrik izaten bada, parte hartzen ez duten nazioek superpotentziak baino gehiago sufrituko dute. Aski bait da hotzaldi nuklearrik txikiena munduko nekazaritza suntsitzeko.
Hotzak estaliko luke guztia.
Inaki Irazabalbeitia

Negu nuklearraz hitz egitea ez da fantasia. Inguruneko Arazoen Batzorde Zientifikoak (SCOPE-k) eginiko azterketa zehatzaren arabera, negu nuklearra aurrikus dezaketen aldaketa klimatikorik handiena da. Autore hauen ustez, askoz ere aldaketa txikiagoek (tenperatura gradu batzuk jaisteak esate baterako) izugarrizko ondorioak sor ditzakete munduko janari-produkzioan; hazkuntzako une jakin batean gertatzen bada bereziki.

Arma nuklearrek sorterazten dituzten ondorio zuzenak (haize-boladak, pultsu termikoa eta erradiazioa) ezagunak dira bai probatan eta bai Japonian egin diren bi leherketen ondorioz. Zeharkako ondorioei azken bost urte honetan eman zaie garrantzia. Hainbat estudiok aztertu ditu 5000 megatoi inguruko leherketak sorteraziko lituzkeen gertaerak eta negu nuklearra.

Demagun leherketa nuklear bateko pultsu termikoaren ondorioz hiri eta basoek su hartzen dutela. Suteek izugarrizko ke-multzoak botatzen dituzte atmosferara. Ke hau euri beltz moduan erortzen da edo atmosferan geratzen eguzkiaren argia suntsitu eta Lurrera iristea galeraziz. Atmosferako tenperaturak azpikoz gain egiten du, zirkulazio globalaren eredua erabat aldatuz. Lurreko tenperatura udan 20-30° C-ra jaisten da kontinentearen erdian.

SCOPE-k egindako ikerketak gauza bera baieztatzen du. Berorrek dioenez, 5000 megatoiko leherketak, munduko armen potentziaren erdia, argi-maila izugarri jaitsiko luke ipar hermisferioan. Tenperatura kontinenteetan egun gutxitan jaitsiko litzateke. Euri-zikloek hilabete edo gehiagoko aldaketa izango lukete.

Ikerketa honetan zera ere agertzen da: megatoi lehergailu batzuk ehunen bat hiri handitan bakarrik botako balira, mundu aurreratuaren ehuneko hogeitabosta hauts bihurtuko litzatekeela. Honen ondorioz, 80 milioi tona ke sortuko lirateke eta hauetatik 45 milioi karbono purua izango litzateke; eguzki-argiaren indargetzailerik onena, hain zuzen.

Are garrantzi handiagoa du (azterketaren arabera) olio- eta ikatz-depositu eta hirietako asfaltoa erretzeak sorterazten duen keak. Erregai fosilek eta hauetatik eratorritako materialek (asfaltoa eta plastikoa esaterako) kedar beltzeko kopuru handiak sorterazten dituzte. Zurak ez du hainbeste arazo sortzen.

Hego hemisferioko hiriak ez dira ipar hemisferioko gerra nuklearretik erabat isolatuta geratuko. Kea atmosferara apiriletik irailera bitartean jaurtikitzen bada, kez kargatutako airea eguzkiak berotu eta uhin-eran estratosferara bultzatuko du. Horrela atmosferako zirkulazio-eredu normalak ez dira lurrera itzultzeko gai izango. Aitzitik, keak ekuatorea pasatuko du. Aste gutxi barru ke-kapa mehea zabal daiteke hego hemisferioko latitudetara. Baina hemen negua izango da eta tenperatura, beraz, ez da gradu asko jaitsiko.

Kea estratosferan finkatuz, ez da euri eran eroriko. SCOPE-k dioenez bertan jarraituko du urtebetez edo denbora gehiagoz, lurreko tenperatura gradu batzuk hoztuz. Munduko euri-sistemak erabat aldatu egingo dira eta Asia eta Afrikan udan dituzten euri-jasak asko murriztuko lirateke.

SCOPE-ren ikerketako ondorio berri eta adierazgarrienak nekazal ondorio eta ondorio biologikoei dagozkienak dira. Munduko nekazal sistema handiek segituan nozitzen dituzte klimaren aldaketak.

Klimaren aldaketak eragin izugarria du munduko nekazal sistema handietan. Honek zera esan nahi du: leherketa nuklear baten xehetasun zehatzak agian ez direla jendeak uste bezain garrantzitsuak; gerra nuklear "txiki" bat aski bait da klima aldatzeko eta ondorioz nekazaritzan kalte handiak sortzeko.

SCOPEren ikerketaren arabera, haztaroan tenperatura 3-5°C jaisteak Ipar Ameriketa eta Sobiet Batasuneko uztak suntsituko lituzke. Japoniako arroz-produkzioak ere kalte handiak jasango lituzke.

SCOPEk dioenez, arriskurik handienean dauden nazioak, energi eta janari-menpekotasunean daudenak eta beren populazioarentzat energia eta janari gutxiegi daukatenak dira. SCOPEren mezua zera da: istilu honetan, partehartzaile ez diren nazioek jasango dutela kalterik handiena.

Ikerketa honek gerra nuklearraren ondoren elementu kutsatzaileek atmosferan izango luketen ondorioa ere kontutan hartu du. Ozonoaren kontzentrazioa %10etik %30era jaitsi liteke hilabeteren barruan eta urte batzuk beharko lirateke berriro betetzeko.

Hiroshima 1945. Hau ez litzateke gerra nuklearraren ondorio bakarra izango.

Zura eta erregai fosilak erretzeak, substantzia toxikozko kopuru handiak botako lituzke beheko atmosferara. Garrantzi berezia dute planta kimiko eta petrokimikoek.

Azken hamarkadan badirudi aldaketak egon direla munduko superpotentzien armategietan. Nahiz eta aldaketa hori egon, SCOPE-ren pronostikoa hauxe da: Estatu Batu, Sobiet Batasun eta Europako lurraldetako %7ak 48 ordu barru euri nuklearreko gamma izpiak jasoko ditu. Ikerketaren arabera, bonba-truke handi baten ondorioz ipar hemisferioan populazioak batezbeste 10 rad inguruko gamma izpien dosia jasoko luke. Hau lehengo maila baino 100 aldiz handiagoa da.

Euri nuklear globalaren iturri bezala, SCOPE-k instalazio nuklearrak aipatzen ditu. Guzti hau ikusirik, bi aldetatik datozen zalantzak geratzen dira argitu gabe. Alde batetik giza-jokaera hori nolakoa izango den inork ez daki; zenbat arma erabiliko diren, etab. Bestalde prozesu fisikoen ezagutza ere ez da erabatekoa; kea noraino igoko den, sute handien ezaugarriak, etab.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia