Europak atea ireki die transgenikoei
2003/07/03 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia
Hain zuen ere, hori lortu nahian ari ziren aspalditik AEBak. Europako merkatuan ingeniaritza genetikoa erabiliz eraldatutako elikagaiak saltzeko debekurik ez egon arren, produktu horiei zuhurtziaren printzipioan oinarritutako luzamendua ezarri zaie orain arte . Horren ondorioz, azken urteotan ez da genetikoki eraldatutako produktuak merkaturatzeko baimenik eman.
Azkenaldian, Espainia, Britainia Handia, Irlanda, Finlandia eta Herbehereak luzamendua ezabatzearen alde azaldu dira, baina Frantziak, Belgikak, Danimarkak eta Luxenburgok bere horretan jarraitzea nahi zuten. Orain onartutako dokumentuak , ordea, denen nahiak asetzen dituela dirudi, AEBena izan ezik. Izan ere, arau horiek zorrotzegiak direla iruditzen zaie.
Egia da genetikoki eraldatutako janarien eta pentsuen legeria munduko zorrotzena dela, bai etiketatuari bai trazabilitateari dagokienez, baina, Parlamentuaren iritziz, kontsumitzaileak aukeratzeko eskubidea izatea da horren helburua. Horretarako, genetikoki eraldatutako osagaiak erabili direla azaldu behar du gizakiak eta animaliak elikatzeko merkaturatzen diren produktuen etiketetan. Istripuz janari batean genetikoki eraldatutako gai bat azaltzen bada, berriz, % 0,9ko edukia onartu dute. Hortik gora, etiketan jarri beharko dute.
Transgenikoak pil-pilean
% 0,9ko mugak eztabaida sortu zuen. Nonbait, parlamentari batzuek muga hori % 0,5ean jarri nahi zuten. Azkenean % 0,9a onartu zuten, baina denborarekin jaits daitekeela ere esan zuten.
Gainera, batzuen ustez, askoz ere errazagoa zen genetikoi eraldatutako produkturik ez duten elikagaiek eta pentsuek etiketan "genetikoki eraldatu gabe" jartzea. Errazagoa, merkeagoa eta argiagoa. Gehiengoak, ordea, bestea aukeratu zuen.
Bada eztabaidatzeko moduko beste alderdi bat ere: azken kontsumitzailearengana iristen den produktuari bakarrik eragiten dio araudiak. Adibidez, elikagai transgenikoekin hazitako ganaduaren haragiaren etiketan ez da ezer azalduko, ezta elikadurarako erabiltzen ez diren produktuetan ere, genetikoki eraldatutako kotoiaz egindako arropan, kasu.
Nolanahi ere, onartutako araudian ez dira osasunerako eta ingurumenerako segurtasun-neurriak aipatu. Lehen bezala, genetikoki eraldatutako produktuak merkaturatzeko onartuak izateko, banan-banan aztertuko dira eta osasunean eta ingurumenean inolako kalterik ez dutela eragiten frogatu beharko dute.
Dagoeneko, genetikoki eraldatutako hogei bat produktu daude Europako merkatuan, luzamendua hasi aurretik baimendutakoak. Orain, araudi berrira egokitu beharko dira, eta beste hogei produktu daude baimentzeko zain.
Orain arteko araudiaren arabera, etiketan azaltzeko, genetikoki eraldatutako osagaiak janariaren % 1 izan behar zuen gutxienez. Gainera, hainbat produktuk ihes egiten zioten legeari, adibidez, ekilore transgenikotik ateratako olioak edo olio horrekin egindako gailetek. Halaber, pentsuek ez zuten transgenikoak zirela azaldu beharrik.
Bestalde, ekologistak gehien kezkatzen dituen alderdietako bat kutsaduraren arriskua da, genetikoki eraldatutako laboreen eta gainerakoen artean informazio genetikoa trukatzeko arriskua, alegia. Horri dagokionez, Parlamentuak estatu bakoitzaren esku utzi du hori saihesteko ardura eta araudia.
Azkenean, agian atea guztiz ez, baina Europako merkatuan leihoak behintzat zabaldu zaizkie genetikoki eraldatutako elikagaiei.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia