Fimosia: ebaki ala ez?
1995/03/01 Agirre, Jabier - Medikua eta OEEko kidea Iturria: Elhuyar aldizkaria
Arrazoi asko daude jokoan: gaia “delikatu” samarra izatea batetik (tartean erlijioak eta moralak ere izaten baitute zeresanik), baina bestetik komunikabideetan horrek eragiten duen “morboa”, betiko exagerazio eta mitoekin.
Gaurko honetan fimosiaz arituko naiz, gauzak bere puntuan utzi nahirik, nire eguneroko esperientziak jendeak arazo honen inguruan ezjakintasun eta nahasmendu franko dituela erakutsi baitit.
Zer da fimosia?
Glandea edo zakil-mokoa estaltzen duen azala (horri prepuzioa esaten zaio) askotan estutu egiten da, eta orduan ezinezkoa izaten da zakila tentetzen denean glandea agerian geratzea. Egoera patologiko horri fimosia deritzo, eta gizonezkoengan patologia usua da.
Fimosia oso usua da; ume txikietan batipat. Hala ere, esan beharra dago prepuzioa atzera ekartzeko maniobra behin eta berriz errepikatuko balitz, zakil-mokoa erabat atera eta garbituz, fimosiaren frekuentzia helduengan nabarmen gutxituko litzatekeela.
Zergatik izaten da? Normalean sortzetiko malformazioa dela onartzen da, baina behin edo behin agertzen da 50 urtetik gorako gizonezkoengan ere, prepuzioaren inflamazio eta endakapen-prozesu baten ondorio gisa: prepuzioak bere elastikotasuna galdu egiten du, eta ezinezkoa izaten da zakil-mokoa erabat libratzea.
Eta nola konpontzen da problema hau? Fimosia operazio kirurgiko txiki eta sinple batekin konpontzen da; zirkuntzisio edo erdainkuntzarekin, zakil-mokoaren inguruan dagoen azala moztuta alegia.
Horrelakorik egiten ez bada, konplikazioak ager daitezke (infekzio modukoak gehienbat) higienea behar bezala egiterik ez dagoelako. Zenbait kasutan, prepuzioaren zuloa hain txikia da, ezen gernua ateratzen ere zaila izaten baita, eta horrek gernu-aparatuan hainbat alterazio sor ditzake.
Beste konplikazio bat parafimosia da: prepuzio edo azal fimotikoa zakil-mokoaren azpitik geratzen da, une jakin batean koitoan edo masturbazioan. Eta egoera horretan dagoela, prepuzioak eraztun moduko bat sortzen du, glandea estutuz, eta odola benetan barrena atzera itzultzea eragotziz, horrek guztiak glandearen edo zakil-mokoaren hantura sortzen duelarik. Orduan behar-beharrezkoa da prepuzioa bere lekura eramatea, eta hori medikuak eskuzko maniobrekin edota operazio txiki baten bidez lortuko du.
Zirkuntzisioa. Ohitura hutsa edo zerbait gehiago?
Zirkuntzisioa edo erdainkuntza. Ebaki sinple bat besterik ez, baina esanahi sakonekoa. Zirkuntzisioa duela milaka urte jaiotako errituala da, gaur egun milioika eta milioika pertsonak mundu osoan zehar praktikatzen duena, tartean erlijioa, higienea, tradizioa, eta moralitate-kontzeptu bitxi samarrak ere nahasten direlarik.
Zirkuntzisioa Harri Aroan ere bazela pentsatzeko arrazoiak badira. Historian zehar transformatu egin da, bere esanahian aldaketak jasan ditu (forma diferenteak hartuz) eta une desberdinetan egin izan da. Baina hortxe dirau, beti bezala, eta ia ezinezkoa da gaur egun herrien usadio eta ohituretatik praktika hori baztertzea. Ez tradiziorik eta ez historia propiorik ez zuten herrietan etxekotu eta beretartu egin dute, eta adoptatu egin zutenek ere bere historia eta kondaira propioak sortu dituzte horren inguruan.
Gaur egun, hirugarren milurtekora sartzera goazelarik, judutar eta musulman guztik, sinestunak badira behintzat, zirkuntzisiotik pasatzen dira; baita Estatu Batuetako mutil jaioberrietako asko eta asko (inkesta edo estatistika batzuen arabera % 80ra iritsiko litzateke zifra hori), Amerikako indiarren zati handi bat (bai Ipar, bai Erdi eta baita Hegoamerikan ere), Mikronesia eta Polinesiako natiboak, Australiako aborigen eta afrikarrek ia gehienak. Baina ez dira gizonezkoak bakarrik erdaintzen; emakumezkoak ere bai baizik. Mundu osoan, 100 emakumetik 70 direla kalkulatzen da klitoriaren erauzketa, eszisioa deitua, edota oraindik ere gogorragoa den infibulazioa (hau da, zirkuntzisioa eta bulbako ezpainak jostea) jasaten dituztenak.
