}

Gaur hasi da zientzia eta teknologiaren astea

2002/11/18 Mendiburu, Joana - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Gaur hasi da, Euskalduna Jauregian, Saretek-ek antolatu duen zientzia eta teknologiaren astea. Xedea berrikuntzaren kultura gizartean zabaltzea da eta, horretarako, aste osoan zehar, hainbat gai eta arlori buruzko hitzaldiak emango dituzte Euskal Autonomia Erkidegoko parke teknologikoetan.

Aurkezpen-ekitaldian politikari ugari —tartean, Juan Jose Ibarretxe EAEko lehendakaria, Josu Jon Imaz Industria sailburua eta Iñaki Azkuna Bilboko alkatea—, Euskal Herriko hainbat enpresaburu eta zientzialari ugari batu dira. Tartean zen Teknologia Gizarte Modernoan izenburupean hitzaldia eskaini duen Javier Etxeberria CSICeko
ikerketa-irakaslea. Guk galderatxo batzuk egin dizkiogu:

Informazio-gizartean bizi arren, nabarmena da zientzia eta teknologiaren ezagutzan hutsune handia dagoela.

Bai, eurobarometroak berriki erakutsi duenez, informazio-eskasi handia dago. Gizartearen % 70ek interes handia du zientzian (batez ere, osasunean eta ekologian), baina jendea ez dago pozik jasotzen duen informazioarekin. Horrek egitura-arazo handia dagoela erakusten du. Ez dago gizartearen eta zientziaren arteko komunikazio-biderik.
Bide garrantzitsuena telebista da eta bistan dago telebista-programetan ez dela gizarteak duen zientziarekiko interesa islatzen. Zientziaren ezagutza telebista bidez zabaltzeko,
zientzia-dibulgaziorako programak ez ezik, zientzia-gaiei buruzko lehiaketak egin daitezke eta aisialdirako programetan zientzia-gaiak sartu, baina ez da horrelakorik egiten.

Prentsan nahiko gehigarri interesagarriak daude, baina zientziaren dibulgazioa, nire ustez, hemen, oso gutxi lantzen da eta ez zaio behar adina garrantzi ematen. Esaterako, ez dago zientziaren dibulgaziorako eskolarik.

Internet da, beraz, zientzia eta teknologiari buruzko informazioa jasotzeko biderik erabiliena.

Baina azpimarratu nahi nuke, komunikabideekin batera, irakasleak direla zientzia eta teknologiaren irudia transmititzen dutenak; eta, beraz, hezkuntzari ere arreta gehiago eman behar zaiola uste dut. Irakasleak dibulgatzaile onak izateko formatu behar dira, zientzialariak institutuetara eraman, etab.

Argi dago, behintzat, zientzia eta teknologia gizarteratzeko politikak osotasunekoa izan behar duela.

Zer deritzezu teknologia gizartera hurbiltzeko asmoz antolatzen diren era honetako ekitaldiei?

Zientzia eta teknologiaren eta gizartearen arteko harremana oso konplexua da, lehenik eta behin, oso atentzio gutxi eman zaiolako teknologiak izan duen inpaktu sozialari. Ingeniariek eta enpresek beren irizpide eta balioen arabera funtzionatu izan dute. Baina eredu hori ez da nahikoa eta, gainera, gizartean konfiantza falta eta errefusa sortzen du. Zientzia eta teknologiaren politikan gizartea sartu behar da. Orain arte, zientzia zientzialariena zen eta ingeniaritza ingeniariena, baina zientzia eta teknologia gizartearenak ere badira eta gizarteak zer pentsatzen duen ikertu beharra dago.

Nire ustez, batez ere, erabiltzaileen iritzia hartu behar da aintzat, bera baita gailuak hobekien ezagutzen dituena. Erabiltzaileak dira gailuei erabilera bat edo bestea ematen dietenak, eta, hortaz, berrikuntzaren faktoreetako bat dira. Zientzia eta teknologiaren komunitateen eta erabiltzaileen artean, komunikazio ezagatik, berrikuntza-iturri garrantzitsu bat galdu egiten da.

Teknologia berrien erabiltzaileez ari garela, zer deritzozu gizartearen garapena erabilera horien arabera definitzeari?

Gaur egun, gizarte baten garapena neurtzeko, balore instrumentalak soilik hartzen dira kontuan (Interneteko konexioak, esaterako), baina ez nago batere ados horrekin. Internetera konektatuta egoteagatik bakarrik informazioaren gizartean gaudela esaten da, baina hori ez da zuzena.

Hezkuntzan, adibidez, eskola Internetera eraman behar da, eta ez Internet eskolara. Hau da, ordenagailuak eskolara eraman behar dira, baina eskolen arteko Internet-sare bat egonez gero. Hezkuntza telematikoko sare bat ez dagoen bitartean ez du zentzurik. Sare horretan egongo lirateke benetako baloreak (sozialak, linguistikoak, kulturalak…).
Beraz, ez dira Interneteko konexioak neurtu behar, Interneten dauden sare lokalak baizik. Informazio-gizartea garatzea ez da Interneteko konexioak ugaritzea, baizik, espazio elektronikoan bizitza egotea. Espazio horrek balore sozialez, kulturalez, ekologikoz, eta abarrez betea egon behar luke, baina, oraingoz, ez dago horrelakorik. Urteak daramatzat hori esaten, baina ez didate kasu handirik egin.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia