}

Gaur hasi da Bonn-en klimaren gailurra.

2001/07/16 Elhuyar Zientzia


Estatu Batuek Kiotoko Protokoloa ez dutela berretsiko adierazi zutenetik munduko estatuak bilduko diren lehen aldia da, baina ez da espero gauzak gehiegi aldatuko direnik. Izan ere, ez dute Estatu Batuen ezezko borobila eman, baina ez dirudi Japoniak, Kanadak eta Australiak protokoloa berresteko asmo handirik dutenik. Gas gehien isurtzen duten estatuak izaki, horiek gabe aurrera egitea ez da oso eraginkorra izango.

Azken hilabeteotan Europako Batasunak Kiotoko Protokoloaren aldeko aldarrikapenak behin eta berriro egin ditu eta George Bush presidentea iritziz aldarazten saiatu da. Fruiturik ez da izan, ordea. Bush-ek irekitako bidetik Japonia, Australia eta Kanada abiatu dira, eta haiek berreskuratzeko ahaleginak izango dira Bonn-eko bilerako ardatza. Europako Batasunak Kiotoko Protokoloa berretsi eta aurreikusitako epeetan indarrean jarri nahi du, hau da, 2002an. Baina desadostasunak handiegiak dira eta Kioto hiltzear dagoela ematen du.

Europako Batasunak eta Estatu Batuek karbono dioxidozko hobien inguruan dute gatazka handietako bat. Azkenak, basoek karbono dioxido asko xurgatzen dutela defendatzen du eta, beraz, hobi gisa aintzat har daitezen nahi du, horrela, isuritako karbono dioxidoa basoek xurgatutakoarekin trukatzeko. Estatu Batuetan baso handiak dituzte, eta presio handia egiten ari dira gai horren inguruan. Baina etsaia etxean aurkitu dute, orain dela gutxi basoek ez dutela isurtzen duten baino karbono dioxido gehiago xurgatzen frogatu baitute bi ikertzaile estatubatuarrek.

Artikulu osagarriak:

Pitzadurak Kiotoko Protokoloan

Gasaren konturik garestiena
Basoek airea ‘garbitzen’ al dute?

Klimari buruzko gailurra
Erlojuaren kontra
Beroketa globala: klima-aldaketa
Klima berotzearen ondorioak Euskal Herrian

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia