}

Garun handiagoa gene bati esker

2002/09/24 Elhuyar Zientzia

ASPM deituriko gene batek garunaren tamaina kontrolatzen duela aurkitu du Britainia Handiko biologo-talde batek.

Mikrozefalia gaixotasuna pairatzen zuten pertsonen genoma aztertzean, ASPM genea mutatuta zutela aurkitu zuten. Dirudienez, geneak kortexean sortuko diren neuronen kopurua kontrolatzen du, eta, beraz, garunaren tamaina ere bai. Gene mutatuak proteina akastunak sortzen dituenez, ez du neuronen ekoizpena bultzatzen eta, ondorioz, mikrozefalia agertzen da.

Animalia askotan aurkitu dituzte ASPMren oso antzekoak diren geneak, eta guztiek garunaren tamaina kontrolatzen dute. Gainera, garun handiagoa duten animalietan, sortzen den proteina ere handiagoa dela ikusi dute zientzialariek.

Datu horrekin, zientzialariek zera proposatu dute: eboluzioan gertatu den garunaren hazkuntzak gene horrek izandako mutazioekin bat egingo lukeela. Proposamena frogatuz gero, gizakiaren garunaren tamaina handiaren zergatia argitzeko bidean egongo lirateke.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia