Europako ozeanoen bila
2000/12/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Jupiterren Europa sateliteak bere azal izoztuaren azpian ur gaziz osaturiko ozeanoak gorde ditzake, NASAko ikertzaileen arabera. Galileo zundak lorturiko datuak aztertu ondoren, ikertzaile-talde batek ozeano horien existentzia frogatuko lukeen teoria azaldu du. Galileo zundaren magnetometroaren bidez Europaren eremu magnetikoa aztertu du NASAk, eta lortutako emaitzen arabera, satelitearen azalean ur likidozko geruza dagoela dirudi. Ur likidozko geruza hori izotzezko geruza ezagunaren azpian egongo litzateke. Likidoa izanik, eroalea izango litzateke eta, beraz, satelitearen eremu magnetikoan eragina izango luke; horrela Galileoren magnetometroak aurkitu duen efektua sortuko luke. Jupiterren satelite horretan ur likidoa dagoela frogatzen bada, gure Lurretik kanpo bizitza aurkitzeko aukera suposatuko luke, zientziaren arabera bizitza existitzeko ur likidoa beharrezkoa baita. Eguzki-sistema guztian ez dago ur likidoa aurki daitekeen beste tokirik.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia