}

Ez zuela nahi, ez zuela nahi...

2002/12/23 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Txinatarrak oso kezkatuta daude zooetako pandek ez dutelako amodio-jokoetarako gogorik. Panda basatien populazioa behera egiten ari da, eta, aldi berean, gatibu daudenak ez dira ugaltzen. Dirudienez, panda arrek
sexu-gosea galtzen dute gatibutzan, eta ikertzaileek panden gogoa pizteko saiakerak egin arren, ez dute emaitza onik izan.
Pandek banbua besterik ez dute jaten, eta egunean 14 ordu pasatzen dituzte sabela betetzen.

Nork ez du panda ezagutzen? Izan ere, itxura goxoa eta maitekorra du, ia-ia peluxezko animaliak dirudi, eta, ziurrenik, horregatik biltzen du jendearen arreta. Horregatik eta oso egoera larrian dagoelako: jakina da desagertzeko arriskuan dagoela.

1869. urtera arte, ordea, ia guztiz ezezaguna zen. Urte hartan, Tibeterantz zihoala, Armand David naturalista ezpeletarra Moupin printzerrian gelditu zen, hango animaliak eta landareak ikertzen. Eta orduan hitz egin zioten lehenengo aldiz hartz zuriaz.

Hasieran, Himalaiako hartz beltzaren barietate albinoren bat izango zela pentsatu zuen. Baina laster eduki zuen pandak aztertzeko aukera, eta benetan zuri-beltzak zirela egiaztatu zuen: gorputz zuria zuten, bai, baina beso, lepo, hanka, belarri eta 'betaurreko' beltzak zeuzkaten.

Gainera, ordura arte deskribatu gabeko espeziea zela konturatu zen; beraz, aurkikuntzaren garrantziaz jabetuta, izen zientifikoa eman eta behin-behineko deskribapena bidali zuen Parisera, ahal bezain laster argitara zezaten. Hortaz, ezpeletar bat izan zen panda handia aurkeztu zuena mendebaldean. Hori bai, berak jarritako izena ( Ursus melanoleucus ) ez zen zuzena, ez baita beste hartzen genero berekoa, eta gaur egun Ailuropoda melanoleuca deitzen diote zientzialariek. Horretaz guztiaz idatzi du luze eta zabal Kepa Altoganak "Armand David, pandaren aita" liburuan.

Erraldoi banbu-jalea

Armand Davidek bidalitako gorpuzkinetan oinarrituta, irudi hau egin zuten Parisko Natur Historiaren Museoko arduradunek.

Garai haietatik hona, pandak ospetsu bihurtu dira, eta dagoeneko ez dute sekreturik naturalistentzat. Panda erraldoi helduek 85-125 kg pisatzen dute eta 120-190 cm luze dira. Ia banbua besterik ez dute jaten, oso noizbehinka probatzen dute haragia, eta banbua elikagaietan urria denez, ez da harritzekoa eguneko 14 ordu ematea jaten. Nola ase bestela halako animalia handia!

Ez dira oso animalia ugalkorrak: emeak 2-3 urtetik behin kume bakar bat izaten du, eta oso gutxitan jaiotzen dira bikiak. Kumeak itsu eta ilerik gabe jaiotzen dira, eta 80-120 g besterik ez dute pisatzen. Baina azkar hazten dira, eta 8 astean 20 aldiz gehiago pisatzen dute. Urtebete inguru dutenean, banbua jaten hasten dira, eta beren amen ondoan jarraitzen dute hurrengo kumea jaio arte, gutxi gorabehera 18 hilabete dituzten arte. 4,5-7,5 urterekin, heldutasunera iristen dira.

Pandak 1.200-3.400 m-ko altueran dauden banbu-oihanetan bizi dira. Garai batean, haranetan eta mendi baxuagoetan ere bizi ziren, baina orain gizakiak hartu ditu lur horiek, eta pandak baztertuta gelditu dira. Gainera, urtetan neurriz kanpo ehizatu dituzte; horregatik guztiagatik, populazioa asko jaitsi da, eta Txinako gobernuak panda erraldoia babesteko neurriak hartu behar izan ditu: naturguneak izendatu ditu, ehiza debekatu du, eta zooetan eta naturguneetan ugalketa-programak jarri ditu martxan.

Berez ez dira oso animalia ugalkorrak: bi edo hiru urtetik behin, kume bakar bat izaten dute.

Izan ere, pandaren egoera benetan larria da. Azken bi hamarkadetan, populazioa erdira jaitsi da, eta mila panda basati besterik ez dira gelditzen. Oso sakabanatuta daude, eta ez daukate babestutako oihan batetik bestera joateko aukerarik; beraz, elkartzeko oztopo handiak dituzte. Zooetan, berriz, ehun bat panda daude.

Ez dago arrak pizteko modurik

Berez, zooetako arduradunen asmoa pandak ugaldu eta askatzea da; horrela, pandek iraun egingo dutela bermatu nahi dute. Baina asmoak bete ezinik dabiltza. Nonbait, zooetan naturan baino are gutxiago ugaltzen dira. Jaio diren panda-kume gehienak intseminazio artifizialaren bidez sortu dira, eta oraindik ez dute lortu zooan jaiotako panda bakar bat ere askatzea.

Ikertzaileen esanean, arrek ez dute sexu-jokoetarako inolako gogorik, eta hori da ugalketa-programak porrot egitearen arrazoi nagusia. Ikertzaileek denetik probatu dute arrak suspertzeko: sendabelarrak eman dizkiete, Viagrarekin ere probatu dute... Alferrik!

Arazoa fisikoa baino gehiago heziketa-eza zela pentsatuta, sexu-heziketako klaseak ematea bururatu zitzaien beste ikertzaile batzuei. Horretarako, arrak emea nola estaltzen zuen azaltzen zuten bideoak prestatu zituzten, eta pandei jarri zizkieten. Dirudienez, panda batzuek ikasteko gogo handia zuten, eta lehen baino grinatsuago azaldu omen dira.

Argazkilaria: A. Elosegi Bikotea: Zooetan gatibu dauden panden sexurako gogoa pizteko, arrak emea nola estaltzen duen azaltzen duten bideoak jartzen dizkiete.

Hala ere, emaitzak oraindik ez dira nahi bezain onak, eta panden irrika areagotzeko saiakerak egiten jarraitzen dute. Duela gutxi, informatikari eskatu diote laguntza, eta panden osasun-egoera eta elkarren arteko ahaidetasun-maila aztertzen dituen programa berezi bat egin dute. Horri esker, estaltzeko une aproposa noiz den eta bikotekidea egokia den ala ez jakin dezakete. Ea horrela arrakasta gehiago duten!

Pandak babesten ahalegintzen den WWF erakundeak, berriz, zooen programa okerra dela salatu du. Izan ere, naturatik hartu eta zooetan jasotzen diren pandak ondorengorik utzi gabe hiltzen dira han bertan. WWFren esanean, askotan, ar gatibuek ez dute sexurako goserik agertzen eskaintzen dioten bikotekidea ez delako egokia izaten.

Dena dela, zooetan egotearen okerrena da ezin dutela naturan daudenean bezala jokatu. Hain zuzen, naturan pandak bakartiak dira, bakoitzak eremu jakin bat hartzen du eta araldi-sasoian bakarrik elkartzen dira. Orduan, arrek elkarren artean egiten dute borrokan, eta irabazleak emea estaltzen du. Ar batek, gainera, eme bat baino gehiago estaltzen du. Beraz, panden populazioa jaitsi ez dadin, pandak naturgune batetik bestera joateko modua erraztea proposatzen dute WWFkoek. Utz ditzatela pandak bakean eta libre, eta behin elkartuz gero, asmatuko dute zer egin!

7K-n argitaratua

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia