Galaxia espiral bat, unibertsoa oso gaztea zenekoa

Galaxia espiral bat, unibertsoa oso gaztea zenekoa


Espiral itxurako galaxia-disko bat aurkitu dute, Big Bangetik 1.400 milioi urtera sortu zena; izar gehienak sortu baino askoz lehenago. Horrelako galaxia egituratuak sortzeko denbora gehiago behar zela uste zen.

Disko-galaxia helduek, Esne Bideak kasu, izar zaharrez osatutako egitura trinko baten inguruan biratzen dute; egitura horrek erraboila izena du, eta zulo beltz supermasibo bat du bihotzean. Oraindik ez dakigu ondo nola sortzen diren horrelako egiturak. Baina ereduek iradokitzen dute unibertso primitiboan galaxien eraketa kaotikoa izan zela, eta hasieran protogalaxia txiki, zurrunbilotsu eta desegituratuak sortu zirela. Jotzen zen milaka milioi urte beharko zituztela galaxia espiral eta eliptiko egonkor bihurtzeko.

Orain, ordea, ALMA teleskopioa erabiliz, BRI 1335-0417 galaxia identifikatu dute Takafumi Tsukui eta Satoru Iguchi ikertzaileek. Forma espirala du, eta  erdigunean masa trinko bat, ikertzaileen ustez zulo beltz batez eta izarrez osatutako erraboila bat  izan litekeena. Eta, kalkulatu dutenez, Big Bangaren ondorengo 1.400 milioi urtetan sortuak dira ezaugarri horiek. Science aldizkarian argitaratu dute lana.

Etxebeste Aduriz, Egoitz

Elhuyar Zientzia Itsas Biologian eta Animalia Biologian lizentziatua, La Lagunako Unibertsitatean (Tenerife). AZTI-Tecnalian hasi zuen bere ibilbide profesionala, hainbat ikerketa-proiektutan parte hartuz. 2006ko azaroaz geroztik Elhuyar Fundazioko Zientziaren Komunikazioa sailean ari da lanean. Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariko erredaktorea eta erredaktore-burua da, eta Zientzia.net webgunearen arduraduna.

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali

Astronomia