Genero-bazterketa, espaziotik landara
2016/02/22 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia
Grabitazio-uhinei esker mundu osoa astrofisikara begira jarri dela eta, une egokia izan daiteke astrofisikari bat gogora ekartzeko: Joan Schmelz. Eguzkiaren fisika ikertzen du Areciboko behatokian (Puerto Rico), eta Nature zientzia-aldizkari ospetsuak 2015eko hamar zientzialari aipagarrienen zerrendan sartu zuen, "emakumeen aldeko ahotsa" izateagatik.
Hain zuzen, 2011, Berkeleyko Unibertsitatean doktoretza egiten ari zenean, sexu-jazarpena jasan zuen Schmelzek. Depresioak jota, Women in Astronomy blogean salatu zuen bere egoera. Erasotzailea Geoffrey Marcy astronomo entzutetsua zen. Blogean haren izena ezkutatu bazuen ere, beste ikasle eta ikertzaile batzuk Schemelzekin harremanetan jarri ziren, eta haiek ere jazartuak izan zirela aitortu zioten. Kasu guztietan, Marcy zen erasotzailea. Hala, Schmelzek bultzatuta, elkartu eta Marcy salatu zuten.
Hasieran salaketak ondoriorik izan ez zuen arren, gero Berkeleyk ikerketa agindu zuen, eta Marcyk dimititu egin zuen. Schmelz ez zen hor geratu; geroztik, genero-bazterketaren aurka dihardu, Estatu Batuetako Astronomia Elkartearen batzorde berezi batean. Haren helburua: sistema aldatzea.
Ez da lan erraza, matxismoak intentsitate eta itxura asko baititu. Horietako bat ezagutarazi dute leku bakartietan landa-lanetan dabiltzan emakumezko ikertzaile batzuek, Nature aldizkariaren bidez (oraingoan ere): hilekoak sortzen dizkieten eragozpenak. Edo, hobeto esanda, hilekoa dutenean, gizonentzat eta soilik gizonentzat pentsatutako ingurune eta baldintzetan lan egiteak eragiten dizkien eragozpenak. "Emakume izatea ez da ezkutatu edo aldatu beharreko ezer", dio batek. Eta ez, sistema da aldatu beharrekoa.
Berria egunkarian argitaratua.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia