“Euskal Herrian animalia-irudi gehien dituen kobazuloa da Atxurra”
2016/05/26 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Zorionak aurkikuntzarengatik. Aurkintza aparta dela adierazi duzue, grabatuen ugaritasunarengatik eta beste arrazoi batzuengatik. Zuk zer nabarmenduko zenuke?
Niretzat, Atxurrak duen berezitasun handiena da garbi dagoela ezkutuan gorde nahi zituztela marrazki haiek. Dauden lekura iristea ez da batere erraza: putzuak igaro behar dira, lurrean arrastaka ibili, eta, gero, goian daude, zorutik lau metrora, eta erlaitz estu baten gainean. Guk geuk ere kontu handiz ibili behar izan dugu, ez erortzeko, eta azterketekin jarraitzeko aldamioak jarri beharko ditugu eta segurtasun-neurriak hartu, bestela, min hartzeko arrisku handia izango dugu. Hortaz, ez dago inolako zalantzarik leku ezkutuan eta gordean egin nahi izan zituztela grabatuak, eta hori, jakina, ez da besterik gabe egiten; arrazoiren bat egon behar du, bizia arriskuan jartzeko prest baitzeuden.
Hori ez da gertatzen beste kobazuloetan?
Bai, gertatzen da, adibidez, Santimamiñen bertan. Orain moldatuta dago, bisitariak eroso ibili daitezen, baina grabatuak egin zituztenentzat eta lehen esploratzaile eta ikertzaileentzat ez zen erraza leku batzuetara iristea. Zuberoako Etxeberri kobazuloan, 2007-2010 urteetan ibili ginen ikertzen, eta han ere oso zaila zen marrazkiak zituen sektorera iristea. Atxurran, ordea, are zailagoa da. Hemen muturreko paleoespeleologia egin zuten [barrez azaldu du horrela deitzen zaiola, paleoespeleologia].
Gainera, bidean badaude grabatuak egiteko horma ederrak, eta haiek garbi-garbi daude; nahita bilatu zituzten leku gordeenak eta zailenak. Hor daudela jakinda ere, behetik ez dira ikusten; ozta-ozta ikusten dira argazkietako bi zaldiak. Gainerako guztia, eta 14 sektore dira, ikusezina da.
Eta oraindik ez dugu guztia ikusi. 70 animalia inguru zenbatu ditugu, baina askoz gehiago daude, batzuk besteen gainean daudelako, eta denak bereizi arte ezingo dugulako zehatz jakin zenbat diren. Horrez gain, oraindik ez ditugu begiratu leku guztiak: espeleologoetako bat ni izan ez naizen bi erlaitzetara igo da, eta badirudi han ere badaudela grabatuak, eta kobazuloaren barrualdera 200-300 metro eginda, estugune baten ondoren, beste barrunbe bat dago, eta han ere egongo dira grabatuak, ia ziur.
Euskal Herrian animalia-irudi gehien dituen kobazuloa dela esan daiteke.
Nolakoak dira irudiak?
Madeleine aldiko irudien ezaugarriak dituzte. Grabatuak dira, eta batzuk beltzez marraztuta daude: gorputzaren forma, zurda, isatsa, begiak... Dauden espezieak ere, Altxerrin direnen berberak; batez ere, bisonteak, zaldiak eta ahuntzak.
Alde horretatik, Altxerrirekin parekatuko nuke, baina badaude berezitasun batzuk, beste inon agertu ez direnak. Bereziki, jaurtigailuz jositako bisontea. Oso deigarria da, orain arte ikusi diren antzeko grabatuetan ere berdin marraztu dutelako jaurtigailua, gezi baten muturraren antzera. Baina hau guztiz josita dago; 20 jaurtigailu inguru ditu. Besteek askoz ere gutxiago izaten dituzte; adituek interpretatu izan dute ehiza ona izateko eskaera edo izango zela. Bisonte honek hainbeste jaurtigailu izateak beste zerbait adierazten digu, baina ez dakigu zer.
Garbi dago, hori bai, ez zituztela marrazten bizilekua apaintzeko. Bestela, ez zituzten ezkutatuko, eta ez zituzten egingo bata bestearen gainean. Izan ere, deigarria da nola dauden leku batzuetan, bata bestearen gainean eta denak nahasian. Hankak, adarrak, bizkarrak, buruak... ikusten dira, nahas-mahasean, eta zaila da bereizten animalia bakanak eta jakitea zenbat dauden zehaztasunez. Hori egiteko, denbora asko beharko dugu.
Oraindik asko duzue ikertzeko, beraz.
Bai, bai! Lan pila bat dugu egiteko, baina lan polita: kalkoak egin, aztertu... Esan bezala, aldamioa jarriko dugu, eta horri esker hobeto ikusiko ditugu eta aztertzeko aukera izango dugu. Egin kontu: orain ezin izan dugu ezta argazkiak atera ere, ezin ginelako nahikoa urrutiratu. Adibidez, bi metroko bisonte bat badago, baina ez da argazkitan ateratzen, ezin ginelako atzerago joan, erlaitza oso estua baita.
Grabatuak ez ezik, material arkeologikoa ere badugu. Juxtu zaldien azpian, ikatza eta suharrizko xafla bat daude. Ikatza margotzeko erabili zuten, eta guri C-14aren proba egiteko balioko digu. Eta xaflan, berriz, erabilera-aztarnak bilatuko ditugu, zertarako erabili zuten jakiteko. Alde horretatik, tresnak oso baliagarriak zaizkigu, grabatuak nola egin zituzten ulertzeko, eta testuinguruan jartzeko.
Hain zuzen, testuingurua oso garrantzitsua da. Atxurran dauden marrazki guztiak Madelein aldikoak dira (duela 14.000 urte ingurukoak), eta Pirinioetan oso ohikoa da hori; hau da, kobazuloan aldi bakarreko margoak egotea. Aldi horretakoak izaten dira, gainera. Isturitzen badaude Gravetiar aldiko batzuk ere, baina, bestela, Euskal Herrian eta Pirinioetan, Madelein aldikoak dira. Aldiz, Kantabrian, normalena da aldi desberdinetako marrazkiak azaltzea kobazulo berean. Tito Bustillon, adibidez, bost fasetako marrazkiak daude, eta Altamiran ere garai desberdinetan egindakoak elkartzen dira. Beraz, alde horretatik ere, Euskal Herrikoak eta Pirinioetakoak bereziak dira, eta ez dakigu zergatik.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia