}

Euli asimetrikoa

2003/11/21 Elhuyar Zientzia

Erebomyia exalloptera du izena eta Arizonako hegoaldean aurkitu dute, AEBetan. Animalietan asimetria oso ohikoa ez den arren, hego bat bestea baino txikiagoa du; zehatz esateko, ezkerreko hegoaren azalera % 6 handiagoa da.

Kanpotik begiratuta, hegoak neurri berekoak ez izatea arazo bat dela dirudi, hegan egiteko orduan, batez ere. Baina entomologoek azalpen bat eman behar eta zera erabaki dute: euli emeak erakargarri deritzola arrak zorigaiztoko egoera horretan bizirauteko duen gaitasunari. Izan ere, arrak ez du hegan egiteko zailtasunik agertzen, eta emeak gaitasun hori baloratzen du, antza.

Ikerketarekin aurrera egiteko asmoa agertu dute. Susmoa daukate ez ote den arrak hegoak astintzean sortzen duen soinua emea erakartzen duena. Izan ere, emea gorteiatzeko atzetik jarraitzen dio arrak eta neurri desberdineko hegoei esker sortzen duen bi frekuentziako soinuak emea liluratzen omen du.

Hego-tamaina desberdineko tximeleta- eta euli-espezieak ezagutzen ziren lehen ere, baina hainbesteko diferentzia zuenik ez, orain arte ez behintzat.

Argazkia: Runyon eta Hurley / Royal Society of London.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia