Elhuyar zientziaren komunikazioa

Fausto Elhuyarren urteurrena (1755-1833)

2001/10/11 Elhuyar Zientzia

Fausto Fermin Elhuyar Zubize gaurko egunez jaio zen Logroñon, 1755. urtean. Joan Jose anaiak bezalaxe, batez ere kimika eta mineralogia landu zituen. Hain zuzen ere, Elhuyar anaiek isolatu zuten wolframio elementu kimikoa munduan lehen aldiz, Bergaran.

Elhuyar anaien aita, Jean, kirurgilari famatua zen; Hazparnen jaioa eta besteak beste, begiko kataratak operatzen trebea. Leku askotatik etortzen zitzaion jendea sendatzera. Donibane-Lohizuneko Ursula ama bera txikia zela hil zen eta anaia zaharragoa Joan Jose nahiz arreba gazteagoa Maria Lorentza zaintzearren, aita berriz ezkondu egin zen.

1772an, aitak Fausto bere anaiarekin Parisera bidali zuen ikasketak egin zitzan. Anaiak bezalaxe, batez ere kimika eta mineralogia landu zituen. 1778an anaia Joan Jose baino urtebete geroago, Bergarako Erret Mintegiko laborategian hasi zen lanean, baina laster joan ziren berriz bi anaiok Europan barrena (Paris, Strasburg, Mannheim, Freiburg, Leipzig eta abarrera) metalurgiari buruzko azken teknikak ikastera.

1781ean Austrian eta Hungarian ibili ondoren, urrian Bergarara itzuli zen, bitartean Joan Jose anaia Suediara abiatu zelarik. Bergaran Faustok bere dotazioaren herena Darcet-ek esplikatutako teknikak Saxoniatik ekarritako mineral bati aplikatzen zizkion; Bohemia eta Saxoniaren mugako Zinnwald-eko eztainu-meatzetatik ekarritakoari, hain zuzen. 1782az gero, anaia Joan Joserekin batera egin zituen bere saiakuntzak.

Minerala deskonposatu eta burdina eta manganesoa atera zituzten. Geratzen zen hondakina azido nitrikoz tratatuta, hauspeakin zuria lortu zuten. Gero azido klorhidrikoaz konbinatuz, hauspeakin horia lortzen zen (W03 edo wolframio VI oxidoa, hain zuzen). Berau erreduzitzeko, xehetu eta ikatz-hautsarekin nahastuta ordu t'erdiz su indartsuan eduki zuten. Botoi grisaren moduko bat atera zen. Hatzetan hauts bihurtzen zitzaien, alerik handiena orratz-buruaren tamainakoa zelarik. Wolframio izeneko elementu kimikoa zen, munduan lehen aldiz Bergaran isolatua.

Aurkikuntza nagusi horren berri idatzita lehen aldiz Xabier Maria Munibe eta Azkoitiko Zalduntxoek sortutako Herri-Lagunen Erret Elkartearen Gasteizko Batzarre Nagusian, 1783an eman zen. Hurrengo urtean eta seguru asko Faustok idatzita, Frantziako Tolosako Zientzi Akademiak argitaratu zuen aurkikuntza-prozesuaren txostena. 1785. urtean Ingalaterran argitaratu zen, 1786.ean Alemanian eta ondoren Suedian.

Fausto Elhuyar, bere anaia Joan Joserekin, gero urre, platino, zilar, kobre, burdinurtu eta abarrekin nahastuta wolframioaren aleazioak lortzen saiatu zen.

Fausto Bergaratik Alemaniara eta Hungariara joan zen, Born-eko baroiak zilar-mineralak merkurioz tratatzeko asmatutako teknikak ikastearren. Ameriketara teknikariak eramateko lanetan ere ibili zen. Vienan 1787.eko urriaren 16an Joana Raab-ekin ezkondu eta urte hartantxe frantsesez Dissertations métalurgiques izeneko idazlana idatzi zuen, baina zoritxarrez ez da guganaino heldu.

Espainiara itzulita, 1788. urterarte meatzetarako injineru eta teknikariak (alemanak asko) prestatzen aritu zen. Mexikora eraman zituen berarekin batera hango ustiapenak hobetu eta berritzearren.

Mexikon 1792an "Real Seminario de Minas" izenekoa sortu zuen; hango lehen injineru-eskola, alegia. 1821ean Agustin Iturbide (Mexikoko enperadore izango zena) Ameriketara heldu zenean, Faustok bere kargutik dimititu eta Espainiara itzuli zen. Espainiako Meatzaritzarako Zuzendaritza Nagusia antolatu zuen eta Espainiako mapa geologikoa prestatzeari ekin zion. Asturiasko meatzeak ere aztertu zituen.

Meatzetako Zuzendari Orokor eta Meatzaritza-Eskolako zuzendari zela, Madrilen hil zen 1833.eko urtarrilaren 6an, bere Luisa alaba bakarra Habana-n zegoelarik.

Informazio gehiago:

Elhuyar anaiak
Juan Jose Elhuyar espioi-lanetan

Joan Jose Elhuyar

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Saioa hasi

Erabiltzaile-izenik ez baduzu, eman izena

Pasahitza ahaztu zait

Jarraitu Zientzia.eus

Eduki gehiago

Gehitu zure bloga

Zientzia app

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzula. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak (Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak) diruz lagundua

Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
Gipuzkoako Foru Aldundia