Zein da pertsonak beren buruari, eta duela hainbeste denbora hasita, era horretako gehiegikeriak egiteko arrazoia? Zergatik mantentzen dira denboran zehar horren gogorrak eta odoltsuak diren tradizioak? Erantzuna erraza da judutar eta musulmanentzat: horrela dago idatzia Biblian, horrelaxe nahi dute Jainkoak eta Mahoma profetak.
Testamentu Zaharrean, Moise sen lehenengo liburuan (17. kapitulua, 10+14 bertsetak) dago juduek betidanik hain zorrotz bete duten agindua: “Jaioberri guztiak erdaindu egingo dira jaio eta zortzi egunera. Horrela izango da beti. Gorputzean eraman beharko duzue nirekiko duzuen loturaren seinalea. Eta zuen artean erdaindua ez legokeena ez da bizitzarako duin izango eta herritik iraitzia izango da”.
Gaur egun zentzu eta kutsu erlijiosoa duela ez du inork ukatzen, baina seguruenik hasieran erdainkuntza iniziazio-errito bat besterik ez zen izango judutarrentzat orain ere hainbat gizarte eta triburentzat den bezalaxe.
Fimosia eta zirkuntsizio edo erdainkuntzari buruzko hainbat galdera
Fimosia operatzeko adinik egokiena zein da?
Ez dago horretarako adin berezirik, baina operazioa bi urte bate baino lehen egitea ez dela komeni esan daiteke; adin horrexetan banantzen baitira, modu guztiz naturalean, zakil-mokoa eta prepuzioa. Konplikaziorik gertatuz gero, noski, une horretan bertan egingo litzateke kirurgia, beste inolako geroko gerorik gabe.
Ume jaioberrietan, askotan ezinezkoa izaten de prepuzioa erabat atzera ekartzea, baina sarritan medikuak ez larritzeko esaten die gurasoei. Ez al du umeak fimosirik edukiko?
Litekeena da ez edukitzea. Glandea eta prepuzioaren barruko aldea azal batek estaliak daude, eta fetu-garaian bi azalak elkarturik daude. Jaiotakoan hasi da azala bi geruzatan banantzen, baina umerik gehientsuenetan banatzea ez da oraindik amaitu, eta bi geruzen arteko atxikidura eta loturak direla medio, prepuzioa nekez erretiratzen da erabat. Horrek ez du kezkatzeko adina motiborik ematen, normalean denborak aurrera egin ahala geruzak gero eta bananduago daudelako, eta espezialista batzuen arabera, ezin esan daiteke umeak fimosia duenik bi urte bete baino lehen.
Zirkuntzisio edo erdainkuntzak hainbesterainoko abantailak baditu, zergatik ez dira ume guztiak erdaintzen?
Egia da erdainkuntzak badituela abantaila batzuk. Adibidez, zakileko minbiziaren intzidentzia eta glandeko infekzioen maiztasuna jaitsi egiten dira. Eta horrelako arrazoiak dira zenbait herrialdetan jaioberri guztiak erdaintzera gomendatzeko erabiltzen direnak. Hala ere, abantaila horiek oso erlatiboak dira, mesede berberak lor baitaitezke zona prepuziala behar bezala garbitzen bada: higiene egokiak “esmegma” izeneko sekrezio edo jarioak garbitu egiten ditu, eta horiexek dira infekzioen erantzule. Beraz, higiene egokia eginez gero, ez dago justifikaziorik mutiko jaioberri guztiei zirkuntzisioa egiten hasteko.
Gure umea laster da, fimosia dela eta, operatzekoa. Anestesia orokorra erabiliko zutela uste genuen, baina medikuak ez dela beharrezkoa izango esan digu. Nola liteke hori?
Erdainkuntza egiteko ekintza operatorioak berak sortzen duen mina kendu beharra dago. Hori anestesia orokorrarekin lortzen da, edota operatu beharreko zona lokalki anestesiatuz ere bai. Pazientea txikia denean (haurra denean batipat), normalean anestesia orokorraz operatzea gomendatzen da, umearen urduritasunak interbentzio kirurgikoa eragotzi ez dezan.
Esan izan da gizonezko guztiak erdainduak daudelako aparatu genitaleko gaixotasun batzuk ia desagertuak daudela juduengan. Zein gaixotasun dira horiek?
Egia da zakileko minbizia duten gizonezkoen portzentaia askoz ere txikiagoa dela judutar erdainduengan beste talde sozial batzuengan baino. Eta bestalde, umetoki-lepoan prozesu kantzerosoak dituzten emakumezko juduak ere gutxiago dira proportzioan gainerako gizarte-taldeetan baino, eta horretan ere gizonezkoen zirkuntzisioak baluke zeresanik (baina hori ez dago erabat frogatuta).
Bestalde, zirkuntzisioak aparatu genitaleko higienea errazten du, eta litekeena da horrek gaixotasun benereoren baten kontagioa prebenitzen laguntzea, baina normalean gizonezko erdainduek beste edozeinek adina arrisku daukate era horretako gaixotasunak harrapatzeko.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia