Ez da urrea diztira duen oro
1998/05/01 Alonso Cidad, Carlos Iturria: Elhuyar aldizkaria
Hondakin toxiko, arriskutsuez poluitutako lurrak gordetzeko, gaur egun ez du inork zalantzan jartzen segurtasun-biltegien alternatiba. HCHz poluituriko lurrentzat, adibidez. Atari zabaleko lurzoruak dira, osasun publikoarentzat eta ingurunearentzat arrisku zuzen eta berehalakoa suposatzen dutenak.
Guztiz bestelakoa da, ordea, segurtasun-biltegiak era guztietako hondakin poluitzaile eta arriskutsuak gordetzeko panazea bezala erabiltzea. Izan ere, horrek substantzia horiek ekoizten segituko genukeela esan nahiko luke, arazoa ezkutatu egingo litzatekeela, eta horrekin produktu eta hondakin jakin batzuen debekuaren eta erabilera mugatuaren aldeko politikak atzeratu egingo liratekeela.
Segurtasun-biltegi horiek non eta nola eraikitzen diren ere eztabaidarako gaia da, zein baldintzetan, non kokatuta, nolako bermearekin eta kontrolarekin, eta abar.
Duda barik, alternatiba hori hondakin poluitzaile eta arriskutsuen bilketa soila da eta ez ingurunea birpizteko operazio samur bat edo lur-mugimendu txiki bat, kasu batzuetan Ingurugiro Sailordetzak eta IHOBEk horrela azaldu badute ere.
Beraz, ingurune-inpaktua aztertu beharrekoa da lan honetan, nahiz eta proiektu askotan betebehar legal hau ez den kontuan izaten: Lemoako harrobia, Kastresana, Leioa… eta orain Sondika-Loiu. Bitxia bada ere, Barakaldoko segurtasun-biltegiaren kasuan egin egingo da inpaktuaren azterketa, apika eztabaida entzutetsuagoa izan delako herri honetan edo agian Europatik etorri den diruak horrelako lege-tramitea betetzea eskatzen duelako.
Ingurune-inpaktuaren ebaluazioak nahitaez eskatzen du proiektuen eta eraginari aurre egiteko hartzen diren neurri zuzentzaileen ezagutza publikoa. Ondorioz, lanen gaineko nolabaiteko kontrola eta parte hartzea gizartearen aldetik.
Orain arte dena obskurantismo handienarekin eraman da. Sondikako aireportuko proiektua horren adibide garbia da, langileen ordezkariek ere ez baitute informaziorik izan beraiengan kalteak nabarmentzen hasi eta aireportua geldiaraziko zutela esanez mehatxu egin duten arte. Ez dezagun ezer esan lurzoru poluituen ondoan bizi diren herritarrez edo segurtasun-biltegiaren kokapenaz.
Kontrol soziala lanak teknikoki hobeto egiteko berme bat gehiago da; horrela, agian, ez litzateke Leioakoa berriro gertatuko (Sarrienalde zentro komertzialaren ingurukoa). Lindanoaren lixibiatuak eta beste hondakin batzuk (arsenikoa, kadmioa…) kopuru handietan isuri dira Gobelas errekara segurtasun-biltegia eraikitzen zen bitartean eta baita eraiki eta gero ere. Gertakari horiek direla eta, Getxoko epaitegian dago auzia, kalte ekologikoa egin ote den erabakitzeko.
Honez gain, konpondu beharreko premiazko arazoak eta kokapen egokienak zein diren erabakitzeko gizarteak orain baino eskuartze zuzenagoa eduki beharko luke.
Orain arte, lurzoru poluituen arazoak proiektuaren edo azpiegituraren bideragarritasun ekonomikoa zalantzan jarri duenean baino ez dira neurriak hartu: Lemoako harrobia handitzeko proiektua, gune-komertzial handiak eraikitzea (Max Center Barakaldon, Pryca Sestaon, Sarrienaldea Leioan), Kadaguaren korridorea Kastresanan, Sondikako aireportua handitzeko plana… eta orain Barakaldon, hiriaren antolaketa berrian Ansio eta Ibarretako ibarretan espekulatu ahal izateko. Osasun publikoaren aldeko edo ingurunea babesteko lurraren gaineko ekimenik ez da ezagutzen. Beste behin ere, interes ekonomikoak aurrea hartu du.
Kokapenei dagokienez, “aliritzira”-ko politika nagusitu da. Obskurantismoz jokatu dute eta inongo kontrol publikorik gabe, arazoa sortu denean gertuko toki batera edo ustez arazorik sortuko ez duen tokira jo da, egon litezkeen alternatibak ikertu gabe eta eztabaida saihestuz. Publikoki, behintzat.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia