Gaikerren 15. urteurrena
2000/06/06 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia
Urte honetan, guztira, bost ekitaldi antolatu dira Gaiker zentro teknologikoaren 15. urteurrena dela eta. Handiena, bihar, Gaikerrek duen areto nagusian izango da. Ekitaldian, Josu Jon Imazek eta Joseba Jauregizarrek politika industrialaren eta 2001-2004 eperako Jaurlaritzak aurkeztutako zientzia, teknologia eta berrikuntza planaren ikuspegi orokorra eskainiko dute.
Hamabost urtez Gaikerren eginkizuna enpresetan teknologia eta berrikuntza sartzea izan da. Bezeroen zerrendan mila enpresatik gora daude. Fundazioaren eskaintza zabala da. Ikerketa eta garapen teknologikoa (I + G), laguntza teknikoa, analisiak eta entseguak, trebakuntza eta aholkularitza teknologikoa eskaintzen ditu. Zentroak material plastiko eta konpositeak, ingurugiroa, birziklatzea eta bioteknologiaren arloak lantzen ditu. Adibidez, lurzoruaren eta hondakinen teknologiaren eta ur industrialen inguruko ikerketa egiten du.
Europara begira
Gaikerrek ez du Euskal Herrian soilik lan egiten. Europako hainbat enpresarekin, ikerketa zentrorekin eta ospe handiko unibertsitaterekin dauka harremana. Izan ere, enpresak bertako 36 (I + G) proiektutan eta hainbat erabakitze foroetan ere hartu du parte. Datorren urteetara begira, Gaikerren helburua gaurko hazkuntza sendotzea eta berezitasunari eustea da. Horretarako, hurrengo lau urteko plan estrategikoari ekingo diote. Orain plan hori definitze fasean dute.
Gaiker Euskal Herriko zentro teknologikoen sarean erabat integratuta dago. Zamudioko parke teknologikoan du egoitza. Helburuei aurre egiteko zuzendaritza estrategikoa eta helburuen araberako kudeaketa egiten du. Beste ikerketa zentroekin eta unibertsitatearekin batera garatu ditu proiektuak.
Euskal Herrian ez da Gaiker zentro teknologiko bakarra. Izan ere, azken urteetan zentro horien hazkuntza izugarria izan da. Zentro teknologikoek Eusko Teknologi Ikertegien Elkartea sortu zuten (EITE). Erakunde horren helburuak kideen interesak babestea eta teknologia garapen industrialaren euskarri bihurtzea da. EITE zortzi zentro teknologikok osatzen dute: CEIT, Labein, Gaiker, LEIA, Ikerlan, Robotiker, Inasmet eta Tekniker.
EITEko lehendakaritza zentro horietako arduradunek hartzen dute, txandaka. Hain zuzen, oraingoa Iñaki Letona da, Gaikerreko zuzendari nagusia. Euskal zentro teknologikoen betebeharra oso argi dauka. «Euskal Herriko sare teknologikoan EITE zentroen elkarte bakarra da», dio Letonak. Xede nagusia lehia industriala sustatzeko tresna moduan teknologia aurkeztea da. «Gure enpresen jarduera nagusia ikerketa eta garapenerako proiektuak dira, baina enpresen berrikuntza sustatzen dituen hainbat zerbitzu eskaintzen dugu: laguntza teknikoa, homologazioa eta egiaztapena, trebakuntza ikastaroak eta gizartean eta industrian kultura teknologikoa indartzeko zabaltze ekitaldiak».
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia