}

Euskal Herriko kostaldea (eta XIII): Bizkaiko itsaslabarrak (eta II)

1996/04/01 Estonba Mintxero, Mikel Iturria: Elhuyar aldizkaria

Lehen hurbilpena egin genuenetik irakurle, denbora franko iragan da. Euskal Herriko kostaldea aztertu dugu denbora-tarte honetan eta ondokoa duzu azken artikulua. Bizkaiko itsaslabarrei eta kosta babesteko dauden bitarteko administratiboei gainbegiratua egingo diegu jarraian, sailari amaiera emanez.

Bakiotik Legorarri lurmuturreraino

Bakioko badian hasi eta Billano izenaz ere ezagutzen den Legorarri lurmuturreraino zabaltzen den kosta-zatian flysch iluna ageri zaigu, Endatatik Lekeitioraino eta Bermeotik Gaztelugatxeraino deskribatu dugun Erdi Kretazeoko marga buztintsu eta harearriez osaturiko egitura bera, alegia. Jadanik sarritan aipatu dugunez, ez gara hemen egitura horretaz hitz egiten luzatuko.

Astondoko badiari izena ematen dion Astondo punta ikus daiteke argazkian.
M. Estonba

Higadura-diferentzialak sortutako elementu geomorfologikoak bereziki aipagarriak eta ikusgarriak dira kosta-zati horretan. Bakio, Barasorda eta Armintzako badiak, Legorarri lurmuturra eta Billano irla dira esandakoaren adibiderik argienak. Bakioko badia da guztien artean ezaugarririk berezienak dituen parajea. Diapiro baten gainean dagoenez gero, bere ingurua baino askoz azkarrago higatu da eta Kuaternarioko sedimentuez betetako kosta-lerroaren sargune nabarmena ikus daiteke bertan.

Kosta-zati honetan ezaguna da halaber, Barasordako badia. Bere balio geologikoa eta ekologikoa baino ospetsuago da bertan martxan jarri nahi izan zen zentral nuklearra. Zorionez, hogei urte igaro badira ere, iaz amaitu zen Euskal Herriko etorkizun nuklearra irudikatzen zuen Lemoizko zentral nuklearraren ibilbide traketsa. Nolanahi ere, hortxe geratu dira, guztiok gogora dezagun, zentralaren eraikuntza-lanek eragin zituzten kalte ekologikoak eta paisajistikoak. Tamalez, gaur egungo agintari politikoek orduko azpiegiturari beste erabilpenen bat emateko ahaleginak egin dituzte, eskualdea berreskuratzeko asmorik erakutsi gabe.

Billano irla.
M. Estonba

Ekologiari lotzen bagatzaio, ingurune honetako marearte eta itsaslabarretako ekosistemez gain, beste eratako ezaugarriak ere nabarmen daitezke. Aipatzekoak dira, besteak beste, itsasbazterraren inguruko artadiak; Bakio eta Armintza arteko Jata mendiaren maldetan behera abiatzen diren errekatan eta Ermua mendian jaio eta Armintzan itsasoratzen den Urtzuriko errekan dauden tropiko aldeko iratze-espezieak eta, kaio-koloniez gain, habiagileak diren Ubarroi mottoduna ( Phalacrocorax aristotelis ) eta ekaitz-txori txikia ( Hydrobates pelagicus ).

Legorarritik Sopelaraino

Butroe ibaiaren bokaleko Astondoko badia zoragarria. Bertan aurki daitezke alderdi honetako elementu geomorfologikorik garrantzitsuenak.
M. Estonba

Goi Kretazeoko karearri eta margez osaturiko flyscha ageri da kosta-zati honetan, Lapurdiko hegoaldea aztertu genuenean aipatu genuen egitura bera, hain zuzen. Hala ere, egitura ez da berdin agertzen zati osoan: Legorarrin flyscha zaharragoa eta ilunagoa da, karearri- eta marga-geruzen artean harearri eta lutitez osotutako geruzak bereiz daitezkeelako; Sopelara hurbildu ahala aldiz, geruza horiek desagertuz doazela eta kolorea argituz doala igerriko du bidaiariak; Sopelako Arrieta-Atxabiribil hondartzara iristean azkenik, dinosauruen desagerpenaren sekretua gordetzen duten Mesozoiko eta Tertziarioaren arteko estratuak berriro ageriko dira, kosta-zati eder honen bukaera adieraziz.

Aipatzekoa da bestalde, Sopela inguruko diapiro txikiaren azaleramendua, nahiz eta bere tamaina txikiagatik horren ondorioak oso nabarmenak ez izan.

Sopela inguruan itsaslabar ederrak eta urradura plataforma zabalak aurkitzen ditugu. Hauetako batzuen gainean sortu dira Getxoko hondartza ospetsuak. Azkorri hondartza.
M. Estonba

Zati horretan guztian, higagarritasuna oso handia da eta, Zumaiako itsaslabarra aztertzean aipatu genuenean esan bezala, kostaldeak atzera egin duela nahikoa nabarmena da. Horren ondorioak dira zona honetako hondartza zoragarriak eta urradura plataforma handiak.

Bestetik, ezin daiteke aipatu gabe utzi Butroe ibaiaren bokaleko Astondoko badia, bertan aurki baitaitezke alderdi honetako elementu geomorfologikorik garrantzitsuenak.

Alderdi ekologikotik aztertuta ordea, kosta-zati honetako ezaugarriak jadanik aztertu ditugula esan daiteke, bereizgarri den ezer ez baitugu hemen aurkituko. Alabaina, marearteko eta itsaslabarretako ekosistemen egitura naturalak osorik iraun du hemen eta ondorioz, biodibertsitate handia mantendu da bertan; hori horrela izanik, Bizkaiko eskualderik egokiena da hau ekosistema horiek aztertu nahi dituztenentzat.

Sopelatik Arrigunagaraino

Arrieta-Atxabiribil hondartzan amaitu dugun ibilaldiari jarraipena ematean, Tertziarioko lurraldeetan sartuko gara berriro. Bertan, Pirinioak inoiz altxatu egin zirela gogoratuz, aurreko zatirako deskribatu dugun flyscha eta harearrizko zenbait estratu daude ikusgai. Itsasoarekiko ia-ia bertikalak dira zati honetako labar altuak eta horien oinarrian, hondartza zoragarriak ostatatzen dituzten kala zabalak irekitzen dira, higadura diferentzialak sortuak.

Bariantxe-Atxabiribil hondartzaren inguruko urradura-plataforma.
M. Estonba

Nerbioi itsasadarreko Abratik gertuen dauden kaletan fenomeno geologiko bitxia gertatu da azken urteotan: ibaiak garraiaturiko sedimentuetan siderurgiako hondakinak izan dira nagusi eta hauek azkar solidifikatzen direnez, Beachrocks izeneko harri gazte eta bereziak eratu dira. Erraza da oso Tertziarioko harriak eta Kuaternariokoak bereiztea, lehenak argiak eta itsasoarekiko bertikalak baitira eta bigarrenak berriz, ilunagoak eta itsasoarekiko horizontalak.

Inguru honetako elementu geomorfologikorik garrantzitsuena Galea lurmuturra da. Estratu bertikaleko itsaslabarrez osatuta dago, baina beste zerbaitek damaio paraje horri kostaldeko barrendegi garrantzitsuenen artean zerrendatzeko arrazoia: Bizkaiko sinklinorioa itsasora sartzen da bertan eta Galea lurmuturraren eskuinaldeko eta ezkerraldeko itsaslabar-estratuen makurduren desberdintasuna da horren lekukoa.

Galea inguruko itsaslabarrak.
M. Estonba

Azterketa ekologikoa egin behar badugu irakurle, gizakiok eragindako sarraskia aipatu beharko dugu, tamalez. Marearteko ekosistema txirotu egin du poluzioak eta bizidun asko desagertu da bertatik; horrez landa, hondartzetan eta itsaslabarretako goialdean gizakiaren eragina oso handia izan da eta gaur egun, egitura naturala erabat narriatuta dago. Landare tipikoetako komunitate batzuek irautea lortu badute, itsaslabarretara heltzea zaila delako izan da, eta ez beste ezergatik.

Abraren ezkerraldetik Kobaron lurmuturreraino

Bizkaiko itsasbazterraren azken zati honetako egitura geologikoa, Lekeitiotik Bermeorainoko zatian aztertu dugunaren antzekoa da. Izan ere, Behe Kretazeoko marga eta harearrizko flysch gris-urdinez gain, harkaizpuru jatorrizko biohermoak ikus daitezke bietan. Egitura geologikoaren ezaugarriak direla medio, itsasoaren higadura txikia da inguru hauetan eta horrek, urradura-plataforma estuak sortzeaz gain, Luzero lurmuturra eratu du.

Bizkaiko sinklinorioa Galea puntan itsasoratzen da. Horren ondorioz, itsaslabar-estratuen makurduren desberdintasuna ikus daiteke bi aldeetara.
M. Estonba

Elementu geomorfologikoei dagokienez, Luzero lurmuturra eta Barbadun ibaiaren bokalean dagoen badia dira aipagarriak. Bultzada orogenikoek sortutako badia da eta bertan La Arena-ko hondartza zoragarria dago. Aipatuez gain, kosta-zati honetako baliorik garrantzitsuena alderdi ekologikoan datza. Inguru horretako mikroklima beroa, lehorra eta eguzkitsua da eta Mediterranioko baldintzak eta horkoak antzekoak direla esan daiteke; ondorioz, Euskal Herriko kostalde osoan topa ez daitezkeen populazioak edo komunitateak aurki daitezke bertan.

Gizakiaren eskuhartzea handia izan bada ere, badaude oraindik abarizti ( Quercus coccifera ) eta artadi ( Quercus ilex ) txikiak; faunari dagokionez berriz, mediterraniarreko soro-muxarra ( Eliomys quercinus ), ugaztunen artean eta Eskinko hiruhatza ( Chalcides chalcides ), narrastien artean, dira aipagarrienak.

Zierbena inguruan eraikitzen ari diren superportuak sekulako jipoia emango dio Nerbioiko Abrari.
M. Estonba

Nerbioiko Abra biologikoki aberatsa izan da beti; azken mendean ordea, industria iharduerak sortutako poluzioaren eraginez, arriskuan dago bertako ekosistema. Azken urteotako ahaleginaren ondorioz, egoera lehengoratzen ari dela esan daiteke, baina arerio berria agertu da berriki: Bilboko superportuaren proiektua. Inguru osoa erabat desitxuratuko luke horrek eta, are arriskutsuago izan daitekeena, hondoan metaturiko poluitzaileak berriro aska daitezke. Poluitzaileak hondotik harrotu eta uretan esekita geratuko balira, elika-kateetan metatzeko arriskua legoke eta jakina, eskualde osoko bizidunek pairatuko lukete horren eragina. Noraino irits daiteke gizakion irrazionaltasuna?

Ondorioak

Gure kostaldearen azterketa xehetua egiten ahalegindu gara artikulu-sorta luze honetan. Ezer baino lehen, Euskal Herriko kostaldearen balio ekologikoa, geologikoa eta paisajistikoa oso handia dela garbi geratu delakoan gaude. Gure itsasbazterreko ekosistemek biodibertsitate handia eta berezko ezaugarri asko dutela ikusi dugu, besteak beste. Alabaina, gizakiaren eskuhartzea gero eta handiagoa da eta planeta osoan gertatzen ari den fenomenoaren ondorioak gure inguruan ere nozitzen hasiak gara: giza populazioaren tasa gero eta handiagoa da eta ondorioz, degradazioa, poluzioa eta espekulazioa ere areagotzen ari dira. Azken boladako dinamika aldatzen ez bada beraz, gure kostaldeko aberastasuna galtzeko zorian egon gintezke.

Beranduegi izan baino lehen, kostaldearen kontserbazioa bultzatuko duen plangintza orokorra jarri beharko da martxan. Plangintza hori hiru ardatz nagusitan eratu beharko litzatekeela uste dugu: naturguneen eta espezieen inbentario zehatza egin beharko da eta horiek berreskuratzeko behar diren premiazko neurri politiko eta administratiboak abiarazi; arazo orokorrei aurre egiteko, administrazio eta erakunde desberdinen lana koordinatzea ezinbestekoa da eta azkenik, arazoaren larritasunaz sentsibilizatu beharko genuke gu guztiok.

Erlojuaren kontrako lasterketa hasi da honez gero. Egoera ikusita, oso denbora gutxi dugu gure ingurua lehengoratzen saiatzeko. Bi aukera nagusi baino ez dago: hormigoizko kostaldea edo kostalde bizia. Eta guztiok hartu behar dugu erabakia, baita zeuk ere.

Itsaslabarretako babes-figurak eta beren erabilpena Euskal Herrian

NAZIOARTEKOAK

Ogoño lurmuturra
M. Estonba

Biosfera-erreserbak
(UNESCO erakundearen Gizakia eta Biosfera egitasmoa) Gernika-Mundakako itsasadarra Biosfera-erreserba da eta, Izaro irla eta Ogoño lurmuturra ere hor sartzen dira.

Europako batasunaren CORINE Programak
BIOTOPO proiektuaren inbentarioan ondokoak ageri dira:

  • Barrika-Matxitxako lurmuturrerainoko labarrak.
  • Gernika-Mundakako itsasadarra, Ogoño lurmuturra barne.

ESTATU-MAILAKOAK

Miarritzeko itsaslabarra
M. Estonba

Kosta-legeak
Espainiako eta Frantziako kosta-legeen arabera, Lapurdiko, Gipuzkoako eta Bizkaiko itsaslabar guztiak itsaso lehorreko jabetza publikoan daude.

Conservatoire de l´espace littoral et des rivages lacustres
Frantziako erakunde publiko hau kostaldeko eta hezegunetako ekosistemen iraupenaz arduratzen da. Kontserbazioa eta berreskurapena bultzatzeko asmoz, ekosistemarik aberatsenak erosi egiten ditu. Babes-eredu horren menpe daude Abadia eta Exanzabal inguruak.

Site clasee
Frantziako babes-eredu honen bidez, balio historiko, natural edo paisajistiko handia duten inguruak izendatzen dira, baina horrek ez du inolako babes praktikorik ekartzen. Era horretakoak dira Abadiako Loia badia, Urruñako Corniche basque eta Donibane-Lohizuneko Pointe de Sainte Barbre.

AUTONOMIKOAK

Gaztelugatxe
M. Estonba

Euskal Autonomia Elkarteko garrantzizko barrendegi eta ingurune naturalen katalogoa
Ondoko itsaslabarrak daude katalogo horretan:

  • Zierbanako ingurua
  • Galea-Barrikako itsaslabarrak
  • Gorlizetik Armintza bitarteko ingurunea
  • Armintzatik Bakiorako ingurunea
  • Gaztelugatxe-Matxitxako ingurunea
  • Mundakako itsasadarreko artadiak
  • Izaro irla
  • Ogoño lurmuturra
  • Otoio mendia eta itsaslabarrak
  • Mendexa-Berriatua itsaslabarrak
  • Saturrarandik Mutrikurainoko itsaslabarrak
  • Endata-Zumaia kosta-zatia
  • Getariako San Anton irla
  • Mendizorrotz mendiaren errekak
  • Uliako itsaslabarrak
  • Jaizkibel mendia
Pasaia
M. Estonba

Lurralde antolaketarako zuzenbideen proiektua (LAZ-DOT)
Proiektu horren babes-figura desberdinetan azaltzen diren itsasadarrak ondokoak dira:

  • Kontserbazio aktiboa:
    Ogoño lurmuturra
  • Babes hertsia:
    Galea-Barrika kosta-zatia, Astondopunte-Armintza, Armintza-Bakio,
    Gaztelugatxe-Matxitxako,
    Mutriku-Saturraran,
    Endata-Zumaia kosta-zatia, Pasaiako Arandomendi
    eta Jaizkibel mendia Mitxixolatik Areotegiraino.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia