}

Fields dominak banatu dira aurten

1995/01/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Matematikarien artean Nobel sarien parekoak dira nolabait, baina hauek ez bezala, badute klausula bat matematikari gazteentzat dela esanez, eta hori 40 urtetik beherakoentzat dela interpretatzen da. Duela lau urte (“Elhuyar. Zientzia eta Teknika” 43. alea, 1991) idatzi nuen “Matematikarien Nazioarteko kongresuak” artikuluan aipatzen nuen zer ziren domina horiek eta nola banatzen ziren.

Labur esanda, lau urtean behin ematen dira, Matematikarien Nazioarteko Kongresua ospatzearekin batera, eta lau sari eman daitezke gehienez bakoitzean. Joan den abuztuaren 3tik 11ra Zurich-en ospatu zen Kongresua eta bertan banatu ziren Fields dominak. Aurtengo irabazleak hauexek izan dira: Jean Bourgain belgiarra, Pierre-Louis Lions eta Jean Christophe Yoccoz frantziarrak eta Efim Zelmanov errusiarra.

Lehenak Frantzian egin du lan zenbait urtez (Institut des Hautes Etudes Scientifiques delakoan) eta Princetonera (EEBBetara) joan berria da, frantziar biek Parisen lan egiten dute (Paris-Dauphine eta Paris-Sud Unibertsitateetan, hurrenez hurren) eta Zelmanov Novosibirsk-en egon zen 1990era arte, handik Wisconsin-era joan zen eta aurten Chicagoko Unibertsitatera pasatu da. Aurreko Kongresuekin konparatuz Analisi Matematikoaren presentzia oraingoan nabaria dela esan dezakegu; hauxe baita lehen hiruren lan-arloa, laugarrena algebraria den bitartean. Bestalde, Lions-en kasuan, orain arte ahaztuta egon den Matematika Aplikatua ere saritu dutela azpimarratu da.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia