}

Gaztak gehiago irauteko estalki berria

2003/02/04 Elhuyar Zientzia

Kopenhageko Royal Veterinary and Agricultural University-ko ikertzaileak gaztak gehiago iraun dezan (9 hilabete arte) metodo bat asmatu nahian dabiltza. Maiz erosi ohi ditugu koloredun pasta batez inguraturiko gaztak; adibidez, Babybel gazta ezaguna pasta lodi gorri batez babesturik egoten da. Pasta horrek gaztak gehiago irauteko balio du batik bat.

Biopack izeneko estalki berria polilaktatozko materialarekin egin dute. Material horren azido laktikoa artoaren bidez lortzen da.

Gazta produktu 'biziduna' da, arnasa hartu eta karbono dioxidoa botatzen du. Ondorioz, bolumena alda dezake eta inguruan duen pasta hausteko arriskua ere badago. Biopasta berriari esker, gaztak gasa bota dezake eta ez da desitxuratzen. Horrez gain, gazta-puska bat moztu eta gelditzen den zatiari lehen baino lizun gutxiago azaltzen zaio eta ez du gazta minduaren gusturik hartzen.

2004an merkaturatzeko asmoa duten material berriak, gainera, gaur egun erabiltzen denak baino gutxiago kaltetuko du ingurumena. Izan ere, gaurko gaztak babesteko erabiltzen den plastikoaren ordez, polimero berriztagarri bat erabiliko dute ikertzaile daniarrek.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia