}

Gaur gaueko hitzordua: ilargi-eklipse osoa

2011/06/15 Kortabitarte Egiguren, Irati - Elhuyar Zientzia

Ilargi-eklipse osoa ikusteko aukera izango dugu gaur 21:00etatik aurrera, hodeiek uzten badigute, behintzat. Eklipsea 21:00 aldera hasi eta 23:02an amaituko da, eta Ilargiak kolore gorrixka hartuko du.

Ilargi-eklipse osoa gertatzen da Ilargia Eguzkiaren eta Lurraren plano berean, Lurraren atzean, jartzen denean. Hori gertatzen denean, Lurrak espazioan egiten duen itzal-zatitik igarotzen da Ilargia, eta, hortaz, Lurrak eklipsatu egiten du.

Tresna optikoen beharrik gabe ikusi ahal izango da, beraz, nahi izanez gero; hortxe duzue hitzordua. Zerua garbi ikus daitekeen edozein txoko aukeratu dezakezue, eta, bestela, Eureka! Zientzia Museoak, Aranzadiren laguntzarekin, antolatutako behaketara edota Iruñako Planetariumera hurbildu zaitezkete.

Irudia: NASA

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia