Europa ere ilargira begira
2000/01/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Azaroaren 11n Europako Espazio Agentziako (ESA) Zientzia Programako Batzordeak Smart-1 misioari azken oniritzia eman zion. Misioaren helburua Ilargiak eta Lurrak osatzen duten sistemaren jatorria aztertzea eta Ilargiko zoruaren higaduraren erantzule diren prozesu dinamiko eta termalak ikertzea da. Jaurtiketa 2002. urtearen amaieran izango da eta Ariane-5 jaurtigailua erabiliko da horretarako. Smart-1 espazio-ontzia propultsio elektriko (Europak lehenengoz erabiliko du propultsio elektrikoa halako misio batean) bidez higituko da eta 17 hilabeteko bidaia egingo du Ilargira iristeko; ondoren 6 hilabetetan egongo da Ilargiaren inguruan biraka.
Ontziak X izpietako espektrometroa erabiliko du Ilargiaren konposizioa aztertzeko. X izpiek zoruko arroken atomoak kitzikatuko dituzte eta atomoek igortzen dituzten uhinak jasoko ditu espektrometroak; informazio hori Ilargiaren konposizioa ezagutu ahal izateko erabiliko da. Smart-1 ontziak 350 kg-ko pisua du eta 100 milioi $ balio du.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia