Ezustekoren batekin banatu dira Fields sariak

Aurten Madrilen antolatu dute Matematikarien Nazioarteko Kongresua ( ICM2006 ). Kongresuan mundu osoko milaka matematikari bilduko dira ondorengo egunetan. Ospakizun berezi batekin eman diote hasiera kongresuari; izan ere, irekiera-ekitaldian Fields dominak banatu dituzte. Saritutako matematikariak Andrei Okounkov, Grigori Perelman, Terence Tao eta Wendelin Werner izan dira.
Matematikarien Nazioarteko Kongresua ospatzen hasiak dira Madrilen.

Fields sariak matematikaren Nobel sariak dira, nolabait esateko, eta lau urtean behin banatzen dira. Nolabait, une honetan dauden matematikari gazte azkarrenen lana saritzen dute (saria jasotzeko berrogei urte baino gutxiago izan behar dira). Dominarekin batera saridunak hamaika mila euro inguruko saria ere jasotzen du, beraz, ikusmin handia izaten da saridunen izenak ezagutzeko.

Bada, aurten izen bat nabarmendu da guztien gainetik: Grigori Perelman. Perelmanek milurteko lehen problema ebatzi zuen, Poincare-ren aierua , eta, horregatik, saridunen kiniela guztietan agertzen zen. Perelmanen alde apustu egin zutenek ez dute, bada, kale egin: Fields domina bat eman diote. Baina ez du jaso.

Egia esan, kongresuaren aurreko egunetan bolo-bolo ibili da Perelman domina jasotzera agertuko ote zen. Dirudienez, nahiko izaera bakartia du, eta duela egun batzuk The Sunday Telegraph aldizkariko kazetari bati esan zionez, ez omen dauka ezer interesgarririk esateko, bere kalkuluak argitaratuta daude eta hori omen da jendeari eskaintzeko duena. Ez da gutxi dena den.

Gainerakoan, sari-banaketa espero bezala joan da. Okounkov, Tao eta Werner pozik agertu dira sariarekin eta esker oneko Matematikarien Nazioarteko Elkartearekin.

Ondorengo egunetan, matematikaren punta-puntako gaiak izango dituzte hizpide Madrilen bildutakoek.

Nagore Rementeria Argote

Elhuyar Zientzia Kimika Zientziak ikasi zituen Euskal Herriko Unibertsitatean eta zientziaren eta teknologiaren dibulgazioan ari da 2003ko otsailetik Elhuyar Fundazioan.

Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkarian erredaktore lanak egiteaz gain, irratian ere aritu izan da: aurkezle gisa egin zituen hainbat urte Euskadi Irratiko Norteko Ferrokarrillean Guillermo Roarekin batera.  Gaur egun Teknopolis telebista-saioko erredaktorea da,  ETBrentzat Elhuyar Fundazioak ekoizten duen saioan.

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali