Fusio hotza?
2002/04/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Fusioa tenperatura kontrolagarrian eragiterik balego, ohiko zentral nuklearren arazoa konpon liteke. Baina orain arte ikerketa horrek ez du emaitzarik eman, eta dirua horretan xahutu behar den edo ez erabakitzeko eztabaida ugari izan da azkenaldian.
Orain, fusio hotza eragiteko esperimentu baten berri eman du Science aldizkariak. Rusi Taleyarkhan fisikari estatubatuarrak hidrogeno-atomo guztien partez deuterio-atomoak dituen azetona zilindro-itxurako ontzi batean sartu eta soinu-uhinen bitartez bonbardatu zuen. Aldi berean, abiadura handiko neutroi-sorta batez ere bonbardatu zuen. Hala, milimetro bateko diametroko burbuilak sortu ziren, eta, burbuila horien elkarrekintzetan, deuterio-atomoek elkarrekin talka egin zuten; ustez, fusioa gertatu zen. Teknika berri horri kabitazio akustikoa deritzo.
Dan Shapira eta Michael Saltmarsh fisikari estatubatuarrak saiatu ziren detektagailu horrekin Taleyarkhanen esperimentua berriz egiten, eta ez zuten neutroirik detektatu, fusioa gertatu den adierazlea, alegia. Baina beste zientzialari batzuek kritika asko egin dizkiote azken esperimentu horri ere.
Aste honetako Science aldizkarian fusio hotzaren berri ematea erabaki zen, eta erabaki hori editorialean justifikatzen da. Donald Kennedy editoreak sortu den eztabaida azaltzen du. Eztabaida hori onartuta, editoreen ustez horrelako ikerketen berri eman behar dela eta kasu horietan irizpideek ez dutela oso zorrotzak izan behar defendatu du. Science aldizkariak artikulua onartu du, baina eztabaida bizia dago.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia