}

Zientzia-blogak: Zientzia.eus atariaren atal berria

2015/10/21 Elhuyar Zientzia

Zientzia-blogosferak leiho bat du zientzia.eus atarian. Hain zuzen ere, zientzia-eus-ek atal bat gehitu du, blogari zientziazaleen edukiak plazaratzeko, helburu bikoitzarekin: zientziazale euskaldunon komunitatea indartzea, eta zientzia-edukiak bilatzen dituzten erabiltzaileei eskaintza osoago bat ematea.
euskarazko-zientzia-blogosferak-leiho-berri-bat-da

2001. urtean sortu zenetik, zientzia.eus webguneak zientzia eta teknologia euskaraz gizarteratzea izan du helburu. Elhuyarrek publiko orokorrarentzat ekoizten dituen zientzia-edukiak (idatzizkoak, irratikoak zein telebistakoak) bildu, eta modu integratuan eskaintzen ditu.

Orain, interneten zientzia-dibulgazioan aritzen diren ikertzaile, irakasle, zientzialari eta, oro har, zientziazaleei leiho bat ireki die, zientzia-blogak atalaren bidez.  Hala, bi helburu bete nahi ditu zientzia.eus-ek: batetik, euskaraz sortutako eduki zientifiko eta teknologikoen erreferentziazko bilgune izatea, zientziazale euskaldunon arteko komunitatea indartzeko, eta, bestetik, eskaintza zabalago eta osoago bat eskaintzea kalitatezko eduki zientifikoak bilatzen dituzten erabiltzaileei.

Gehitu zure bloga

Webgunearen eskuineko zutabean gaitu dugun botoi baten bidez, formulario txiki bat betetzea nahikoa da norberaren bloga gehitu eta artikulu berriak Zientzia-blogak atalean agertzeko. Baldintza bakarrak: euskarazko zientzia-edukiak argitaratzea eta RSS bidez harpidetu ahal izatea.

Wolfram deuna. Ekitaldi fisiko, kimiko, analogiko eta antologikoa.

Arg. Correos

Atal berriaren helburuetako bat zientziazale euskaldunon komunitatea indartzea izanik, ezin genuen alferrik galtzen utzi dibulgatzaileak fisikoki elkartzeko aukera. Horretarako, umorezko bakarrizketa zientifiko laburrez osatutako ekitaldi bat antolatu dugu, azaroaren 4rako, Bergarako pleno aretoan.

Ekitaldia 19:30tan izango da, eta hizlari hauek jarriko dute gatza eta piperra: Ibon Cancio, Koldo Garcia, Ines Garmendia, Josu Lezameta, Josu Lopez-Gazpio, Uxune Martinez, Jon Mattin Matxain, Amaia Portugal eta Idoia Torregarai.

Ekitaldiaren izena eta lekua ez dira kasualitatea, Bergarako seminarioan isolatu bait zuten Elhuyar anaiek wolframa, euskal zientziak taula periodikoari egin dion ekarpena. Wolfram deuna jai giroan zientziaz gozatzeko aukera aparta izango da, eta denok gonbidatuta zaudete. Ekitaldiaren amaieran, Bergaran inauguratu berri duten Laboratorium museora bisita gidatu bat egiteko aukera ere izango da.

17.800 edukitik gora

Zientzia.eus-ek 17.800 edukitik gora ditu, denak euskara hutsean. Zientzia eta teknologiari buruzko edukiak dira, hainbat formatutan: artikuluak, elkarrizketak, argazki-galeriak, bideoak, audioak, agenda, liburuak... eta orain, blogak ere bai. Eduki horretan guztian erraztasunez mugitzeko, gaika nabigatzeko aukera eskaintzen du eta, noski, atal berriko edukiak ere gaikako bilaketetan zerrendatuko dira.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia