}

Generik kodetzen ez duten sekuentziak ere garrantzitsuak dira

2004/01/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Genetikan bada inork gutxik zalantzan jartzen duen hipotesi bat. Badira eboluzioan zehar ia batere aldatu ez diren gene batzuk. Hautespen naturalak gene garrantzitsuak mutatu gabe hobesteko joera duenez, espeziez espezie ondoen kontserbatu diren geneek funtzio garrantzitsuak dituztela ondorioztatu ohi da. Baina badira kromosometan horiek bezain ondo kontserbatu diren beste sekuentzia batzuk, eta horiek ez dute batere proteinarik kodetzen.

Zientzialariek askotan esan izan dute generik ez duen sekuentziak ez duela ezertarako balio. Baina eboluzioan zehar horren ondo mantendu direnez, sekuentzia horiek ere zeregin garrantzitsua izan dezaketela onartu behar izan dute. Izan ere, geneak kodetzen dituzten sekuentziak baino are egonkorragoak dira askotan, eta, hortaz, pentsatzekoa da izango dutela zereginik kromosometan. Batzuk hasiak dira espekulatzen, eta geneen erregulazioan zein DNAren antolaketan parte hartzea litekeena dela azaldu dute.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia