Espazioaren ikerketa ez da jasangarria
2022/03/24 Agirre Ruiz de Arkaute, Aitziber - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Espazioaren ikerketarako instalazioek urtero 1,2 milioi tona CO2 igortzen dituztela kalkulatu dute Frantziako Tolosako Unibertsitateko ikertzaileek. CO2-aren herena, gutxienez, misio espazialei dagokie. Eta James Webb teleskopioak 300.000 tona CO2 igorriko dituela aurreikusi dute.
Emaitzak ikusita, ondorioztatu dute espazioaren ikerketa ez dela jasangarria gaur egun egiten den moduan. Ikertzaileen arabera, eztabaida politiko bat da nola gauzatuko den Parisko akordioa eta, ondorioz, nola murriztu behar den herrialdez herrialde CO2-aren igorpena; planetako gizaki guztion artean modu berean banatu behar ote den murrizketaren tasa edo herrialde batzuek tasa handiagoa hartu beharko ote luketen beren gain. Baina, baita guztion artean berdin banatuko balitz ere, une honetan, astronomo bakoitzak 20 aldiz murriztu beharko luke bere jardunaz eragiten duen CO2-igorpena. Bestela, are gehiago murriztu beharko luke.
Trantsizio Ekologikorako Frantziako Agentziak garatutako metodologia erabili dute kalkulua egiteko. Orain arte, astronomiaren karbono-aztarna kalkulatu nahi izan denean, ikertzaileak biltzar akademikoetara joateko egiten dituzten bidaien eragina eta superkonputagailuen eragina aztertu izan dira, baina kanpoan geratzen zen instalazioena. Oraingoan, ordea, 50 misio espazialen eta 40 teleskopioren instalazioak kontuan hartu dituzte. Haien jardunean igortzen duten CO2-az gain, bizitza-ziklo osoa hartu dute kontuan, gainera. Nature Astronomy aldizkarian argitaratu dituzte emaitzak.
Konfidentzialtasunaren zulo beltza
Hainbat erakundek zalantzan jarri dituzte datuak, metodologia nahikoa fina ez dela argudiatuz. Baina ikertzaileek argitu dute ikerketa espazialen sektorea esparru bereziki zaila dela, konfidentzialtasun-eskakizun hain handiak izanik, zailtasun handiak azaltzen baitira karbono-aztarna kalkulatu nahi den bakoitzean. Datu publikoen eskasia benetan larria dela salatu dute, eta metodologia findu behar dela onartuta ere, datuak lehenengo estimazio modura balekoak direla azpimarratu dute, aintzat hartzeko modukoak.
Zientzia, poliki eta sendo
Zientzialariek adierazi dute aldatu egin behar dela ikerketa espaziala egiteko modua, eta jasangarri izateko hartu beharreko neurriak aztertu dituzte, kontuan hartuta orain egiten den edozein azpiegiturak hamarkadetako jasangarritasuna baldintzatuko duela. Hasteko, gaitzetsi egin dute gaur egun azpiegitura berriak egiteko dagoen erritmoa, eta zalantzan jarri dute CO2-aurrekonturik ba ote dagoen azpiegitura gehiago egiteko.
Bestetik, Slow Science mugimendua ikerketa astronomikoetan txertatzera deitu dute: etengabe datu berri gehiago bilatu beharrean, dagoeneko badiren datuen ustiapen integralagoa egin beharko litzatekeela adierazi dute; zientziari denbora gehiago eman behar zaiola uste dute, ikerketa zientifikoa lasaitasunez eta modu sakonagoan egiteko denbora izan dezaten ikertzaileek; bestetik, ikerketak azkar argitaratzeko presioa txikitu behar dela adierazi dute; eta lehendik martxan dauden azpiegiturak jasangarritasunerantz moldatzeko diru gehiago inbertitu behar dela.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia