}

Genoman txertatu gabe, zelulak birprogramatu

2008/11/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Genoman txertatu gabe, zelulak birprogramatu
2008/11/01 | Elhuyar
(Argazkia: Science)

Harvard Unibertsitateko ikertzaileek zelula amak sortzeko teknika bat hobetu dute. Saguen isatseko eta gibeleko zelula helduak birprogramatu eta enbrioi-zelulen antzeko zelula-amak lortu dituzte, zelularen genoman eragiten ez duen birus bat erabiliz.

Zelula helduak birprogramatuta lortutako zelula horiek induzitutako zelula ama pluripotente izenez ezagutzen dira. Ikertzaileentzat oso itxaropentsuak dira, batez ere, haiei esker enbrioi-zelulek eragiten dituzten polemikak eta obuluak lortzeko zailtasunak saihets litezkeelako. Orain arte, erretrobirusak erabiltzen ziren zelula helduak birprogramatzeko; baina erretrobirusa zelularen genoman txertatzen da, eta horrek, besteak beste, tumoreak garatzeko arriskua nabarmen handitzen du.

Harvard-eko taldeak, berriz, adenobirus bat erabili du saguen zelulak birprogramatzeko, eta birus hori ez da zelularen genoman txertatzen. Are gehiago, haien esperimentuetan, zelula horiekin tratatutako saguek ez dute tumorerik garatu. Hala ere, teknika ez dute zentzu guztietan hobetu; izan ere, adenobirusarekin eraginkortasuna asko txikitzen da: birprogramaketarako hilabete baino gehiago behar da (erretrobirusarekin 10-15 egun) eta induzitutako zelula askoz gutxiago lortzen dira.

1
247
2008
11
015
Medikuntza; Biologia; Osasuna
Berriak labur
9