Fusio hotza
1989/04/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Izan ere, nukleo atomikoen fusioa erdietsiko duen prozesuari hasiera emateko tenperatura izugarriak behar direla uste izan da beti. Orain arte Lurrean lortu den fusio nuklear bakarra, hidrogeno-bonbaren leherketa izan da. Kasu horretan, fusioa erdiesteko beharrezko beroa bonba atomiko arrunt baten leherketaz lortzen da.
Hala eta guztiz ere, joan den Aste Santuan berri itzela zabaldu zen teletipotan: Estatu Batuetako Utah unibertsitatean hotzetan eginiko deuterioaren fusioa lortu omen da. Hotzetako fusioa lortu dutenak Stanley Pons eta Martin Fleischmann elektrokimikariak izan dira. Fusioa nola lortu duten ez dute argi azaldu, baina aditzera eman dutenez, hauxe da gutxi gorabehera prozesua: paladiozko barratxo bat sartu dute deuterioz betetako saiodi batean; automobil-bateria batek emaniko korronte elektrikoa pasarazi da saiodian zehar; deuteroiak, deuterio-nukleoak alegia, paladioan metatu dira; paketamendua oso trinkoa izan denez, metalaren sare kristalinoan zehar pasatu dira eta deuterioen fusioa gertatu da. Bi zientzilariek esan dutenez, fusioa gertatu ondoren lortuden energia, sistemara hasieran sartutakoa baino lau bider hanidagoa izan da. Energiaz gain, tritioa eta neutroiak lortu omen dira.
Iragarpen honen aurrean komunitate zientifikoa oso eszeptiko agertu da eta atzerriko egunkariek orrialde osoak eskaini dizkiote gaiari. Dena den, Pons eta Fleischmann zientzilari ezagun eta ospetsuak direnez beren berriak izango ditugula ziurta daiteke.
Arazoaren bilakabideari buruz ahalik eta informaziorik zehatzena ematen saiatuko gara. (Elhuyar. Zientzia eta Teknikaren hurrengo alean fusiozko energia nuklearraz Jose Antonio Legarretak idatziriko artikulua argitaratuko dugu; horixe egiteko asmoa bait genuen aldez aurretik).
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia