}

Genoma, proteinak egiteko planoak

2000/06/27 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia

Etxearen planoak eskuan izanda, ez dago bizitzerik. Etxea bukatua behar da, teilatu eta guzti. Genetikaren ikertzaileek badakite. Hala ere, genomaren mila aplikazio aipatu dituzte lehia publizitarioa irabazteko. Pentsa dezagun.

Genoma geneen multzoa da. Genea proteina egiteko behar den informazioa, planoak alegia. Gene bat, proteina bat. Horixe da genetikaren oinarrizko definizioetako bat. Baina lana egiten dute proteinek.

Zelulen nukleoan dago genoma gordeta. Mekanismo konplexu batez informazioa irakurri eta erribosoma izeneko organulu batek egiten du behar den proteina. Horretarako, ADNan proteinak osatzeko beharrezkoa den aminoazidoen sekuentza irakurritzen du. Aminoazidoak banan bana hartu eta lotu egiten ditu proteina osaturik askatu arte.

Proteina bakoitzak eginkizun zehatza du. Batek glukosa bitan puskatu, beste batek odolean oxigenoa garraiatzea, beste batek hormonaren funtzioa betetzen du, beste batek giharrak egiten ditu, eta abar eta abar. Gorputzean egiten diren prozesu kimiko guztiak proteinek egiten ditute, sistema inmunologikoarenak barne.

Hainbat proteina egitura zuzena ez badu gaixotasuna sortzen da, bere betebeharra ezin duelako beste inorrek egin. Hori gerta liteke informazioaren planoak gaizki daudelako idatzita. Orduan, gaixotasun genetikoa daukagu. Gene hori nolabait aldatuta badago, (mutazioa badago) akatsa ondorengoek jasoko dute eta gixotasuna garatuko dute.

Atzo iragarri zena planoen irakurketa izan zen (eta ez osoa). Baina plano horrekin ezin da proteina bakoitzaren eginkizuna jakin. Sortzean proteinak naturalki tolesten dira. Aminoazidoen sekuentzia jakinda ere, ez dakigu zehazki nola tolestuko den, konbinazio asko daudelako eta batek bakarrik balio du. Aspaldidanik ikertzen ari den gaia eta, biokimikaren esparruan, gaurko erronkarik handienetakoa da. Jakina ez den bitartean proteinak banan bana probatu beharko dira. Beraz, urte askoko lana gelditzen da proteina bakoitzaren jokaera argitzeko.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia